Saio benetan interesgarria izan zen Nazionalismo Masterrak antolatutakoa. Gorka Espiau eta Joseba Kamio izan ziren hizlari eta Nation Branding kontzeptuaren inguruan ibili ziren. Kontzeptu erakargarria marketinaren, publizitatearen, audientzien eta dena delakoaren ikuspuntutik.
Kamio hasi zen izotzaldia urtzen, modernitatearen frakasoaren inguruan mintzatuz. Honek zioen lez, eskaintza berriak ikusten ditugu, bere nortasunetik ateratzen direnak. Niraultza kontzeptua ere aipatu zuen, nortasunaren iraultza. Eta marka hitza esan orduko, hauxe esan zuen “markak buruan posizionatzen dira, ez merkatuan”.
Xede taldeari esan behar zaiola nor zaren, zer egiten duzun eta zergatik den garrantzitsua eskaintzen duzun hori. Hau nabarmendu zuen Kamiok, izan ere produktua saldu nahi duen horrek ez du nahi izaten bere hainbat ‘potentzial’ bezeroari aipatu barik utzi. Eta eginbeharreko kontua da, nahi edo ez nahi, indargune bat aukeratu behar da eta besteei uko egin. Honetaz gain, nazio batek arrakasta izateko jarrera bat izan behar duela azaldu zuen. Eta jarrera horrek ezberdina izan behar duela, esanguratsua, benetakoa, diskriminantea, sendoa, argia… hau guztia behar du izan arrakasta lortu nahi badu.
Espiau gero, berrikuntza sozialaren inguruan mintzatu zen, bolo-bolo dabilen errealitate bat. Honetan lanean dabiltzan hainbat proposamen aurkeztu zituen eta Euskal Herriaren kasuaren berezitasunaz ere hitz egin zuen. Laburbilduz, berrikuntza soziala eskaera sozial larriei modu berritzailean erantzuteko gaitasuna ematen duten praktika, produktu eta zerbitzu berrien multzoa litzateke. Mundu guztian zehar aurkitzen diren kasu bereziak erakutsi zituen, errealitate berriak mahai gainean jarriz.
Postarekin amaitzeko hitzaldiaren osteko tertulian atera zen ideia bat airean utziko dut. Orekarik ez duen herrialde nahiz pertsona batek beti egingo ditu ahalegin gehiago aurkitzen den egoera horretatik ateratzeko. Egoera eroso batean bizi den bat ordea, bere horretara ohituko da, erosotasunera. Euskal Herriak zapalkuntza bortitz bati buelta ematea lortu zuen eta geuri tokatu zaigu loraldi horretaz gozatzea. Baina loraldiak ez dira eternoak, loreak usteldu ere egiten dira. Egoera hobeago batera iritsi izanak ez du zertan esan nahi hortxe amaitu direnik ahaleginak. Gainera loraldi batean gaudenik ezin du inork esan, bestela komentatu dezala hemen azpian. Ziurgabetasunean bizitzeak izan beharko ditu bere abantailak.
Erabateko ziurgabetasunetik abiatuta Gorka Espiauren aholkuekin neure aportazioa eskaintzera noa, ziur nago, irudiz eta euskaraz. Info+ gaurko Ahuntzaren Eguerdiko Doministikuan.