Imanol Rayok eta Koldo Almandozek esan zutena

almandozRayo

Atzo euskal zinemari dedikatutako eguna izan zen EHUko  Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean, zart kulturaren ekimenez. Goizez, film emanaldia izan genuen (Bi Anai aurrena, eta Almandozen hainbat film labur gero) eta arratsaldean eztabaida eta hausnarketarako abagunea izan zen.

Berria egunkariak  horrela kontatu du atzo hitz egin zena:

Industriarik ez duela, areto handietan estreinaldirik ezin duela egin, eta urtez urte ikusleak ere urrituz doazela: euskal zinemagintza putzu bat dela. Hori da, finean, Koldo Almandoz zinemagilearen iritzia (Donostia, 1973). Kritiko mintzo da, baina ez da negarrez ari. Kontrara. «Euskarazko zinemak daukan abantailarik handienetariko bat da beti putzuan egon dela. Lehen putzuan zegoen. Orain putzuan dago, eta epe ertainean ez da putzutik aterako. Egin behar dena da busti, eta zapaburuen modura ibili». Merkatuaz libre. Nork bere obsesioei adi. Sortzaile. Zinemara itzuli du Ramon Saizarbitoriak literaturaz egindako gogoeta. «Gauzak egin behar dira. Eta egin behar dira gustuagatik. Zinema borroka bat da».

Iñigo Astizek sinatzen duen berri osoa irakur daiteke hemen.

Imanol Rayo eta Koldo Almandoz Euskal Herriko Unibertsitatean

Datorren astelehena, euskal zinemari dedikatutako eguna izango da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Koldo Almandoz eta Imanol Rayo gurera etorriko dira beren azken lanak aurkeztera, eta beraiekin solasaldi batean parte hartzeko aukera ere egongo da, Iñaki Lazkano irakaslearen laguntzaz.

rayo almandoz

Hona hemen jardunaldiaren egitarau osoa:

10:00-10:05.- Aurkezpena
10:05-10:20.- Imanol Rayoren aurkezpena
10:20-12:15.- Bi anai fimaren proiekzioa
12:15-12:30.- Atsedenaldia
12:30-12:45.- Koldo Almandozen aurkezpena
12:45-13:30- Koldo Almandozen film laburren proiekzioa
13:30-15:30.- Bazkalordua
15:30- 17:30.- Koldo Almandoz eta Imanol Rayoren solasaldia
Informazaio gehiago Zart Kulturan.

Euskal letrak pantailan

ehun_metro

Euskal literatur lanetan oinarritutako filmei buruzko artikulu bat idatzi behar nuela esan nion lagun bati eta honek “hori azkar batean amaituko duzu, ezta?” umoretsu batekin erantzun zidan. Baina segituan memoriari astindu bat eman, eta zerrenda nahiko luzea zela konturatu ginen. Ea errepaso osoa egiteko adina espazio daukadan.

1985. urtera egin behar dugu atzera lehenik eta behin: urte horretan EITBk bere gain hartu zuen garaiko hiru euskal nobela pantailara eramateko ardura. Anjel Lertxundik berak burutu zuen Hamaseigarrenean Aidanez (1983) bere nobelaren adaptazio

zinematografikoa. Ramón Saizarbitoriaren Ehun Metro (1976) eleberri laburra iruditan jartzeko, berriz, Alfonso Ungría kokatu zen kamera atzean. Eta Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox (1979) intimoaren bertsio zinematografikoa Xabier Elorriagak sinatuta dator.

zergatik_elorriaga

Hamarkada hartako beste liburu inportante batek, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988), gehixeago itxaron beharko zuen zine-aretoetara ailegatzeko. Montxo Armendariz zuzendari nafarrak egingo du ahalegina 2004. urtean, eta gazteleraz, bere bertsioari Obaba izena jarriz. Euskal letretako beste lan saritu batek, Unai Elorriagaren SPrako Tranbia (2001) nobelak, antzeko patua izango du: gazteleraz egindako adaptazioa, kasu honetan izenburu berri batekin, Un poco de chocolate (Aitzol Aramaio, 2008). Iñaki Zabaletaren 110. Streeteko Geltokia ere, aldaketa askorekin, gazteleraz heldu zen pantailara, Menos que cero (Ernesto Tellería, 1996) izenburu berriarekin.

chocolate

Azken urte hauetan, euskarazko zineak loratze txiki bat bizi izan du, eta berriz jo da literaturarengan, zinerako iturri agortezina izaki. Egile kontsakratuak itzuli dira, esate baterako: hor daukagu Atxagaren beste nobela bat, Bi Anai (1985), pantailara helduz Imanol Rayo zuzendari gazteari esker (2011). Edota Anjel Lertxundiren Zorion perfektua (2002), Jabi Elortegik errodatuko zuena 2009an.

igartiburu-zorion-perfektua-300xxx80

Baina euskal letrek best-sellerrik eman badute, hori Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratutako Kutsidazu bidea, Ixabel da. Eta hau ere ikus-entzunezkora pasa da, jakina. Euskaltegietako eleberririk kutunena pantaila txikira –telezail gisa– zein handira –film luze gisa – eraman izan da, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondori esker, 2006an.

Eta pantaila txikia ere sartu dugunez errepaso honetan, aipa dezadan halaber Atxagaren Zeru horiek (1995) nobela, zeinek telefilmaren forma hartu zuen Aizpea Goenagaren ardurapean, 2005ean.

Zeru_horiek_2

Eta euskal literaturak pantailara salto gehiago egin behar dituela badakigu. Aurki, esate baterako, Karmele Jaioren Amaren eskuak (2006) eleberri arrakastatsua ailegatuko baita zine-aretoetara. Mireia Gabilondok hartu du berriz ere literatura zine bihurtzeko lana.

Edozein kasutan, euskal literaturaz gozatzeko, badakizu: irakurri edo ikusi, zure esku dago.

Katixa Agirrek Elkar aldizkarirako idatzia, 2013ko udaberriko alean.

“Documentaire et nation” jardunaldiak Parisen (Apirilaren 12an)

"Documentaire et nation" jardunaldiak Parisen (Apirilaren 12an)

Heldu den ostegunean, apirilaren 13an, “Documentaire et nation” jardunaldiak igaroko dira Paris III Nouvelle Sorbone unibertsitatean, Catalunyako, Galizako eta Euskal Herriko zinemagintza gaitzat hartuta.

Bertan, Margarita Ledo Andion zinegile galizarra, Isona Passola kataluniarra eta Josu Martinez izango dira hizlari.

Goizean, norbere esperientzian oinarritutako ponentzia bat aurkeztuko du bakoitzak, eta arratsaldean, bi mahainguru burutuko dira, hiru herrialdeetan “Dokumentala eta nazioak” telebistan eta zineman ze leku dute aztertzeko.

Ikertzen lagundu iezaguzu

Euskal zinemaren promozioaren ikerketa bat egiten ari gara eta oso garrantzitsua da guretzat Aupa Etxebeste filma ikusi baduzu ondorengo galderak erantzuteko tarte bat hartu dezazun. Erantzunak isilpeko informazioa izango dira eta soilik ikerketa honetarako erabiliko dira. Beraz, asko eskertuko genuke zuen parte hartzea. Inkesta betetzeak 10 minutu inguru eskatzen ditu.

aupa-etxebeste-4

INKESTA: http://www.encuestafacil.com/RespWeb/Cuestionarios.aspx?EID=1464795&MT=X#Inicio

Eskerrik asko