Euskal zinemaren banaketaz Iparraldean

Badira aste batzuk Zinegin festibala amaitu zela, baina bertan euskal zinema Iparraldean erakusteko zailtasunei buruz eztabaidatzeko aukera izan genuela eta, gertutik ezagututako ikuspegia ekarri nahi izan dugu hona.

Euskal zinemak badu ikusle potentziala Iparraldean, hori berretsi baitu Hazparneko festibalaren bigarren edizioak izandako harrera onak. Areago, ikusleak filmak ikusteko gosez, haien eskaera gero eta handiagoa da. Baina Frantziar estatuko pantaila ezberdinetan gure zinema hedatzeko hainbat oztopo daude gaur egun. Alde batetik, horretarako egiturarik ez dago (alegia, zirkuitu ofizialik), eta bestetik, Frantziak bere zinema babesteko duen sistemak kanpoan uzten du euskalduna. Ondorioz, emanaldi bakan batzuk eta modu oso sakabanatuan egiten dira bakarrik; eta horrek ez du ahalbidetzen filmak modu egokian ustiatzea (egileentzat, ekoizleentzat eta zinema aretoen jabeentzat), ezta Iparraldeko audientziaren nahia asetzea ere.

ZineginHaritz Barne aretoa (Hazparne) bete egin zen Gure Sor Lekua filmaren emanaldian, Zinegin festibalaren baitan

Frantziako zinema babesteko sistema eratua dago Ameriketako Estatu Batuetako filmen inbasio erraldoia ekiditeko. Etxeko zinema sustatzeko estatuaren fondoa Frantziako Kultur Ministerioaren menpe den Centre National de la Cinématographie  (CNC) egitura publikoak kudeatu eta banatzen du. Fondo horren helburua da Frantziako zinema ekoizpena eta ikus-entzunezko industria babestea, hala, finantziazio iturri nagusi bi ditu: telebista kateen ekarpena -zinema prime-time tartean programatzeagatik ezartzen zaien tasatik datorrena-, eta zinema sarrera bakoitzean filma erakusteagatik aplikatzen den tasatik batutakoa –Europar Batasunekoak ez diren filmen kasuan-. Horrek esan nahi du, AEBko filmen audientziaren bitartez Frantziako zinema sustatzeko fondoa elikatzen dela.  Beraz, norbere zinema autofinantzatzeko bide ere bada. Eta egia esateko, ondo legoke horrelako politika Euskal Herrian ere izatea gure ekoizpena babestu aldera. Baina Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak dioenez, errealitatean “AEBko ekoizpenek toki gehiena okupatzen dute Frantziako zinegeletan, eta ondotik datoz Frantziakoak, legislazioak ondo babesturik”. Beraz, toki gutxi dago gainontzeko ekoizpenentzat. Bestetik, pantailak ez dira sarbide irekiak; baimenak behar dira. CNCk ematen duen matrikula zenbaki bat, hain zuzen. Berez, ez da eskuraezina, baina tramitazioak luze jotzen du.

Horregatik, hainbat eragile bilkuraz bilkura ari dira Ipar Euskal Herriko zinemetan euskal zinemaren hedapenari konponbidea emateko. Gaia ez berria eta guztiak bat datoz: “zerbait egin behar da“, azaltze dute. Baina ez da erraza asmatzen. Jarraitutasuna bermatzeko, hori bai, modu egonkor batean beharko du izan. Orain arteko bilkurek Ipar eta Hego Euskal Herriko ekoizleak harremanetan jartzeko balio izan dute, bereziki. Horrez gainera, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Pirinio Atlantikoen Kontseilu Nagusia eta Ecla Akitania -Akitanian zinemaz arduratzen den erakundea- bezalako eragile publikoen partaidetza ere egon da. Guztiek borondate ona agertu badute ere, zailtasunak agerikoak dira: ardurak zehaztea, finantziazioa lortzea, egituraren izaera definitzea, egutegia antolatzea, etab. Koordinazio falta dago. Baina poliki-poliki helburuak fintzen ari dira.

Zentzu horretan, euskal zinema eta Iparraldeko audientzia “erreprimitua” kontaktuan jartzeko bide da Zinegin. Pauso garrantzitsua dudarik gabe. Horrez gainera, euskal zinemarendako Iparraldean merkatua badagoela agerian utzi du ekimenak. Orain zer? Nondik hasi?

 

Miren Manias

Promozioa ere ikergai…

2005etik atzeraka begiratzea nahiko zaila da euskarazko zinemari dagokionez. Aupa Etxebeste izan zen 12 urteko hutsunearen ondoren euskaraz egin zen lehenengo filma. Nolabaiteko oihartzuna lortu zuen 71.972 ikuslerekin, 341.504,88€-ko errekaudazioarekin eta jasotako sariekin. Mugarri bati sarrera eman zion, honen sorreratik aurrera euskal produkzioak erregularki ematen hasi baitziren. Hala ere, ikusle kopuruari erreparatuz gero, hauxe izan da orain arte arrakastatsuena. Ondoren egindako produkzioetan kontsumoak ez baitu gora egin.

Zinema proiektu batek komunikatzeko gaitasunak edukitzea ezinbestekoa da eta azken hamarkadako euskal zinearen komunikazioaren balantze bat egitea beharrezkoa da. Hau da, euskal zinea zein ezaugarrien arabera iritsi den jendearengana, zein izan diren hau promozionatzeko erabili diren baliabideak eta hauetariko bakoitzean bidali den mezua zer nolakoa izan den. Honen komunikaziora jo nahi da. Izan ere, esparru hau ez da akademikoki aztertu eta ikus-entzunezko sektore honen biziraupenerako beharrezkoa da promozio eta komunikazio prozesu eraginkor baten erreferentzia izatea.

Image

Aupa Etxebeste aztertuko dugu. Batetik, promozio prozesuan martxan jarritako baliabideen edukien analisia egingo da: filma aztertu, web orrialdea, zinemaldiak, festibalak, sare sozialak, zirkuitu komertzialetik kanpo egindakoak… Iturri hemerografikoak ere erabiliko dira. Bestetik, zenbait euskal produkzioen promozioa aurrera eraman duten arduradunei elkarrizketa sakonak egingo zaizkie, errealitatearen ezaguera sakon eta zehatzena lortu ahal izateko.

Euskarazko filmen promozio prozesua nolakoa izan den aztertu nahi da, marketin estrategietatik hasi eta diskurtso komunikatibora iritsi arte. Ikerketa honek daukan aspekturik interesgarriena, gizartean eta zehazkiago zine-industrian izan dezakeen inpaktua da. Hau da, euskal filmak promozionatzeko orduan zerk funtzionatu duen, zerk ez argitzen saiatuko da, etorkizunerako bideragarriak izango diren promozio prozesuak planteatuko direlarik.