‘Chez les basques’ zikloa, zinemagile atzerritarrak Ipar Euskal Herrian

Chez les Basques‘ zikloa antolatu du Kultur Basque-k (UPV/EHU), Euskal Herriarekin lotutako aintzinako zine-irudiei errepasoa egiteko.

PROGRAMA

Martxoak 2

Au Pays des Basques, Maurice Champreuxena (1930, 40 min)
Im Lande der Basken, Herbert Briegerena (1944, 12 min)
Around the world with Orson Welles, Pays Basque I (The Basque Countries) 26 min
Ondotik, Bernardo Atxagaren hitzaldia eta solasaldia

Martxoak 3

Huber Knappen bi film:
Le Curé basque de Greciette (26 minutu)
Croquis en Soule (26 minutu)
Ondotik Amets Arzallusen hitzaldia eta solasaldia

Martxoak 4

Otar Iosellianiren Euskadi été 1982 (55 min)
Ondotik, Oskar Alegriaren hitzaldia eta solasaldia

Edinburgotik bueltan: audientziaren gaineko gogoeta

Pasa den martxoaren 28-29 bitartean, blogean aurreratu genuen moduan, EIFAC 2014 Edinburgh International FilmAudience Conference mintegian parte hartzeko aukera izan genuen. Bi egunez zinemaren audientzia izan genuen hizpide; hain zuzen, gai hori ardatz hainbat herrialdetako esperientziak konpartitzeko espazio bilakatu zen Edinburgoko Filmhouse aretoa. Alegia, Turkia, Belgika, Alemania, Suitza, Portugal, Gales eta Eskoziatik bertatik etorritako ikerlari eta zinemaren sektoreko profesionalen bilgune.

 

Zinegin festibalaren kasu azterketa

Zinema audientziaren ikerketa xede izan duten kasu konkretuen bitartez, errealitate ezberdinak ezagutu eta partekatu genituen. Tartean, guk aurkeztutako Zinegin festibalari buruzkoa: Zinegin Basque film festival: a non-existent audience revealed. Zehazki, bere bigarren edizioan (2013ko abenduan) Hazparnera joandako ikusleen artean egindako ikerketa; euskal pelikulak Iparraldean erakusteko diren zailtasunei eta bertako publikoak gure pelikulak ikusteko aukera mugatuen berri eman ondotik, ikusle horien pertzepzio eta motibazioak azaleratuz.

Gure aurkezpenak interes handia piztu zuen bertaratutakoen artean. Euskal zinemaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, gure kultura eta hizkuntza babesteko Zinegin festibalaren garrantzia azpimarratu zuten gehienek. Horrez gainera, aurrera begira egin asmo ditugun ikerketetan kontuan hartzeko hainbat ideia ere eman zizkiguten. Zentzu horretan, plazer handia da besteekin esperientzia ezberdinak konpartitzea; elkarren arteko ezagutza aberasteko bide eta besteen esperientziatik ikasteko aukera polita delako.

Audientzia berria ikertzen

Audientziaren ikerketa esparruari dagokionean, Philippe Meers Antwerpen Unibertsitateko (Belgika) irakasleak azaldu zuenez, oraindik egiteko asko dago. Meersek dioenez, gai honen inguruan asko teorizatu bada ere, gutxi begiratu zaio lurralde bakoitzaren mugetatik kanpoko errealitateari. “Egia da metodologia ezberdinak praktikan jarri direla, baina perspektiba eurozentrista hutsetik”. Ez da ahaztu behar ikuslea testuinguru soziokultural zehatz bati dagokiola, eta ondorioz, horrek markatzen dituela haren espektatibak eta ideologia zinema kontsumitzerako orduan. Hala, elementu hori kontuan hartuz, ikerketa norberaren “erosotasun eremutik” kanpo ateratzeko eskaera egin zuen: “azterketa konparatiboak behar dira, hau da, kontinentearteko ikerkuntza”.

Alabaina, ikus-entzunezkoen kontsumoan berezko eta atzerritar digital ikuslearen arteko bereizketak audientzia kontzeptuaren gaineko eztabaida piztu du. Alegia, ez ote da egungo audientzia entzutera ohituak gauden definizio hori baino zerbait sakonagoa? Egungo ikuslea espektatibadun pertsona soil hori baino gehiago da. Orain arte ikuslea ziurtzat hartu ohi da, baina Martin Barker Aberyswyth (Gales) Unibertsitateko irakasle emerituak azaldu zuenez, audientzia zinemaren parte aktiboa izatera pasa da: pick (aukeratu), play (elkarri eragin), produce (eduki propioa sortu). Alegia, ikusle ekintzaren ikusezintasuna agerian geratuz.

Ikus-entzunezkoen bonbardaketa bizi dugun honetan, egungo filmek ikuslea bilatu eta harrapatu behar dute inoiz baino gehiago. Horri aurrea hartzerik badago askoz hobe. Horregatik, garbi dago zinemaren eragina neurtzen duten ikerketek hor egon behar dutela; komunitate txikietan geratzen den errealitateari arreta bereziki eskainiz (haien ekarpena balio handikoa baita giza ezagutza aberasteko bidean). Beharbada, dagoeneko audientzia proiektuaren sortze prozesuaren parte ez ote den galdetzerik ere badago. Horrek, ordea, azken emaitzan eragin zuzena izango luke. Eta galdera honakoa da orduan: mehatxu edota aukera baten aurrean gaude?

 

Miren Manias

Hil eta bizi: dolua zinemaren bitartez

Pasa den astean ‘Hil eta bizi: hor dolua’ izeneko tailerra jarri zen martxan, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Kulturbasque programazioaren barruan. Heriotza eta dolua zinemaren bitartez jorratzean oinarritzen da tailerra. Pasa den osteguna Monsieur Lazhar pelikularekin zabaldu zen ekitaldia. Hurrengo bi ostegunetan, euskal pelikulen txanda izango da.

Apirilak 3: Amaren eskuak (aurkezpena, Mireia Gabilondo):  Jatorrizko bertsioan euskaraz.

Apirilak 10: Aulki hutsak (aurkezpena, Iñaki Peña):  Jatorrizko bertsioan, euskaraz nagusiki, euskarazko azpidatziekin.

Image

Iñaki Peña medikuak Osakidetzako Zumarragako ospitalean lan egiten du eta etxerik etxe dabil, besteak beste, gaixo larriak dituztenekin eta euren senitartekoekin heriotza eta doluaren gaia jorratzen. UPV/EHUren diru-laguntzari esker eta hainbat kideren zabaltasunari esker Aulki hutsak izeneko ikusentzunezkoa landu du. Testigantzez beteriko dokumental honetan hunkigarriak diren sentimenduak azalerazten dituzte pertsonek hiltzeaz eta bizitzeaz. Prest egon dira euren hurbilekoen heriotza gertatu denean doluaren prozesua egiteko eta horrela bizitza beste zentzuaz ikusteko.

NON: Bilbon, Bizkaia Aretoan (UPV/EHUren Paraninfoan), arratsaldeko seietan, Martxoak 27, Apirilak 3, Apirilak 10.

Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi hona mesedez: bak.kulturbasque@ehu.es

 

Zinegin festibalari buruz Edinburgon

Datorren ostiralean, hilak 28, Miren Maniasek Zinegin Basque film festival: a non-existent audience revealed izeneko lana aurkeztuko du Edinburgoko International Film Audiences Conference delakoan. Ponentzia hau, blog hau osatzen dugunon artean taxutua, Iparraldeko audientziak euskal zinea ikusteko duen zailtasunaz aritzen da. Frantziako estatuak “bere” zinea babesteko  inposatzen dituen muga guztien gainetik, Hazparnen ospatzen den Zinegin festibalak aukera ederra eskaintzen du Iparraldeko audientzia eta euskal zinemaren arteko harremana gauzatu dadin. Zehazki, pasa den edizioan (2013ko abenduan) Hazparnen bildutako ikusleen artean egindako ikerketa baten berri emango du Miren Maniasek, ikusle hauen espektatibak eta motibazioak azaleratuz.

EIFAC_image.scaled

Konferentziaren programa osoa, hemen.

Zinegin festibalari buruz gehiago jakiteko, hemen klik.

zinegin

Bartzelonako euskal zinemaren jaialdia: Zinemaldia.cat

Hutsune bat bete nahian, Bartzelonako Euskal Etxeak euskal zinemaren jaialdia antolatu nahi du otsailaren 13tik 22ra bitartean. Eta horretarako, crowfunding kanpaina sortu dute TotSuma plataforma bidez. Helburua da duela zortzi urtetik antolatzen duten mostrak aurrerapauso bat eman dezan eta Bartzelonako zinema areto komertzialetara salto egitea; izan ere, hiriburuak ez du euskal zinema jaialdirik oraindik. Horrek, ordea, kostu handia du. Baina Bartzelonako Euskal Etxeak kataluniako ikusleei euskal zinema erakustearen aldeko apustua egin nahi du bere IX. edizioan.

znmldAurtengo edizioaren kartela Igotz Ziarretak egin du; Eusko Jaurlaritzak aurtengo Fitur azokara eramandako irudiaren egilea

Dagoeneko aurreratu dute karteldegiaren zati bat: ‘Asier ETA biok‘ (2014), ‘El método Arrieta‘ (2013) eta ‘Sin título, 200×133‘ (2013) dokumentalen proiekzioa. Sail ofizialeko lehiaketaz gain, eztabaida saioak, mintegiak eta aurkezpenak ere jasoko ditu zinemaldiak. Azkenik, euskal eta katalan sortzaileen arteko topagune ere izango da.

Euskal zinemaren banaketaz Iparraldean

Badira aste batzuk Zinegin festibala amaitu zela, baina bertan euskal zinema Iparraldean erakusteko zailtasunei buruz eztabaidatzeko aukera izan genuela eta, gertutik ezagututako ikuspegia ekarri nahi izan dugu hona.

Euskal zinemak badu ikusle potentziala Iparraldean, hori berretsi baitu Hazparneko festibalaren bigarren edizioak izandako harrera onak. Areago, ikusleak filmak ikusteko gosez, haien eskaera gero eta handiagoa da. Baina Frantziar estatuko pantaila ezberdinetan gure zinema hedatzeko hainbat oztopo daude gaur egun. Alde batetik, horretarako egiturarik ez dago (alegia, zirkuitu ofizialik), eta bestetik, Frantziak bere zinema babesteko duen sistemak kanpoan uzten du euskalduna. Ondorioz, emanaldi bakan batzuk eta modu oso sakabanatuan egiten dira bakarrik; eta horrek ez du ahalbidetzen filmak modu egokian ustiatzea (egileentzat, ekoizleentzat eta zinema aretoen jabeentzat), ezta Iparraldeko audientziaren nahia asetzea ere.

ZineginHaritz Barne aretoa (Hazparne) bete egin zen Gure Sor Lekua filmaren emanaldian, Zinegin festibalaren baitan

Frantziako zinema babesteko sistema eratua dago Ameriketako Estatu Batuetako filmen inbasio erraldoia ekiditeko. Etxeko zinema sustatzeko estatuaren fondoa Frantziako Kultur Ministerioaren menpe den Centre National de la Cinématographie  (CNC) egitura publikoak kudeatu eta banatzen du. Fondo horren helburua da Frantziako zinema ekoizpena eta ikus-entzunezko industria babestea, hala, finantziazio iturri nagusi bi ditu: telebista kateen ekarpena -zinema prime-time tartean programatzeagatik ezartzen zaien tasatik datorrena-, eta zinema sarrera bakoitzean filma erakusteagatik aplikatzen den tasatik batutakoa –Europar Batasunekoak ez diren filmen kasuan-. Horrek esan nahi du, AEBko filmen audientziaren bitartez Frantziako zinema sustatzeko fondoa elikatzen dela.  Beraz, norbere zinema autofinantzatzeko bide ere bada. Eta egia esateko, ondo legoke horrelako politika Euskal Herrian ere izatea gure ekoizpena babestu aldera. Baina Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak dioenez, errealitatean “AEBko ekoizpenek toki gehiena okupatzen dute Frantziako zinegeletan, eta ondotik datoz Frantziakoak, legislazioak ondo babesturik”. Beraz, toki gutxi dago gainontzeko ekoizpenentzat. Bestetik, pantailak ez dira sarbide irekiak; baimenak behar dira. CNCk ematen duen matrikula zenbaki bat, hain zuzen. Berez, ez da eskuraezina, baina tramitazioak luze jotzen du.

Horregatik, hainbat eragile bilkuraz bilkura ari dira Ipar Euskal Herriko zinemetan euskal zinemaren hedapenari konponbidea emateko. Gaia ez berria eta guztiak bat datoz: “zerbait egin behar da“, azaltze dute. Baina ez da erraza asmatzen. Jarraitutasuna bermatzeko, hori bai, modu egonkor batean beharko du izan. Orain arteko bilkurek Ipar eta Hego Euskal Herriko ekoizleak harremanetan jartzeko balio izan dute, bereziki. Horrez gainera, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Pirinio Atlantikoen Kontseilu Nagusia eta Ecla Akitania -Akitanian zinemaz arduratzen den erakundea- bezalako eragile publikoen partaidetza ere egon da. Guztiek borondate ona agertu badute ere, zailtasunak agerikoak dira: ardurak zehaztea, finantziazioa lortzea, egituraren izaera definitzea, egutegia antolatzea, etab. Koordinazio falta dago. Baina poliki-poliki helburuak fintzen ari dira.

Zentzu horretan, euskal zinema eta Iparraldeko audientzia “erreprimitua” kontaktuan jartzeko bide da Zinegin. Pauso garrantzitsua dudarik gabe. Horrez gainera, euskal zinemarendako Iparraldean merkatua badagoela agerian utzi du ekimenak. Orain zer? Nondik hasi?

 

Miren Manias

Imanol Rayok eta Koldo Almandozek esan zutena

almandozRayo

Atzo euskal zinemari dedikatutako eguna izan zen EHUko  Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean, zart kulturaren ekimenez. Goizez, film emanaldia izan genuen (Bi Anai aurrena, eta Almandozen hainbat film labur gero) eta arratsaldean eztabaida eta hausnarketarako abagunea izan zen.

Berria egunkariak  horrela kontatu du atzo hitz egin zena:

Industriarik ez duela, areto handietan estreinaldirik ezin duela egin, eta urtez urte ikusleak ere urrituz doazela: euskal zinemagintza putzu bat dela. Hori da, finean, Koldo Almandoz zinemagilearen iritzia (Donostia, 1973). Kritiko mintzo da, baina ez da negarrez ari. Kontrara. «Euskarazko zinemak daukan abantailarik handienetariko bat da beti putzuan egon dela. Lehen putzuan zegoen. Orain putzuan dago, eta epe ertainean ez da putzutik aterako. Egin behar dena da busti, eta zapaburuen modura ibili». Merkatuaz libre. Nork bere obsesioei adi. Sortzaile. Zinemara itzuli du Ramon Saizarbitoriak literaturaz egindako gogoeta. «Gauzak egin behar dira. Eta egin behar dira gustuagatik. Zinema borroka bat da».

Iñigo Astizek sinatzen duen berri osoa irakur daiteke hemen.

Imanol Rayo eta Koldo Almandoz Euskal Herriko Unibertsitatean

Datorren astelehena, euskal zinemari dedikatutako eguna izango da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Koldo Almandoz eta Imanol Rayo gurera etorriko dira beren azken lanak aurkeztera, eta beraiekin solasaldi batean parte hartzeko aukera ere egongo da, Iñaki Lazkano irakaslearen laguntzaz.

rayo almandoz

Hona hemen jardunaldiaren egitarau osoa:

10:00-10:05.- Aurkezpena
10:05-10:20.- Imanol Rayoren aurkezpena
10:20-12:15.- Bi anai fimaren proiekzioa
12:15-12:30.- Atsedenaldia
12:30-12:45.- Koldo Almandozen aurkezpena
12:45-13:30- Koldo Almandozen film laburren proiekzioa
13:30-15:30.- Bazkalordua
15:30- 17:30.- Koldo Almandoz eta Imanol Rayoren solasaldia
Informazaio gehiago Zart Kulturan.

“Euskal Herria Zineman” hitzaldia Baionan ostegunean. (Josu Martinez)

Josu Martinezen hitzaldia. Martxoak 28, osteguna, Baionako Euskal Museoan. 20:30etan.

1896ko agorrilaren 1ean Lumiere anaiek filma bat proiektatu zuten Biarritzen. Zinema Euskal Herrira iristen zen lehen aldia zen. Esan liteke, egun hartan, Euskal Herriak zinema deskubritu zuela.the-basque-countries

Baina noiz deskubritu zuen Zinemak Euskal Herria?

Nola ikusi gaitu Zinemak Euskaldunok? Eta guk? Nola irudikatu dugu euskaldunok gure herria pantailan?

120 urte hauetako filma ezberdinen zatiak erakutsiz, galdera horiei erantzuten saiatuko naiz. Atzerriko zuzendarien obrak (holliwoodeko estatubatuar, espainiako frankista, pariseko frantses, alemaniako nazi…) eta garai ezberdinetako Euskal Herritarrek egindakoak.

Azken buruan, nola har liteke iruditan ikusezina dena? Edo Marc Legassek esango zukeenez: Nola erakutsi esistitu ere egiten ez den herri bat?