Euskal kulturaren edukien aldeko apustu berriak ari dira agertzen poliki-poliki. Dakigunez, erabakigarriak direnak gure lurraldean lanpostu eta enpresa berriak sortzeko. Kasu honetan, Irusoin eta Barton Films ekoizpen-etxeek elkarlanean sortutako Onzinema.com plataformaz ari gara. Filmak Interneten online streaming bidez ikusteko sistema. Etxetik atera gabe, filmak bereizmen handiko kalitatez ikusi eta entzun ahal izateko sortutako plataforma. Erabilera erraza du: erabiltzaileak izena eman besterik ez du eta behin pauso hori bete duenean, ikusi nahi duen filma, dokumentala edo telesaila aukeratu beharko du. Azkenik, aukeratu duen produktuaz gozatzea baino ez zaio geratuko, dagoen lekuan dagoela.
Hiru jarduera nagusi ditu: euskarazko bikoizketa, postprodukzio zerbitzu integrala edozein formatu eta euskarri digitalean eta filmen ekoizpena. Hauxe da hiritarrentzat irekita egongo dena. Honetaz gain, plataforma honek beste hainbat eragileri zuzendutako zerbitzua eskaintzeko aukera ere badauka: besteak beste, ikus-entzunezkoen eduki-ekoizleei, era guztietako zinemaldiei eta hainbat erakunde publikori (filmategiak, Etxepare, Kimuak…). Martxan jartzeko beharrezkoa den finantzazioa lortzen dutenean abiatuko dute zerbitzu hau.
Eginkizunaren inguruko zehaztasun gehiago eskaintzen dituen Ikasbil aldizkari digitalean agertu den lez: Onzinema.com plataformaz gain, baditu Irusoinek beste hainbat proiektu martxan. Datorren urtean, esaterako, Loreak errepidean filma estreinatuko dute, eta etorkizun laburrean hiritarren parte-hartze zuzena izango duen proiektua dute buruan: “Munduan zabaldutako mugimendua da, sozialki interesa duten gaien inguruan herritarren artean ekoiztutako proiektu batzuk gauzatzea da asmoa”.