“Euskal Herria Zineman” hitzaldia Baionan ostegunean. (Josu Martinez)

Josu Martinezen hitzaldia. Martxoak 28, osteguna, Baionako Euskal Museoan. 20:30etan.

1896ko agorrilaren 1ean Lumiere anaiek filma bat proiektatu zuten Biarritzen. Zinema Euskal Herrira iristen zen lehen aldia zen. Esan liteke, egun hartan, Euskal Herriak zinema deskubritu zuela.the-basque-countries

Baina noiz deskubritu zuen Zinemak Euskal Herria?

Nola ikusi gaitu Zinemak Euskaldunok? Eta guk? Nola irudikatu dugu euskaldunok gure herria pantailan?

120 urte hauetako filma ezberdinen zatiak erakutsiz, galdera horiei erantzuten saiatuko naiz. Atzerriko zuzendarien obrak (holliwoodeko estatubatuar, espainiako frankista, pariseko frantses, alemaniako nazi…) eta garai ezberdinetako Euskal Herritarrek egindakoak.

Azken buruan, nola har liteke iruditan ikusezina dena? Edo Marc Legassek esango zukeenez: Nola erakutsi esistitu ere egiten ez den herri bat?

Film baten lehenengo izenburu euskalduna

Aurten, Nafarroan ospatzen den eta zine dokumentala eskaintzen duen Punto de Vista zinemaldian izan nintzen. Bertan Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita filma ikusten nuen bitartean ni ere Man Ray-taz liluraturik geratzea lortu zuen honek. Man Ray amerikarrak 1926an Emak bakhia izeneko film labur bat egin zuen, eta izenburu euskalduna jarri zion bere filmari. Man Rayk, artista surrealista eta dadaista, filmatzeko modu arruntetatik at sortzen zituen bere obrak eta horretan aitzindaria izan zen. Oscar Alegriak ederki asko azaltzen du haren “arauz kanpoko” joera hori, kamera airera nola botatzen zuen baita grabatzen zituen hainbat irudi haizeak bultzatutako kamara batek errodatutakoak izaten zirela ere.

Kontua da amerikar honek bere obrari izen euskalduna jarri ziola, Emak bakhia! Euskaldunok esaten dugun bezela, Emaiek bakea! Garai honetan oraindik euskarazko zinerik ez zegoen, hauxe izan zelarik euskarazko deitura izan zuen lehenengo filma. Oskar Alegriaren dokumentalak bilaketa baten istorioa kontatzen du, Man Ray-ren filman agertzen den Emak Bakia deituriko etxearen bilaketa. Alegriaren bilaketaren erreferente haizea eta zoria izango dira, besteak beste. Hortik hasiko du bilaketa eta bitartean amerikar zinegile honen kontuak azaltzeari ekingo dio.

Man Ray-k bere filma izendatzeko adierazpen hoberik ezin zuen aurkitu, horixe zen behar zuena. Emak bakia! filmatzeko zuen izaera bitxiarekin guztiz bat zetorrena, nik hauxe esaten irudikatzen dut: “Emaiek bakea! Nik nahi diaten bezala egingo dut zinema!”. Halaxe egin zuen behintzat, ezohiko teknikak erabiltzeagatik eta izenburu euskalduna jartzeagatik aitzindaria baitugu Man Ray. Betiko txantiloietik at egin zuen bere gustukoa, zinema.

Modu batera edo bestera, Man Rayk zinemaren bitartez bi kultura oso ezberdinek kolpe batekin lotzea lortu zuen. Bera, amerikarra, gu, euskaldunak. Baina filmaren bitartez sortzen duen kontakizuna ulertzeko gai bagara, bai gu eta baita amerikarrak ere. Zinemaren arteak kulturen arteko distantziak laburtzen laguntzen duenaren adibide argia dugu hauxe. Zinema beraz, ezinbestekoa erreminta bat da kultura baten biziraupenerako, eta azpimarratuz, gure kulturaren eta honen hizkuntzaren biziraupenerako. Zinemaren bitartez bertoko baloreak transmititzeko eta mantentzeko gai gara, beraz gurea den bezalako eremu txikian honi uko egiten badiogu, txikiarenak egin du.

Hau esanda, zinemak ez al luke gure kulturaren osagai ezinbesteko bat izan beharko? Ez al du honek babestua egotea merezi? Ez al genuke hau sustatu beharko? Bitarteko gutxirekin bizirautea lortu duen esparru honek indartu beharra dauka, euskarari oraindik eman ez zaion tokia eskaini ahal izateko.

Emak Bakia Baita filmean Ruper Ordorikak esaten dituen hitz gutxi batzuk uzten ditut post honekin amaitzeko:

Ruper

“…baina mundutik gauzak horrela daude, urtean zenbat hizkuntza galtzen diren ikustearekin nahikoa da.”

Euskarazko zinema industria

Zinemaren arteak badu garrantzia ekonomiko eta soziala. Batetik, pelikulek beren toki dutelako merkatuan -haren prezioak markatuta, errentagarritasuna, inbertsioa, etekina… bezalako kontzeptuei lotuta-, eta bestetik, ikus-entzunezkoaren balio artistikoa dela eta. Alegia, komunitatearen memoria trasnimistitzeko erreminta da zinema. Lurralde edo kolektibo baten balio, esangura eta identitate konkretuen garraiobide, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, lurralde barruko zinema babesteko mekanismo kultural eta ekonomikoak sortzea ezinbestekoa da. Zineman inbertitzeaz gain, ikus-entzunezko ondare eta garapen kulturalean eragitea baita erronka.
Azken zazpi urteotan euskal ikus-entzunezko sektorean ageria geratu da nortasun propioaz haratago, lokaltasunetik mundura zabaltzeko proiektuak ekoizteko nahia. 2005etik 2010era bitartean, gutxienez, urtero errodatu eta estreinatu da euskarazko film luze bat; lau edo bost film luze egin direneko urte onak ere izan dira tartean -2006, 2009 eta 2010, hain justu-. Ibilbide horretan, pelikulak egin ez ezik, istorioak kontatzeko nahia agertu dute euskal zinemagileek -80 egunean (2010) eta Izarren argia (2010), esaterako-. Oro har, maila altuagoko pelikulak ikusi ditugu azken urteotan. Bada, 80ko hamarkadatik euskal zinemak ez du horrelako egoera bat bizi izan; are gutxiago euskarazko ekoizpenak. Horregatik, azpimarratzeko fenomenoa da duda izpirik gabe.

Egungo egoerara iristea lortu da sorkuntza artistiko honi baliabide ekonomikoak eman zaizkiolako. Alegia, zinema industriaren balio kate osoaren gaineko gogoetaren ondotik, Espainiako Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat eragilek euskal zinema babestu eta sustatzeko apustu ekonomiko eta adostutako hainbat hitzarmenei esker: Euskal Ikus-entzunezko sektoreraren Liburu Zuria (2003), Kulturaren Euskal Plana (2004), Eusko Jaurlaritzak EAEn Ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko finantziazio Dekretua (2007), Espainiako Zinemaren Legea (2007) –Espainiako hizkuntza ofizialkidetan egindako lanetarako laguntza lerro berezia azpimarratuz-, eta azkenik, Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra (2010).

Euskarazko zinemak, ordea, kostata eutsiko dio 2000ko hamarkadan hasitako zidor berriari. Alde batetik, bizi dugun krisi ekonomikoaren ondorioz Jaurlaritzaren Gobernu berriak %10,1 jaitsi du Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntz Politikarendako aurrekontua –alegia, 266.254.000 eurotik 239.628.600 eurora-. Alegia, aurreko gobernuak baino are gehiago. Eta bestetik, digitalizazioaren eta Interneten etorrerak erabat aldatu ditu zinema kontsumitzeko joerak, zinemaren balio kate osoa hankaz gora ipiniz. Ildo horretan, euskarazko pelikulek ez dute errepikatu 2005ean ‘Aupa Etxebeste’ filmarekin lortutako datu ona: 72.000 ikusle. Areago, ikusle kopuruak beheranzko joera hartu du urtetik urtera –salbuepen batzuk kenduta: ‘80 egunean’ (2010) eta ‘Izarren arigia’ (2010). Horien artean, ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ (45.539 ikusle), ‘Eutsi!’ (26.463 ikusle) ‘Sukalde kontuak’ (4.996 ikusle), ‘Zorion perfektua’ (6.282 ikusle), ‘Zirgortzaileak’ (4.496 ikusle) eta ‘Bi anai’ (3.143 ikusle). Nola begiratu etorkizunari?

 

Miren Manias

Urola Kostako Hitzak Miriam Frances elkarrizketatu du

Euskal zinemagintzaren inguruan dagoen «hutsunea» betetzeko erreminta eraginkorra delakoan da azkoitiarra. «Akademikoki ez da asko landu azken urteetako euskal zinemagintza. Euskal zinemagintzaz asko teorizatu zen bere garaian, baina hamabi urteko hutsunea egon zen, ez zen euskarazko filmerik egin tarte horretan. Orain, abiadura pixkat hartu duenez, gaia aztertzeko modukoa dela iruditzen zaigu».

Miriam_Frances

Horrela mintzatzen da Miriam Frances Urola Kostako Hitzan, gaur argitaratu den gure blogari buruzko erreportajean. Elkarrizketa osoa hemen irakurgai.

Bertsoa eta Zinema (eta X). Azken urteak. (Josu Martinez)

Trantsizioko lehen urte emankorretan piztutako itxaropen asko, beste hainbat arlotan bezala, laster zapuztu ziren euskal zinemagintzan, eta urte gutxiren buruan lehorte handia iritsi zen. Hala, kontua ez da bakarrik bertsolaririk ez zela gehiago agertu pantaila handian, baizik eta Ezeizak 1989an Ke arteko egunak aurkeztu zuenetik, euskara bera apenas entzun genuela 2005ean Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste estreinatu zen arte.

Euskal Zinemaren krisiaren arrazoiak bilatzea beste baterako utziko dut. Alta, bertsolarien zeluloidetiko desagerpenean, dudarik gabe, zerikusi handia izan zuen ETBren sorrerak eta bereziki, 1990an Hitzetik Hortzera saioaren agerpenak. Bertsolaritzaren boom-aren garaia zen eta testuinguru hartan, pantaila handian sekula ukan ez zuen espazioa, pantaila txikian aurkitu zuen bertsoak. Joxerra Garziaren programak lortu zuen, azkenean, bertsoari ikus-entzunezko medioetan lekua egitea, kritika eta publikoaren arrakastak ematen duen zilegitasunaz. Aldi berean, Hitzetik hortzerak bertsolariak kamaren presentziara ohitzea lortu zuen, ordura arte, asko uzkur baitziren.

Telebistaren eta bertsoaren arteko maitasun istorio honek beste atal garrantzitsu bat ere izan zuen 90. hamarkadan: lehen aipatutako film aitzindariaren haritik, Juanba Berasategik 1995etik aurrera zuzendutako marrazki bizidunen hiru serie arrakastatsuak: Fernando Amezketarra (1994-95), Lazkao Txiki (1998-99) eta Txirrita (1999-2000).

Image

Hiru bertsolari handion bizitza eta pasadizoak klabe umoretsuan kontatzen zituzten marrazki bizidunek, haien bihotz oneko bizizale profilari zukua atereaz. Oraingoan ere, luxuzko kolaborazioak izan zituen Berasategik, esaterako, Fernando Amezketarra serieko pertsonaien ahotsak bertsolariek jarri zituzten (Sebastian Lizaso Fernando izan zen, Peñagarikano alguazila, Egaña epailea eta Azpillaga apaiza). Txirrita-ren kredituetako kantua, berriz, Xabier Letek eta Antton Valverdek kantatu zuten. Bestalde, gidoi guztiez, Koldo Izagirre arduratu zen beste behin ere.

Image

Zeluloidezko begiradak” (Elkar, 2010) libururako Mikel Garcia kazetariak egindako elkarrizketan, Berasategik kariñoz oroitzen ditu telesail haiek, nahiz eta pena agertu teknika aldetik “kaxkarrak” zirelako. Proiektuak aurrekontu handiagoa behar zuen, bideratutako diruarekin gehiago ezin zen egin, baina aldi berean pentsatzen nuen Euskal Herriak behar zuela Lazkao Txiki bat. ETBra joan nintzen, kapitulu pilotuarekin, eta orduan Amatiño zegoen, eta esan zidan: “Ondo dago, baina kendu, kendu”. “Kendu? Kendu ez! Telesailak familiak biltzen zituen, aitona-amonak eta bilobak, eta erantzukizuna daukazu produktu duina eskaintzeko. Horregatik pentsatzen dut, diru pixka bat gehixeago! Nire publikoak merezi duelako irudi zainduagoa, eta gero bizitza osorako, betiko geratuko delako. Aipatutako liburuan agertzen denez, Lazkao Txiki telesaioak futbolak baino audientzia hobeak ematen omen zizkion telebista autonomikoari, baina bat-batean, kostu txikia eta arrakasta handia zuen produktua bazter uztea erabaki zuten agintariek. Nik uste arrakastari beldur izan ziola ETBk, dio liburuan Berasategik.

Dena zapuztu zenean, Bilintxi buruzko telesail bat egitea zen haren hurrengo proiektua.

Loraldiaren fruituen zain

2005ean Aupa Etxebeste estreinatu zenetik, euskal zinemak loraldia bizi duela diote zenbaitek. Agian gehiegi esatea da hori, baina gauzak bere neurrian hartuta, egia da dokumentalez gain, azken urteotan ia urtero aurkeztu direla fikziozko euskarazko film bat edo bi, eta horrek, gure historia petralari erreparatuta, inoizko uzta sasoirik onenean kokatzen gaitu.

Uztaldi honetan, aurtengo Donostiako Zinemaldian Altunak Bertsolari dokumentala aurkeztu duen arte, ez da gaiari zuzenean heldu dion lanik egon, baina hala ere, gaur egun ikusleak bertsoa zinemagintzan inoizko naturalen ikusten duelakoan nago, eta aldi berean, zinemagileak inoizko naturalen erabiltzen duela baliabide zinematografiko legez. Hala, azkenaldiko dokumental askok errekurtso narratibo gisa erabili dute bertsoa; La Pelota Vascan (Julio Medem, 2001), adibidez, Xabier Euzkitzeren interbentzioetako bat, zortziko txikian emana da. Txikiri eta Otaegiri buruzko Haizea eta Sustraiak (2008) filmean berriz, Jon Maiaren bertsoek osatzen dute narrazioaren hitzaurrea eta epilogoa. Fikzioan ere, Kutsidazu bidea Ixabel (Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues, 2007) komedian, gag arrakastatsua izan zen, Ixabel inpresionatzeko, Juan Martin euskaldun berria zutitu eta pilotaria herri osoaren aurrean bertsoz desafiatzen duen eszena: Ikusleek egoera gertuko sentitu zuten seinale.

Telebistaren bidez bertsoak pantailan zegokion lekua irabazi zuenetik, bertsoa eta zinemaren arteko harremana normaldu egin da eta ziur naiz aurrerantzean euskal imaginarioan eta euskal komunitatean hain indartsua den arteak, euskal zineman gero eta presentzia handiagoa izango duela.

Hurrengo alea, agian, Mireia Gabilondo eta Patxo Telleriak buruan daukaten fikziozko proiektua. 1967ko finaleko txistuen unean denbora izoztuz, flash back-en bidez Xalbadorren bizitza kontatzea. Ikusiko dugu.

 

Bertsoa eta Zinema IX. Fikziozko lehen bertsolaria. (Josu Martinez)

Ikuska saila garatzen zen bitartean, bertan parte hartu zuten hainbat zinegilek beren proiektu propioak aurrera eramaten segitzen zuten. Antton Ezeiza eta Koldo Izagirrerekin batera dokumental sailaren talde finkoko kide zen Juanba Berasategi, adibidez, (Pasai Donibane, 1951) gerora hain emankorra suertatu den bere karrerako lehen pausoak ematen hasia zen animazioaren arloan ordurako. Hala, 1981ean, historian lehen aldiz bertsolari bat fikzio bateko protagonista bihurtzen zuen film laburra mustu zuen: Fernando Amezketarra.

Fernando 1

35 minimetrotan grabatua, film apala izan arren, hamar minutuko istoriotxo honek luxuzko lan taldea izan zuen; Gidoia Koldo Izagirre eta Ramon Etxezarretak sinatzen dute eta soinu banda, gaur egun hainbeste sari bildu dituen Alberto Iglesiasek.

fernando 5

Fernando eta Amezketako erretorearen txerriaren pasadizoa da trama nagusia, eta marrazki umil baina zinez ederrekin, filmak nabari du nolabaiteko barne begirada bat; oraingoan, ez da dudarik, filmaren egileak bertsolarien mundu berekoak dira. Ondo ulertzen dute Fernandoren umorea.

Bertsoa eta Zinema VIII. Amuriza vs. Amuriza. (Josu Martinez)

Francoren heriotzaren ondotik euskal zinemagintzaren alorrean sortu ziren egitasmoan artean, bada beste guztien artean nabarmentzen den bat: “Ikuska”sail kolektiboa, 1979tik 1984ra bitartean, Antton Ezeizak kordinatuta, 17 zuzendari ezberdinek osatu zituzten 21 dokumental laburrak.

Euskal Herriko errealitatearen inguruko dokumentalak egitea zen asmoa, ETB existitzen ez zen garaian, aldizkari bateko artikulu sakon bat bailiran tratatuz; medio profesionalekin (Caja Laboral-en finantzazioak oso kondizio onak ahalbidetzen zituen); nazio ikuspegi batekin…. eta euskaraz. Azken puntu hori baitzen garrantzitsuena Ezeizarentzat; Euskal zinema euskaraz da….. edo ez da esan ohi zuen.

Ezeiza, Izagirre, Agirresarobe

 Antton Ezeiza, Koldo Izagirre eta Javier Agirresarobe

Ezeizak berak zuzendu zituen bost filmen artean, Ikuska 18 delakoa da guri interesatzen zaiguna; bertsolaritzari buruzkoa. Filma prestatzen ari zelarik, honela azaldu zuen zuzendariak berak proiektua, Egin egunkarian 1983ko irailean emandako elkarrizketa batean:

Se trata de intentar reconstruir todo el proceso mental de los breves segundos que trascurren desde que al bertsolari se le da el tema e inicia su actuación. Vamos a intentar desentrañar los mecanismos de fondo de la creación poética”.

Ideia berritzaile eta ederra zen, lengoaia zinematografikoari begira erronka bat planteatzen zuena, baina batez ere aitzindaria. Lehen aldiz, esentzia, folklore edo biografietatik gaindi, zinemagile batek bertsoari berari erreparatzen zion, prozesu artistiko moduan.

Euskal Herriko azken bi txapelak irabazi ostean, bertsolaritza berriaren ikur nagusia zen Xabier Amuriza hautatu zuten protagonista. Berak honela azaldu du nola batu zen proiektura: “Iruñeko UEU ikastaroetan, Jokin Apalategi etorri zitzaidan, Anttonen asmoa proposatuz, bera Iparraldean baitzegoen. “Ba, begira –esan nien–. Nik neuk, edozein bertsolarik bezala, oso gogoan dut, zehaztasun osoz eta xehetasun guztiekin, nolako prozesu mentala eraman dudan, zerbaitegatik garrantzitsu gertatu diren bakar-lan batzuetan. Alegia, gaia entzutetik saioa burutu arteko pentsakizun, zalantza eta baliabideak nola pasatu ziren nire burutik. Nahi baduzue, horrelakoxe saio baten ibilera mental guztia idatzita jarriko dizuet, ea zer deritzozuen”. Ideia gustatu zitzaien, eta horixe egin nuen artean nahiko ospe hartuak ziren bi kartzela-saiogaz: 1980ko “Aitarena” eta 1982ko “Naufragoarena”. Bigarren hau gerta berriago izan arren, aitarena hautatu zuten, hornigai bisual errazago eta sentigarriagoak ematen zituelako: aitaren irudiak, kartzelan nengoela hiltzea eta abar.”

Amurizaren baiezkoa jasota, Iparraldetik filma planifikatzen hasi zen Ezeiza. Ordu arte zineman nagusi izan zen bertsolaritzari buruzko irudi erromantiko eta naturalistaren kontra, prozesu arrazional bat erakutsiko zuen eta ordu arteko paisaia bukoliko eta ametsezkoen kontra, eszenaratze soil eta neutro bat: Bertsolaria ikasgela batean.

“Anttonek eta biok, eta bitarteko egin zuen Jokin Apalategik, baita ekipo tekniko guztiak ere, berehala bat egin genuen ideiaren ulerkuntzan.” adierazi du Amurizak.Denoi oso interesgarri iruditu zitzaigun prozesu mental hori nolabait bisualdu ahal izatea. Eta bagenuen halako konbikzio bat ere ezen, hurbiltze minimo bat lortuz gero, emaitza originala izango zela. Belloch-eko fraidetxea hautatu zuten, lokal egokiak eta eskuragarriak zituelako, baita inguru bikaina ere, bere zuhaizti itzelekin. Nik Anttonen aginduak ahalik ondoen bete besterik ez nuen egin, beti ere neure iritzia emanez erabil zitezkeen baliabideez, eta batez ere, ideia zentraletik ez urruntzeko gehigarriez. Arazorik handiena hain denbora laburrean hainbeste eduki kondensatzea izan zen.”

amurizalunpetan

Filma joko metafilmiko batekin hasten da. 1980an Amuriza txapeldun izendatzen duten momentua ikusten dugu, baina bat-batean, kamarak atzera egitean, ohartzen gara Amuriza bera dela irudi horiek pantaila batean ikusten ari dena. Orduan, txapeldunak imajina izoztu eta ikusleari berba eginez, egun hura gogoratzen du. Momentu ederra huraxe; baina aurretik pasa nituen larritasunak!”.

Amurizak, orduan, magnetofoi batean finaleko grabazioa entzuten du. Hiru bertso gai bati buruz eta hamarreko handian. Gaia: aita, dio gai-jartzaileak. Orain, lehen planoan bertsolaria pentsakor ageri den bitartean, off-ean, bere pentsamenduaren garapena konpartitzen dugu: Aita…. aitatasuna… aita izenik ederrena. …Ez! Ideia arrunta…… Jainkoa aita? Hori ere ez. Eta hire ahoan gutxiago….. Neure aita? Bai…. Baina ez.

amurizamagnetofoia

Planoz aldatzen da, Amuriza gorputz osoz ikusteko. Bat-batean bertsolariaren burutik atera balitz bezala, ikusleari mintzatzen zaio Amuriza berriro: Ideia hau baztertu egin nuen. Preso nengoela hil zitzaidan aita. Hura ikustera ekarri ninduten ondo eskoltaturik. Tristea izan zen hura. Gaiari hortik heldurik sentimentuen karga handiegia ikusten nion ondo eramateko.”

Beste behin, gai-jartzailea magnetofoitik: Hiru bertso hamarreko handian: gaia aita”. Eta Amurizaren hurrengo pentsamenduak: Eta heu aita izateko aldetik? Baina emaztegaia hor…”. Atzera Amurizaren baitatik aterata, Amurizak ikusleari azaltzen dio zergatik baztertu zuen ideia hori: Emaztegaia aurrean izan ez balitz, hortixe helduko nion segur asko. Baina beldur nintzen nahastea armateko.”

Ondoren, bertsoa hasi aurreko azken joan-etorri mentalak: Aitatasuna… haur batek aita deitzea… Arruntegia…. Hasi egin behar duk! Ai, hemen bizirik balego….He-men-bi-zi-rik-ba-le-go”. “Ona! Baina hiru bertso nola atera hortik? Ez zagok beste erremediorik. Bota lehena eta gero ikusi. Hemen bizirik balego…”

amurizaarbela

Finalean bertsoa bota zueneko zuzeneko grabazioa entzuten den bitartean, Amuriza arbel batean bertsoa osatzen ikusten dugu, denbora errealean. Azken puntua baino ez dauka idatzia; hori baita kantuan hasi delarik buruan zuen bakarra, eta horren aurretik, errimak ezarriz, ideiak aldatuz, tatxatuz… bertso bat osatzeko bertsolariak ze denbora gutxi duen sentitzen du ikusleak.

Ondorengo bi bertsoekin ere prozesu berdina ikusten dugu; bigarrenean Amuriza Belloch kanpoko zuhaiztian oinez pentsakor agertzen zaigu, eta hirugarrenean, ikasgela barruan berriz, Amurizak kontatzen du nola soluzionatu zuen niri jotako txalo guztiak / bidaltzen dizkizut zuriazken puntuaren aurretik pentsatua zuen isuri errima bat-batean ahaztu zitzaion momentua. Bertso osoan jarraitu zuen uri errima apur bat bortxatzen zuen arren, Euskal Herria nola dagoen / orain Donostin agerikantatzea ontzat eman zuen bere buruak instant horretan.

amurizakamarakbistan

Filma, hasierakoaren antzeko joko metafilmiko batekin bukatzen da. Berriz ere, film osoan nagusitu den barru-kanpo dialektikarekin jolasten segituz, Amurizak hala esaten dio ikusleari: Bertsolaritza ederra bada kanpotik, ederragoa da barrutik. Eta ederrena, biak batera.”

Bat-batean, kamara urrundu egiten da, eta filmeko ekipo teknikoa ikusten dugu grabatzen; soinu-teknikaria, kamaralaria…. Bertsolariak bertsoarekin egin duen bezala, zinemagileak pelikularen artifizioa erakusten digu. Orduan, Amurizak, haien guztien artetik pasatzen den bitartean zera kantatzen du: Amaitzeko puntu bat jarriko dizuet / ni banoa kalera eta segi zuek…”.

 

Bertsoa eta Zinema VII. Xalbador gaztain kormutxa. (Josu Martinez)

Francoren heriotzak aro berri bat ekarri zuen Hego Euskal Herrira, eta dena posible zela uste zen sasoi hartan, nolabaiteko pizkundea eman zen hainbat arlotan. Trantsizioko urte haietan, zinemagintzan, euskal zinema eraikitzeko eztabaidak mahai gainean jarri, eta fortuna hobe edo eskasagoarekin, diruarekin edo dirurik gabe, hainbat film burutzen hasi ziren han eta hemen. Bertsolaritzak ere izan zuen susperraldirik eta sarritan, eferbeszentzia politiko haren lehen lerroan kokatu ziren bertsolariak, beti bezala herriarengandik gertu. Bestalde, 1967tik txapelketarik gabe egon ondotik, 1980koa Xabier Amurizak irabazi izanak iraultza ekarri zuen bertsolaritza ulertzeko moduan.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa, zinema eta bertsolaritzaren arteko harremanean aro berri bat hastea urte haietan. Oraindik geldoa izango zen garapena, baina gutxika gutxika, bertsoaren ikuspegi folkloriko edo esentzialetatik harago agertzen hasi ziren bertsolariak pantaila handian.

Horren adibide dira, amateur mailan egiten hasi ziren bertsolarien erreportaje biografikoak. Jadanik, bertsolaria ez zen gehiago euskal paisaiaren zati mudakaitz bat, belarraren edo zuhaitzaren pareko; bertsolariak ere pertsonak ziren, eta hala, erreferente kultural ziren heinean, horien bizitzak bazuen interesa ikusleentzat.

Xalbador 6

Sasoi hartako erreportaje biografikoetan interesgarriena, agian, 1981ean Juanmi Gutierrezek (Errenteria, 1945) zuzendutako “Xalbador, gaztain komutxa dugu; Urepeleko artzainaren bizitza eta heriotza gaitzat hartzen dituena. Sasoi hartan, Gutierrezek Herri Irratian egiten zuen lan, eta 1980an Urepelen Xalbadorri egin zitzaion omenaldiaren berri ematera joan ziren lankideek han bizi izan zutena kontatu ziotenean, erabat txundituta gelditu zen. Hortik aurrera, Gutierrez bere omenaldi egunean hil zen bertsolari haren bizitza inbestigatzen hasi zen eta urtebete geroago, “Xalbador, gaztain kormutxa” dokumentalak argia ikusi zuen.

Super-8 formatuan eta soinu oso eskasarekin, medio izugarri urrirekin burutua izan arren (bukaerako kredituak, esaterako, folio xuritan eskuz idatzita agertzen dira) oso lan txukuna eta duina da; bistan da egileak badakiela nola egiten den erreportaje bat. Larruquertek edo Caro Barojak bezala, Gutierrezek ere jende kultua erabiltzen du bertso-mundurako sarrera egiteko; oraingoan, Juan Mari Lekuona izanen da (apaiza, nola ez), sakristiatik aitzin-solas antzeko bat eginen duena, hitz batzuk esan eta bertso bat kantatuz. Gero ere, Joxe Mari Aranalde eta Emile Larreren interbentzio txiki batzuk ikusiko ditugu, baina film osoan pisu nagusia, Xalbadorren gertukoek eramaten dute: haren familiak eta lagun bertsolariek. Egileak honela azaldu du hautu hori: “Xalbador hila zen eta ez genuen haren irudi bakar bat ere; ez kantuan, ez artzain lanetan ez eta etxean; audio grabazio batzuk baino ez genituen, eta argazki zaharren bat. Horregatik, harengana eta haren mundu poetikora hurbiltzeko modurik egokiena gertukoei erreparatzea izango zela pentsatu nuen; eta lehen-lehenik emazte Leoniri, bertsolaria zen seme Mixeli, eta alaba Henrietteri.”

Xalbador 3

Familiaren eszenak benetan goxo eta intimoak dira. Denak sukaldean eserita, Leonik, batari eta besteari kafea zerbitzatzen dien bitartean, Xalbador nola ezagutu zuen kontatzen du. Mixel semea ondoan duela, ingenuitate handiarekin azaltzen du ezkondu eta berehala hasi zela Xalbador kanpora ateratzen bertsotan egiteko. “Baina ni ez nintzen sekula haserretu senarra etxetik joaten zelako, e?”. Mixel semeak, kafea edaten duen bitartean, hala eransten du: “Ttiki-ttikitatik ikusi dugu guk aita kanpora joaten bertsotara hainbat egunetarako”.

Juanmi Gutierrezentzat ere berezia izan zen Xalbadorren familiarekiko harremana: “Batez ere Leonik inpresionatu ninduen; oso pertsona inteligentea eta maitakorra iruditu zitzaidan. Oso eskuzabala izan zen, kanpotik zetorren ezezagun bati, niri, bere bizitzako oroitzapen pertsonalak kontatuz. Bestalde, nigan, euskaldun itxi eta deskonfiatuaren estereotipoa hautsi zuten. Egin genien bigarren bisitan, Mixelek irratiko Julian Beloki eta biok aitaren artzain bordaraino eraman gintuen, gure kamara, mikro eta gainerako tramankulu guztiekin, eta han haren bertso batzuk kantatzen hasi zen guretzako.”

Xalbador 1

Xalbadorri buruz berbetan hainbat bertsolari ageri dira filmean. Soinua hartzeko sistema inperfektuarengatik izatea baliteeken arren, aipagarria da, Uztapide, Lasarte eta Mattin, mahai soil batean eserita ageri direla hizketan, dekorazio handirik gabe. Atentzioa ematen du honek, izan ere, ordu arte bertsolariak beti agertu zaizkigu eszenaratze zaindu batean, dela natura erdian, dela supazter goxoan…. Oraingoan, balirudike bertsolarien hitzek berez badutela aski garrantzi planoa betetzeko.

lazkao

Xalbadorren heriotza Lazkao Txikik kontatzen du, garai bateko ipuin kontalarien senarekin, errelato luze, natural eta ederra eginez. Berezia da, orduan, Gutierrezek egiten duen irudi muntatzea. Xalbadorren heriotzaren momentura iristen garelarik, hainbat bertsolari negarrez ikusten ditugu, malkoei eutsi nahi eta ezinean, euren sentimentuak ezkutatu nahian bezala. Lehenik Azpillaga eta Lazkano; ondoren Uztapide, bera bakarrik, txapeldunaren bakardade handiaren sentsazioa emanez; Mattin ere ikusten dugu malkotan eta baita apaiz bat ere, azken hori, beste guziak baino nabarmenago.

Xalbador 5

Filmak nahiko zabaltasun ona izan zuen, zirkuito komertzialetatik kanpo erakutsi zela kontuan hartzen badugu. Hurrengo urteko Urepeleko omenaldian estreinatu zen, eta ondoren, hainbat kultur etxe eta elkartetan. “Orduan ez zen ez euskal telebistarik ez honelako filmetan interesa zuen festibalik”, adierazi du Gutierrezek. “Emanaldiak egiten zirenean, geuk eramaten genuen guztia; proiektorea, soinu-ekipoa…. Gonbidatzen gintuztenek lokala eta maindire zuria jartzen zuten, ez besterik.” Egin zituzten emanaldi guztietan mahainguru batek segitu zuen filmaren proiekzioa. “Jendeak oso ondo hartu zuen filma eta gogo handiz komentatzen zuen gero. Kontuan izan behar da artean euskarazko produktuak oso urriak zirela, eta horregatik ikusleek militantzia puntu batekin jasotzen zituzten. Azken finean, euskal kulturak, pertsegitua ez bazen, erabat minorizatua segitzen zuen”.

Bertsoa eta zinema VI. Larruquert eta euskal arima. (Josu Martinez)

Bertsoaren kontzepzio kasik mistiko hori zineman sakonen landu zuena Fernando Larruquert dugu (Irun, 1934). Haren begia, Pio Caro-rena bezala, kanpokoa izanik ere, sakontasunaren bila abiatzen da eta Oteizaren bidetik, bertsoaren esanahi sakona bilatzen du bere filmetan. 1979an mustutako Euskal Herri Musika film luzean, adibidez, Euskal Herriko jatorrizko musikaren inguruan egiten duen ibilbidean, leku garrantzitsua aitortzen dio bertsolaritzari. Maurizia pandero-jotzailea edo Koxme Lizaso agertu ondotik, Artze anaien txalapartarekin lotuta, eszena oso bat dedikatzen zaio bertsoari, Jon Lopategi eta Lazkao Txikiren bidez.

 musika 2

Eszenaratzea esanguratsua da. Supazterraren ondoan, mahaian jarrita ageri dira bertsolari biak, haien artean apaiz bat dagoela. Transmisioari konsagratutako etxeko lekurik goxoenean daude, beraz; beheko suareninguruan, amonak haurrei euskaraz ipuinak kontatzen dizkien txokoan. Lazkao Txikik erreferentzia egiten dio horri, bertso batean: “amonatxoa ipuin jario / ilobaren begi dirdira”.

 musika 3

Baina Pio Caro Barojaren lanetan bezala, hemen ere bertsoa ez da aski bere baitan. Larruquertek beharrezkoa du fenomenoa azalduko duen boz autorizatu eta kultu bat. Kasu honetan (beste askotan bezala), apaiza izango da hori. Horrek honela hasten du bere interbentzio luzea:

Gure literatura jatorra bertsolaria da, eta bertsolariak ez ditu behin ere bere kantuak idatzita ipini. Parra-parra hitzetik dariola kantatzen du beti. Gure literatura jatorra bertsolarien ezpainetan bizi da. Beste herrietako literatura liburuetan dago, ura ur putzuetan bezala. Gure literatura ez da putzua, iturria da” (…).

musika 5musika 4

Filmak ez zuen arrakasta handirik izan, baina hala ere, euskal esentzien bilaketak eta filmaren edertasun plastikoak, hainbat jende txunditu zuen. Oteiza honela mintzatu zen Larruquerten lanaz:

Es una magistral pieza cinematográfica (…) Como cine, la propia estructura narrativa se comporta como canción, imágenes, luz, movimiento, la cámara canta en euskera, no hay centros, no hay acentos, todos lo son y todo se descentra, todo como un río, cambia de velocidad y se inmoviliza y silencia, flotante la imagen, la luz movediza, nuestra luz cóncava, otoñal, receptiva, se enciende y se oscurece…”

Gisa guziz, Larruquerten lan garrantzitsuena (eta bide batez esateko, euskal zinemagintza gehien markatu duena), 1968an Nestor Basterretxearekin batera zuzendu zuen Ama Lur dugu. Basterretxea ere GAUR taldekoa zen, Oteiza eta Mendiburu bezala, eta film horren atzean, inoiz baino argiago agertzen da Orioko erraldoiaren itzala.

Asko idatzi da Ama Lur-i buruz eta ez naiz, beraz, esanda dagoen ezer errepikatzen hasiko, baina azpimarratu beharrekoa da bertsolaritzak filmean jokatzen duen paper garrantzitsua. Bai fondoan, bai forman.

baserritarrak

Hasteko, bada eszena oso bat bertsolaritzari dedikatua. Euskal Herri Musika-n bezala, dei-oihua txalapartarena da, eta horrek mugatzen du, nolabait, eszena; hasieran metaforikoki, laiarekin soroan lanean ari diren lau gizonekin eta, bukaeran, Artze anaiekin. Xalbador eta Abel Muniategiren bertsoak entzuten diren bitartean, han eta hemengo imajinak ikusten ditugu. Bertsolariak agertzen diren koadro kostunbrista batekin hasi eta gero lan-eszenak, aitona-amonak baserri batean eta jai giroko herri bazkariak. Artze anaien txalapartaren ostean, Oteizak idatzitako ondorengo testua entzuten da off-ean:

Poetas populares, bersolaris nuestros. El pastor Xalbador y Muniategi el universitario. Se han reunido desde los dos lados del Bidasoa llamados por la fuerza del amor fraterno y se han abrazado en las viejas playas incadas en la tierra. Nos dicen que son hijos de un mismo pueblo; ramas de un mismo arbol, y hablan una misma lengua. Nos recuerdan la antigüedad de nuestro ser vasco; las razones vitales que la mantienen y la obra siempre renovadora de la juventud. Txirrita, Udarregi, Pernando Amezketarra, Enbeita, Basarri, Uztapide y tantos otros…. Voces de la conciencia popular, crítica, sátira, los bersolaris improvisan sus ideas y las plantan en las plazas y frontones de nuestros pueblos; antiguas y nuevas voces; palabras proféticas; imagen viva del alma vasca; alma de un pueblo cuya historia podría redurcirse al lema que ostenta una vieja casa de Laburdi: “Ni tiranos ni esclavos”. La flor de lo intelectual en la rama, la rama de lo popular en el tronco, y el tronco y la raiz de la lengua y la tradicion en la tierra.”

Protagonistetako batek, Abel Muniategik, ondo gogoan dauka film haren grabaketa. Egiaz, dirudiena baino inprobisatuagoa izan zela azaldu du, sakontasun karga handirik gabe; agian, zuzendarietako bat ere ez zelako euskalduna. “Nestor eta Jose Luis Etxegarai produktorea ezagutzen nituen, eta ni baino bertsolari handiagoak baziren arren, filmaren gakoetako bat “kontrastea” izatea nahi zutelako deitu zidaten. Orduan, zuzenbide ikaslea nintzen Bilbon eta hala pentsatu zuten, artzaina eta unibertsitarioa elkarrekin ateratzea”. Muniategik, orotara sei bat urteko bertsolari bizitza izan zuen, eta ordurako Bizkaiko bi finaletan kantatu bazuen ere, egia da bazela bera baino bertsolari famatuagorik. Kontatu duenez, zuzendariek ere ez zuten oso argi zer zen bertsolariei eskatzen zietena. Irungo txalet batera eraman eta jardineko zuhaitz batetik mikroa eskegita, “Aqui mismo” esan, eta bertsotan hasteko eskatu zieten. Bi bertsolariak galdu xamarrik aurkitu ziren. “Ez zen ohikoa egoera eta, ez genekien ondo zer egin. Xalbador poltsikoan korbata zuela etorri zen Urepeletik, pelikulan dotore atera behar zuela eta. Orduan, ea zenbat bertso kantatu behar genituen galdetu genien”, kontatu du Muniategik. “Pues… pocos, pocos.”, erantzun zioten zinemagileek. Eta gaia? “Pues sobre lo que querais”. Eszena laiekin lanean ari ziren gizon batzuekin hasiko zela esan zion Basterretxeak Muniategiri, eta hala, laiei erreferentzia eginez hasten da Ama Lur-eko bertso saioa.

 Muniategi

Gaur egunetik begiratuta, Muniategi pozik dago proiektu hartan parte hartu izanaz, baina hala ere, pena dauka gauzak gehiago landu ez zirelako. “Tira, saioa ondo atera zen eta beraz, ez dago gaizki. Baina…. apur bat gehiago sakonduz gero, askoz hobeto egon zitekeen”.

Xalbador

Ama Lur-ek bertsoarekin daukan harreman berritzaileena ez dago, edonola ere, eszena horretan. “Euskal arnasa” bilatzen duen muntaketaren kontzepzioa da, dudarik gabe, Ama Lur berezi egiten duena, arnas horretan sinetsi edo ez sinetsi. Izan ere, filmak euskal erritmoa izan zezan, bertso baten egiturari jarraitzen saiatu ziren Larruquert eta Basterretxea. Juanmi Gutierrez ikertzaileak honela deskribatzen du esperimentua “Sombras en la caverna. El tempo vasco en el cine” liburuan:
“La técnica del “Atzekotz Aurrera” (De atrás hacia adelante) tan querida por los Bertsolariak está presente en la génesis del film. Fernando Larruquert narró a este cronista una charla que mantuvo con el pastor-bertsolari Fernando Aire, inolvidable “Xalbador”: “Cuando me han señalado un tema, dispongo de pocos segundos para improvisar. Primero se me ocurre el final y dentro de él la rima con la que finaliza la última palabra. Más tarde pienso cómo comenzaré. Muchas veces recojo alguna idea que el contrincante ha dejado en su intervención y la empleo como pie de apoyo. Comienzo a cantar, sin más. El medio no lo he pensado todavía, pero no me preocupa. Voy encadenando frases, casi sin saber cómo, y el bertso llega, inexorablemente, al final que tenía previsto”. “Ama Lur” está construida de esta manera. Desde la gestación misma del proyecto, Néstor Basterretxea y Fernando Larruquert tuvieron claro que el tema Gernika –sus fueros– el juramento de los reyes españoles, el árbol como símbolo de la independencia vasca, etc., tenía que ser el punto de llegada hacia el que había que dirigirse. Hacia esa singladura encaminaron las argumentaciones, guiños, sensaciones, juegos y símbolos que componen el film.

Ya en el prólogo, antes de los títulos de crédito, esboza los temas del final, de forma menos explícita, más tibia y ambigua. La parte central no es más que el desarrollo del tema presentado al comienzo: somos vascos, formamos parte de un pueblo singular, con costumbres y lengua bien definidas. Pero ¿qué es eso de “Pueblo singular”, que se ha anunciado como postulado?. El final retoma el punto de partida, enriquecido con la parte mediana, y saca la conclusión a la que se quería llegar. Conscientes, por inteligencia y sensibilidad, de nuestra condición de vascos, afirmamos la voluntad de exigir que se respete nuestro derecho a la singularidad.”

herribazkari

Baina egitura orokor horrez gain, Larruquertek eszena guzien muntaketa kopla zaharrak bezala eraikitzea erabaki zuen. Juanmi Gutierrezen hitzetan:

Otra técnica de literatura oral utilizada en la construcción de Ama Lur es la ya citada de utilización de la lógica poética en los encadenamientos o Transiciones, propia de las Kopla Zaharrak. Recordemos que el peculiar estilo de los encadenamientos en las Kopla Zaharrak, rechazaba una relación puramente racional o de orden transcendental, para centrarse en la relación, no de idea a idea, sino de imagen a imagen, de impresión sensible a impresión sensible. Es la lógica poética, aquella que funciona por relaciones sensibles, por conexiones y asideros perceptibles a la sola imaginación y a los sentidos. Es un “saltar de rama en rama”, al abrigo y amparo de relaciones no intelectuales sino sensibles.”

Hala, Ama Lur-en, leihoen egur horizontalen plano batetik, zuhaitzez betetako baso baten planora igaroko gara. Edo bizkarrean harri handia duen harrijasotzailearen planotik, frontoian hegan ari den pelota txikiaren planora.

Bertsoaren lengoaia- zineman aplikatzeko saiakera honek ez zuen jarraipen handirik izan. Hala ere, egin dira gerora ere antzeko esperimentu batzuk. Berriena, agian, 2007an Juanmi Gutierrezek berak mustutako  Angor dokumentala, non egileak, hamarreko txiki baten egitura segitzen duen narrazioaren bizkarrezur gisa.