Edinburgotik bueltan: audientziaren gaineko gogoeta

Pasa den martxoaren 28-29 bitartean, blogean aurreratu genuen moduan, EIFAC 2014 Edinburgh International FilmAudience Conference mintegian parte hartzeko aukera izan genuen. Bi egunez zinemaren audientzia izan genuen hizpide; hain zuzen, gai hori ardatz hainbat herrialdetako esperientziak konpartitzeko espazio bilakatu zen Edinburgoko Filmhouse aretoa. Alegia, Turkia, Belgika, Alemania, Suitza, Portugal, Gales eta Eskoziatik bertatik etorritako ikerlari eta zinemaren sektoreko profesionalen bilgune.

 

Zinegin festibalaren kasu azterketa

Zinema audientziaren ikerketa xede izan duten kasu konkretuen bitartez, errealitate ezberdinak ezagutu eta partekatu genituen. Tartean, guk aurkeztutako Zinegin festibalari buruzkoa: Zinegin Basque film festival: a non-existent audience revealed. Zehazki, bere bigarren edizioan (2013ko abenduan) Hazparnera joandako ikusleen artean egindako ikerketa; euskal pelikulak Iparraldean erakusteko diren zailtasunei eta bertako publikoak gure pelikulak ikusteko aukera mugatuen berri eman ondotik, ikusle horien pertzepzio eta motibazioak azaleratuz.

Gure aurkezpenak interes handia piztu zuen bertaratutakoen artean. Euskal zinemaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, gure kultura eta hizkuntza babesteko Zinegin festibalaren garrantzia azpimarratu zuten gehienek. Horrez gainera, aurrera begira egin asmo ditugun ikerketetan kontuan hartzeko hainbat ideia ere eman zizkiguten. Zentzu horretan, plazer handia da besteekin esperientzia ezberdinak konpartitzea; elkarren arteko ezagutza aberasteko bide eta besteen esperientziatik ikasteko aukera polita delako.

Audientzia berria ikertzen

Audientziaren ikerketa esparruari dagokionean, Philippe Meers Antwerpen Unibertsitateko (Belgika) irakasleak azaldu zuenez, oraindik egiteko asko dago. Meersek dioenez, gai honen inguruan asko teorizatu bada ere, gutxi begiratu zaio lurralde bakoitzaren mugetatik kanpoko errealitateari. “Egia da metodologia ezberdinak praktikan jarri direla, baina perspektiba eurozentrista hutsetik”. Ez da ahaztu behar ikuslea testuinguru soziokultural zehatz bati dagokiola, eta ondorioz, horrek markatzen dituela haren espektatibak eta ideologia zinema kontsumitzerako orduan. Hala, elementu hori kontuan hartuz, ikerketa norberaren “erosotasun eremutik” kanpo ateratzeko eskaera egin zuen: “azterketa konparatiboak behar dira, hau da, kontinentearteko ikerkuntza”.

Alabaina, ikus-entzunezkoen kontsumoan berezko eta atzerritar digital ikuslearen arteko bereizketak audientzia kontzeptuaren gaineko eztabaida piztu du. Alegia, ez ote da egungo audientzia entzutera ohituak gauden definizio hori baino zerbait sakonagoa? Egungo ikuslea espektatibadun pertsona soil hori baino gehiago da. Orain arte ikuslea ziurtzat hartu ohi da, baina Martin Barker Aberyswyth (Gales) Unibertsitateko irakasle emerituak azaldu zuenez, audientzia zinemaren parte aktiboa izatera pasa da: pick (aukeratu), play (elkarri eragin), produce (eduki propioa sortu). Alegia, ikusle ekintzaren ikusezintasuna agerian geratuz.

Ikus-entzunezkoen bonbardaketa bizi dugun honetan, egungo filmek ikuslea bilatu eta harrapatu behar dute inoiz baino gehiago. Horri aurrea hartzerik badago askoz hobe. Horregatik, garbi dago zinemaren eragina neurtzen duten ikerketek hor egon behar dutela; komunitate txikietan geratzen den errealitateari arreta bereziki eskainiz (haien ekarpena balio handikoa baita giza ezagutza aberasteko bidean). Beharbada, dagoeneko audientzia proiektuaren sortze prozesuaren parte ez ote den galdetzerik ere badago. Horrek, ordea, azken emaitzan eragin zuzena izango luke. Eta galdera honakoa da orduan: mehatxu edota aukera baten aurrean gaude?

 

Miren Manias

Hil eta bizi: dolua zinemaren bitartez

Pasa den astean ‘Hil eta bizi: hor dolua’ izeneko tailerra jarri zen martxan, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Kulturbasque programazioaren barruan. Heriotza eta dolua zinemaren bitartez jorratzean oinarritzen da tailerra. Pasa den osteguna Monsieur Lazhar pelikularekin zabaldu zen ekitaldia. Hurrengo bi ostegunetan, euskal pelikulen txanda izango da.

Apirilak 3: Amaren eskuak (aurkezpena, Mireia Gabilondo):  Jatorrizko bertsioan euskaraz.

Apirilak 10: Aulki hutsak (aurkezpena, Iñaki Peña):  Jatorrizko bertsioan, euskaraz nagusiki, euskarazko azpidatziekin.

Image

Iñaki Peña medikuak Osakidetzako Zumarragako ospitalean lan egiten du eta etxerik etxe dabil, besteak beste, gaixo larriak dituztenekin eta euren senitartekoekin heriotza eta doluaren gaia jorratzen. UPV/EHUren diru-laguntzari esker eta hainbat kideren zabaltasunari esker Aulki hutsak izeneko ikusentzunezkoa landu du. Testigantzez beteriko dokumental honetan hunkigarriak diren sentimenduak azalerazten dituzte pertsonek hiltzeaz eta bizitzeaz. Prest egon dira euren hurbilekoen heriotza gertatu denean doluaren prozesua egiteko eta horrela bizitza beste zentzuaz ikusteko.

NON: Bilbon, Bizkaia Aretoan (UPV/EHUren Paraninfoan), arratsaldeko seietan, Martxoak 27, Apirilak 3, Apirilak 10.

Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi hona mesedez: bak.kulturbasque@ehu.es