Zinema eta Bertsoa I. Sarrera. (Josu Martinez)

Bertsolaritza eta zinema. Zinema eta bertsolaritza. Horra hor, lehen begiratuan ezkontzen zail zaizkigun hitz bi. Historian zehar, zinemak oso gutxitan erreparatu baitio bertsolaritzari. Bertsolariak gutxitan agertu baitira pantaila handian. Arraroa lirudike horrek, biak arte popularrak izanik: hala bertsoa nola zinema, herri xeheari zuzenduak izan dira beti eta elite kultuek, maiz, inmoralkeria, denbora-pasa edo arlotekeria gisa gutxietsi dituzte.

Baina izaera herrikoi horretaz aparte, gutxi dute ikustekorik beren artean. Adibidez, hilabeteak behar izaten dira film bat egiteko; bertso bat osatzeko, berriz, segundoak. Film bat ekoizteko hainbat lagun dira beharrezko, atzean industria oso bat dutela; bertso bat kantatzeko aski da eskuak poltsikoetan dituen pertsona bakarrarekin. Arte guztietan garestiena da zinema; bertsoa baino gauza merkeagorik ez dago.

gipuzkoa 1

“Gipuzkoa” filma, Pio Caro Baroja 1979.

Hala ere, ez dut uste bien arteko harremanik eza ezberdintasun horietan bilatu behar denik. Cow Boy-ek ere, a priori, gutxi dute ikustekorik zeluloidearekin, eta milioika film egin dira haien inguruan. Bertsoa zineman azaldu ez izanaren arrazoi nagusia sinpleagoa da: Euskal Herria bera ere ez bada zinema-aretoetan sekula existitu… nola agertuko ziren, bada, bertsolariak? Euskal Herria pantailetatik kanpo egon da zinemaren lehen ehun urteotan. Euskaldunok ez dugu sekula Euskal Zinemarik izan; beraz, salbuespen urri batzuk kenduta, besteen begiradaren mende egon gara beti (eta dena esaten hasita, ez digute gehiegitan begiratu). Hala, historian zehar bertsolariak agertu diren film urrietan, zinemagileak gutxitan ulertu du zer ari zen grabatzen. Bitxikeria-ri, Urrezko ondarea-ri, edo Biografia liluragarria-ri erreparatu dio; baina ia inoiz ez bertsoari berari.

Edozelan ere, Historiak perla bakan batzuk utzi dizkigu. Azter ditzagun, bada; zinemak berezkoa duen memoria gordailu-izaeraren baitan, hainbat kontu interesgarri aurkituko baitugu.

Bihartik aurrera egingo dugu hori. Egunero perla bat.

JOSU MARTINEZ

* OHARRA: Testu hau, jatorrian, BERTSOLARI aldizkarian publikatu zen, 2011ko udazkenean.

Promozioa ere ikergai…

2005etik atzeraka begiratzea nahiko zaila da euskarazko zinemari dagokionez. Aupa Etxebeste izan zen 12 urteko hutsunearen ondoren euskaraz egin zen lehenengo filma. Nolabaiteko oihartzuna lortu zuen 71.972 ikuslerekin, 341.504,88€-ko errekaudazioarekin eta jasotako sariekin. Mugarri bati sarrera eman zion, honen sorreratik aurrera euskal produkzioak erregularki ematen hasi baitziren. Hala ere, ikusle kopuruari erreparatuz gero, hauxe izan da orain arte arrakastatsuena. Ondoren egindako produkzioetan kontsumoak ez baitu gora egin.

Zinema proiektu batek komunikatzeko gaitasunak edukitzea ezinbestekoa da eta azken hamarkadako euskal zinearen komunikazioaren balantze bat egitea beharrezkoa da. Hau da, euskal zinea zein ezaugarrien arabera iritsi den jendearengana, zein izan diren hau promozionatzeko erabili diren baliabideak eta hauetariko bakoitzean bidali den mezua zer nolakoa izan den. Honen komunikaziora jo nahi da. Izan ere, esparru hau ez da akademikoki aztertu eta ikus-entzunezko sektore honen biziraupenerako beharrezkoa da promozio eta komunikazio prozesu eraginkor baten erreferentzia izatea.

Image

Aupa Etxebeste aztertuko dugu. Batetik, promozio prozesuan martxan jarritako baliabideen edukien analisia egingo da: filma aztertu, web orrialdea, zinemaldiak, festibalak, sare sozialak, zirkuitu komertzialetik kanpo egindakoak… Iturri hemerografikoak ere erabiliko dira. Bestetik, zenbait euskal produkzioen promozioa aurrera eraman duten arduradunei elkarrizketa sakonak egingo zaizkie, errealitatearen ezaguera sakon eta zehatzena lortu ahal izateko.

Euskarazko filmen promozio prozesua nolakoa izan den aztertu nahi da, marketin estrategietatik hasi eta diskurtso komunikatibora iritsi arte. Ikerketa honek daukan aspekturik interesgarriena, gizartean eta zehazkiago zine-industrian izan dezakeen inpaktua da. Hau da, euskal filmak promozionatzeko orduan zerk funtzionatu duen, zerk ez argitzen saiatuko da, etorkizunerako bideragarriak izango diren promozio prozesuak planteatuko direlarik.

Euskal zinema ikertzen: lehenengo zailtasunak

Nork esan zuen euskal zinema ikertzea erraza izango zenik?

Nire ikerketaren lehenengo eragozpena, ordea, oso oinarrizkoa izan da, eta egia esanda ez nuen espero. Zailtasunak daude pelikula gehienak lortzeko! Zinema ikertzen dugunean, batez ere eduki aldetik egiten badugu, pelikula bat behin eta berriz ikusi beharra dago: DVDa edo bestelako soporteak behar ditugu eskura etengabe.

Bada, euskal zinearekin ez da hain erraza hain oinarrizko beharrizana betetzea.

noma

Hasiera batean, oso lagungarria ematen zuen EITBren ekimen honek: pelikulak doan, euskaraz eta streaming bidez ikusteko aukera. Pagotxa! Bikoiztutako zein originalki euskaraz diren filmak zeuden ikusgai, tartean euskal zinemagintza berriko pelikula dezente. Bada, Ander ikusten ari nintzela bideoa eten egin zen eta orria freskatu nuenean… sorpresa! Betiko desagertu zen. Ez bakarrik Ander, baita ere Zorion Perfektua, Izarren Argia, AmerikanuakGure zerrendako lau pelikula baino ez da geratzen orain eitb.com-en: Aupa Etxebeste, Kutsidazu bidea, Ixabel, Nomadak TX eta Eutsi.

Auskalo zergatik.

Horretaz gain, liburutegietan saiatzea badago (Izarren Argia, adibidez, Bilboko Bidebarrieta liburutegian badute), liburu-dendetan –amazon eta elkar-en badago zerbait– edo ekoizte-etxeekin harremanetan jartzea: guztiak ez dira lagungarriak izan zentzu honetan.

Dragoi-ehiztaria modu arraro samarrean ikusi dut: interneteko kopia pirata bat, eta gaztelerara bikoiztuta! Ander-en DVDa frantsesa lortu dut azkenean, eta tag-line honekin egin dut topo karatulan bertan: le Brokeback Mountain” espagnol (oh là, là).

mugaldekoak2-400

Puntu honetara ailegatuta, eta bazter ugari nahastu ostean, ezinezkoa egin zait hurrengo pelikulak topatzea.

–          Txorixak galduta egozanian

–          Agian

–          Mugaldekoak

–          Arriya

–          Galerna, ekaitz ezezaguna.

Norbaitek nire bilaketan lagungarria izan daitekeen pistaren bat balu, asko estimatuko nuke.

Euskal zinea: teoriatik praktikara… azkenean ere

Eztabaida pasa den mendeko 60ko hamarkadan piztu zen, eta trantsizioarekin batera areagotu. Nola bultzatu euskal zinemagintza? Zer behar zuen film batek euskal etiketa eskuratzeko? Nola erabili zinea euskal nazioa eraikitzeko?

Iritzi korronte batek oso argi zuen: «Euskal zinema euskaraz da… edo ez da» aldarrikatzen zuen adibidez Antton Ezeiza zenak behin eta berriz.

Baina eztabaida goiztiar horrek nekez gainditzen zuen esparru teorikoa: jardunaldi, zine-klub, aldizkari eta zinemaldietan ematen zen energia handiz, baina ez zuen pantailetara salto ematen, salbuespenak salbuespen.

ikuska-17

Salbuespen horien artean goiztiarrena Gotzon Elorza dugu, zinemagile paristartua, 50eko hamarkadaren amaieratik euskarazko dokumental laburrak egiteari ekin ziona. Edo Antton Ezeiza bera, berak sustatuko Ikuska sailarekin –Euskal Herriko errealitatea erakusteko dokumental laburren saila– euskarazko zinemagintzaren oinarriak ezarri nahi izan zituena, Javier Agirresarobe, Montxo Armendariz, Pedro Olea edo Imanol Uribe zinemagileen eskola ere bihurtu zena. Bi aitzindari hauen helburua argia zen: euskara zineman sarraraztea, euskal zinema nazional baten oinarriak ezarriz.

Errealitateak, ordea, bere baldintzak inposatu zituen, eta Euskal Herrian zine komertzial eta arrakastatsua egiten hasi zen heinean –La fuga de Segovia, La muerte de Mikel, Tasio… – euskara baztertuta geratuz joan zen gazteleraren mesedetan.

muertemikel

Euskara iraupen ertaineko filmetarako geratzen zen, zine-areto komertzialetara ailegatu gabe: ETBk egindako hiru literatur-adaptazioak –Hamaseigarrenean Aidanez, Zergatik, panpox eta Ehun Metro– eta J.L. Bakedanoren Oraingoz Izen Gabe, esate baterako.

Euskararen aldeko bestelako saiakerak ere egongo dira 80 eta 90eko hamarkaden artean, amateurismo eta publikoaren harrera hotzaren artean borrokatuko direnak: Erreporteroak (Iñaki Aizpuru, 1983), Kareletik (Anjel Lertxundi, 1987), Offeko maitasunak (Koldo Izagirre, 1992)… Eta baita ahalegin esanguratsuagoak ere: Ke arteko egunak (Antton Ezeiza, 1990) eta Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1993) kasu, zoritxarrez salbuespen moduan bizi direnak Euskal Herrian egindako zinematografiaren historian.

urte_ilunak

Eta hain zuzen ere urte ilunak etorri ziren Lazkanoren pelikularen ostean euskarazko zinemagintzara. Ilunak, edo hutsak. 2005. urtera arte ez baitzen euskara itzuli pantaila handira.

Baina itzuli denean, indarrarekin egin du. Alde batetik, euskal zinea zer den eztabaida amaiezinetik libre –euskal zinea da literalki, euskaraz egiten baita– eta baita trantsizio garaiko derrigorrezko karga ideologikoaz harago ere.

Urte-berri-on-Amona

2002an UEUko ikastaro batean aurkeztutako Urrats bat euskal zinemaren alde aldakarrikapenaren bitartez Eneko Olasagasti, Asier Altuna eta Koldo Almandoz zinemagileek euskarazko zinea sustatzeko laguntza eskatzen zioten administrazioari. Eneko Olasagastik horrela azaltzen zuen beharrizan hau Euskaldunon Egunkarian, uda horretan bertan:

Nola hitz egin  ez denaz (…), gure historia  eta ikuspuntuak irudiz eta euskaraz kontatzeari uko egiten badiogu, etorkizun iluna izatera kondenatuta gaude, erabat beltza ez esateagatik.

Hamar urte beranduago, gure historia eta ikuspuntuak irudiz eta euskaraz kontatzeko ahaleginak bere fruituak eman ditu. Euskal zinemak adierazle hutsa izateari utzi dio. Praktika egon badago, hor daude emaitzak, zine-aretoetan, DVDtan eta interneten aurkitu ditzakegu euskal pelikulak. Zilegi da beraz euskal zinemaren inguruan teorizatzea, eztabaidatzea eta blogeatzea. Eta eztabaidak ez dezala, iraganean bezala, praktika oztopatu.

Erreferentziak:

de Pablo, Santiago (2012). The Basque Nation On-Screen: Cinema, Nationalism, and Political Violence. Reno: CBS University of Nevada.

Rodríguez, Fito (2004) “Euskal Zinema: ikusezina izatetik ikusgarria izaterako bidean”. Jakin, iraila-urria 2004. 144 zenbakia, 11-40.

Roldán Larreta, Carlos (1996). “Euskara y cine: una relación conflictiva”. Fontes Linguae Vasconum, nº 71, 163-176.

 

Itzali argiak, hastera goaz

Ongi etorri, zinemazale, kulturzale edo kuxkuxero hori.

Euskal zinemagintza berriari eskainitako bloga duzu honako hau.

Zeri esaten diogu “euskal zinemagintza berria”?

Urte luzeetan euskal zinea definitzerako orduan sortutako eztabaidetatik harago kokatzen gara, gure interesgunea euskarazko pelikulak baitira, hau da, euskal pelikulak zentzu literalean.

Eta berria esaten diogu 2005etik hona egindako zinemagintzan jarriko dugulako gure arreta.

Zergatik 2005? Bada, urte horretan, hamabi urteko lehorte esanguratsuaren ostean,  lehenengoz estreinatuko delako euskarazko film luze bat areto komertzialetan:  Aupa, Etxebeste! (A. Altuna, T. Esnal).

Eta ez hori bakarrik. Ordutik, euskarazko zinemagintzak susperraldi apal baina esanguratsua bizi izan du, urtero bataz besteko euskarazko film bi estreinatu direlarik. Horrelako erregulartasuna inoiz ikusi gabekoa zen euskarazko zinemagintzan.

Aupa Etxebeste Poster

Loraldi? Susperraldi? Ilusio faltsua? Atzera bueltarik ez duen joera? Horixe ikertzera goaz.

2005-2012 tartean, euskal zinemagintzak emandako fruituak pilatzen ari zaizkigu, eta fenomeno berri honi ikuspuntu akademikotik ere begiratu nahi diogu. Zer kontatzen dute pelikula hauek? Nola kontatzen dute? Nola ulertzen da euskarazko zinemagintzaren berjaiotze hau? Publikoarengan ailegatzen da? Nola?

Palomitekin edo palomitarik gabe, jesarri eta disfrutatu.