Bertsoa eta Zinema VIII. Amuriza vs. Amuriza. (Josu Martinez)

Francoren heriotzaren ondotik euskal zinemagintzaren alorrean sortu ziren egitasmoan artean, bada beste guztien artean nabarmentzen den bat: “Ikuska”sail kolektiboa, 1979tik 1984ra bitartean, Antton Ezeizak kordinatuta, 17 zuzendari ezberdinek osatu zituzten 21 dokumental laburrak.

Euskal Herriko errealitatearen inguruko dokumentalak egitea zen asmoa, ETB existitzen ez zen garaian, aldizkari bateko artikulu sakon bat bailiran tratatuz; medio profesionalekin (Caja Laboral-en finantzazioak oso kondizio onak ahalbidetzen zituen); nazio ikuspegi batekin…. eta euskaraz. Azken puntu hori baitzen garrantzitsuena Ezeizarentzat; Euskal zinema euskaraz da….. edo ez da esan ohi zuen.

Ezeiza, Izagirre, Agirresarobe

 Antton Ezeiza, Koldo Izagirre eta Javier Agirresarobe

Ezeizak berak zuzendu zituen bost filmen artean, Ikuska 18 delakoa da guri interesatzen zaiguna; bertsolaritzari buruzkoa. Filma prestatzen ari zelarik, honela azaldu zuen zuzendariak berak proiektua, Egin egunkarian 1983ko irailean emandako elkarrizketa batean:

Se trata de intentar reconstruir todo el proceso mental de los breves segundos que trascurren desde que al bertsolari se le da el tema e inicia su actuación. Vamos a intentar desentrañar los mecanismos de fondo de la creación poética”.

Ideia berritzaile eta ederra zen, lengoaia zinematografikoari begira erronka bat planteatzen zuena, baina batez ere aitzindaria. Lehen aldiz, esentzia, folklore edo biografietatik gaindi, zinemagile batek bertsoari berari erreparatzen zion, prozesu artistiko moduan.

Euskal Herriko azken bi txapelak irabazi ostean, bertsolaritza berriaren ikur nagusia zen Xabier Amuriza hautatu zuten protagonista. Berak honela azaldu du nola batu zen proiektura: “Iruñeko UEU ikastaroetan, Jokin Apalategi etorri zitzaidan, Anttonen asmoa proposatuz, bera Iparraldean baitzegoen. “Ba, begira –esan nien–. Nik neuk, edozein bertsolarik bezala, oso gogoan dut, zehaztasun osoz eta xehetasun guztiekin, nolako prozesu mentala eraman dudan, zerbaitegatik garrantzitsu gertatu diren bakar-lan batzuetan. Alegia, gaia entzutetik saioa burutu arteko pentsakizun, zalantza eta baliabideak nola pasatu ziren nire burutik. Nahi baduzue, horrelakoxe saio baten ibilera mental guztia idatzita jarriko dizuet, ea zer deritzozuen”. Ideia gustatu zitzaien, eta horixe egin nuen artean nahiko ospe hartuak ziren bi kartzela-saiogaz: 1980ko “Aitarena” eta 1982ko “Naufragoarena”. Bigarren hau gerta berriago izan arren, aitarena hautatu zuten, hornigai bisual errazago eta sentigarriagoak ematen zituelako: aitaren irudiak, kartzelan nengoela hiltzea eta abar.”

Amurizaren baiezkoa jasota, Iparraldetik filma planifikatzen hasi zen Ezeiza. Ordu arte zineman nagusi izan zen bertsolaritzari buruzko irudi erromantiko eta naturalistaren kontra, prozesu arrazional bat erakutsiko zuen eta ordu arteko paisaia bukoliko eta ametsezkoen kontra, eszenaratze soil eta neutro bat: Bertsolaria ikasgela batean.

“Anttonek eta biok, eta bitarteko egin zuen Jokin Apalategik, baita ekipo tekniko guztiak ere, berehala bat egin genuen ideiaren ulerkuntzan.” adierazi du Amurizak.Denoi oso interesgarri iruditu zitzaigun prozesu mental hori nolabait bisualdu ahal izatea. Eta bagenuen halako konbikzio bat ere ezen, hurbiltze minimo bat lortuz gero, emaitza originala izango zela. Belloch-eko fraidetxea hautatu zuten, lokal egokiak eta eskuragarriak zituelako, baita inguru bikaina ere, bere zuhaizti itzelekin. Nik Anttonen aginduak ahalik ondoen bete besterik ez nuen egin, beti ere neure iritzia emanez erabil zitezkeen baliabideez, eta batez ere, ideia zentraletik ez urruntzeko gehigarriez. Arazorik handiena hain denbora laburrean hainbeste eduki kondensatzea izan zen.”

amurizalunpetan

Filma joko metafilmiko batekin hasten da. 1980an Amuriza txapeldun izendatzen duten momentua ikusten dugu, baina bat-batean, kamarak atzera egitean, ohartzen gara Amuriza bera dela irudi horiek pantaila batean ikusten ari dena. Orduan, txapeldunak imajina izoztu eta ikusleari berba eginez, egun hura gogoratzen du. Momentu ederra huraxe; baina aurretik pasa nituen larritasunak!”.

Amurizak, orduan, magnetofoi batean finaleko grabazioa entzuten du. Hiru bertso gai bati buruz eta hamarreko handian. Gaia: aita, dio gai-jartzaileak. Orain, lehen planoan bertsolaria pentsakor ageri den bitartean, off-ean, bere pentsamenduaren garapena konpartitzen dugu: Aita…. aitatasuna… aita izenik ederrena. …Ez! Ideia arrunta…… Jainkoa aita? Hori ere ez. Eta hire ahoan gutxiago….. Neure aita? Bai…. Baina ez.

amurizamagnetofoia

Planoz aldatzen da, Amuriza gorputz osoz ikusteko. Bat-batean bertsolariaren burutik atera balitz bezala, ikusleari mintzatzen zaio Amuriza berriro: Ideia hau baztertu egin nuen. Preso nengoela hil zitzaidan aita. Hura ikustera ekarri ninduten ondo eskoltaturik. Tristea izan zen hura. Gaiari hortik heldurik sentimentuen karga handiegia ikusten nion ondo eramateko.”

Beste behin, gai-jartzailea magnetofoitik: Hiru bertso hamarreko handian: gaia aita”. Eta Amurizaren hurrengo pentsamenduak: Eta heu aita izateko aldetik? Baina emaztegaia hor…”. Atzera Amurizaren baitatik aterata, Amurizak ikusleari azaltzen dio zergatik baztertu zuen ideia hori: Emaztegaia aurrean izan ez balitz, hortixe helduko nion segur asko. Baina beldur nintzen nahastea armateko.”

Ondoren, bertsoa hasi aurreko azken joan-etorri mentalak: Aitatasuna… haur batek aita deitzea… Arruntegia…. Hasi egin behar duk! Ai, hemen bizirik balego….He-men-bi-zi-rik-ba-le-go”. “Ona! Baina hiru bertso nola atera hortik? Ez zagok beste erremediorik. Bota lehena eta gero ikusi. Hemen bizirik balego…”

amurizaarbela

Finalean bertsoa bota zueneko zuzeneko grabazioa entzuten den bitartean, Amuriza arbel batean bertsoa osatzen ikusten dugu, denbora errealean. Azken puntua baino ez dauka idatzia; hori baita kantuan hasi delarik buruan zuen bakarra, eta horren aurretik, errimak ezarriz, ideiak aldatuz, tatxatuz… bertso bat osatzeko bertsolariak ze denbora gutxi duen sentitzen du ikusleak.

Ondorengo bi bertsoekin ere prozesu berdina ikusten dugu; bigarrenean Amuriza Belloch kanpoko zuhaiztian oinez pentsakor agertzen zaigu, eta hirugarrenean, ikasgela barruan berriz, Amurizak kontatzen du nola soluzionatu zuen niri jotako txalo guztiak / bidaltzen dizkizut zuriazken puntuaren aurretik pentsatua zuen isuri errima bat-batean ahaztu zitzaion momentua. Bertso osoan jarraitu zuen uri errima apur bat bortxatzen zuen arren, Euskal Herria nola dagoen / orain Donostin agerikantatzea ontzat eman zuen bere buruak instant horretan.

amurizakamarakbistan

Filma, hasierakoaren antzeko joko metafilmiko batekin bukatzen da. Berriz ere, film osoan nagusitu den barru-kanpo dialektikarekin jolasten segituz, Amurizak hala esaten dio ikusleari: Bertsolaritza ederra bada kanpotik, ederragoa da barrutik. Eta ederrena, biak batera.”

Bat-batean, kamara urrundu egiten da, eta filmeko ekipo teknikoa ikusten dugu grabatzen; soinu-teknikaria, kamaralaria…. Bertsolariak bertsoarekin egin duen bezala, zinemagileak pelikularen artifizioa erakusten digu. Orduan, Amurizak, haien guztien artetik pasatzen den bitartean zera kantatzen du: Amaitzeko puntu bat jarriko dizuet / ni banoa kalera eta segi zuek…”.

 

Advertisements