Axun eta Maite uhartean: nekazal eta hiri identitateak aurrez aurre euskal zineman

Iazko azaroan Katixa Agirre eta Beñat Doxandabaratz 80 egunean filmari buruz aritu ziren Irrati-telebista autonomiko, tokiko eta komunitarioen atzerakada. Gertuko komunikazioa mehatxupean izeneko kongresuan. Hona hemen ponentziaren pasarte bat.

lg_80 EGUNEAN_2

Filmak arreta berezia jartzen du erakusteko lesbianen marginalizazioa eta sufrimendua ez dela belaunaldi zaharren arazo hutsa. Belaunaldi berriek ere antzeko arazoei aurre egin behar izan diete. Axunek Maite lesbiana dela deskubritzen duenean, Estatu Batuetan bizi den alaba Josuneri deitzen dio “moda” horri buruz galdetzeko. Gaia nola mahai gaineratu ez dakiela, alabaren laguna omen den Arantxa kaletik ikusi duela asmatzen du. Arantxa lesbiana da, eta Axunek kuriositatez galdetzen dio alabari: “Modan dago orain hori, ez?”. Gaizki hartzen du alabak amaren ateraldia, eta errieta egiten dio Arantxak kontu horrekin “asko sufritu zuela” erantzunez. Alabak ez du ulertzen amaren kuriositatea benetakoa dela, eta ez txutxu-mutxu nahi hutsa, alegia, berarentzat berriak diren bizimodu horiek arreta deitzen diotela. Alabak, pipertuta, Axuni ulertarazten dio homosexualitatea ez dela garai modernoetako “moda”, eta bai ordea gaurko gizartean ere sufrimendua ekar dezakeen orientazioa, askatasunez bizi nahi izanez gero, bereziki emakumeentzat.

Generoari lotutako sufrimendua ere azpimarratuta dago 80 egunean. Josunek berak ere asko sufritu duela ematen zaigu aditzera. Dibortziatu ostean, Estatu Batuetara egin du alde eta bertan, bizitza alienatua eta bakartia darama. Inoiz ez dugu beste norbaitekin ikusten, sofan botata ematen du eguna, gaizki jaten. Senar ohiarekiko benetako herra sentitzen du, ez baitu ezer jakin nahi berari buruz, istripu baten ondorioz hilzorian badago ere. Senarrari buruz gutxi dakigu, baina Josunerengan horren oroitzapen txarra uzteaz gain, badakigu beste emakume bat sufriarazten ari zela istripua izan zuen momentuan: film hasieran negarrez ikusten dugu emakumea kopilotuaren eserlekuan. Hura istripuan hil eta gero haren familiak ez du ezer jakin nahi koman geratu den gizonaz.

Josuneren amak, ordea, familia balio tradizionalak jarraituz, suhi ohia bisitatzen du ospitalean egunero. Dagoeneko ez da bere familiakoa, baina Axunek lotura ohien ardura sentitzen du. Paradoxikoki, familia tradizionalaren arauen jarraipen estu honi esker ezagutuko du Maite – haren nebak eta suhi ohiak gela konpartitzen dutelako– eta ireki egingo da sexu eta harremanak bizitzeko modu berrietara.

Gehiago irakurri nahi baduzu, ponentzia osoa hemen ikus dezakezu.

‘Chez les basques’ zikloa, zinemagile atzerritarrak Ipar Euskal Herrian

Chez les Basques‘ zikloa antolatu du Kultur Basque-k (UPV/EHU), Euskal Herriarekin lotutako aintzinako zine-irudiei errepasoa egiteko.

PROGRAMA

Martxoak 2

Au Pays des Basques, Maurice Champreuxena (1930, 40 min)
Im Lande der Basken, Herbert Briegerena (1944, 12 min)
Around the world with Orson Welles, Pays Basque I (The Basque Countries) 26 min
Ondotik, Bernardo Atxagaren hitzaldia eta solasaldia

Martxoak 3

Huber Knappen bi film:
Le Curé basque de Greciette (26 minutu)
Croquis en Soule (26 minutu)
Ondotik Amets Arzallusen hitzaldia eta solasaldia

Martxoak 4

Otar Iosellianiren Euskadi été 1982 (55 min)
Ondotik, Oskar Alegriaren hitzaldia eta solasaldia

Edinburgotik bueltan: audientziaren gaineko gogoeta

Pasa den martxoaren 28-29 bitartean, blogean aurreratu genuen moduan, EIFAC 2014 Edinburgh International FilmAudience Conference mintegian parte hartzeko aukera izan genuen. Bi egunez zinemaren audientzia izan genuen hizpide; hain zuzen, gai hori ardatz hainbat herrialdetako esperientziak konpartitzeko espazio bilakatu zen Edinburgoko Filmhouse aretoa. Alegia, Turkia, Belgika, Alemania, Suitza, Portugal, Gales eta Eskoziatik bertatik etorritako ikerlari eta zinemaren sektoreko profesionalen bilgune.

 

Zinegin festibalaren kasu azterketa

Zinema audientziaren ikerketa xede izan duten kasu konkretuen bitartez, errealitate ezberdinak ezagutu eta partekatu genituen. Tartean, guk aurkeztutako Zinegin festibalari buruzkoa: Zinegin Basque film festival: a non-existent audience revealed. Zehazki, bere bigarren edizioan (2013ko abenduan) Hazparnera joandako ikusleen artean egindako ikerketa; euskal pelikulak Iparraldean erakusteko diren zailtasunei eta bertako publikoak gure pelikulak ikusteko aukera mugatuen berri eman ondotik, ikusle horien pertzepzio eta motibazioak azaleratuz.

Gure aurkezpenak interes handia piztu zuen bertaratutakoen artean. Euskal zinemaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, gure kultura eta hizkuntza babesteko Zinegin festibalaren garrantzia azpimarratu zuten gehienek. Horrez gainera, aurrera begira egin asmo ditugun ikerketetan kontuan hartzeko hainbat ideia ere eman zizkiguten. Zentzu horretan, plazer handia da besteekin esperientzia ezberdinak konpartitzea; elkarren arteko ezagutza aberasteko bide eta besteen esperientziatik ikasteko aukera polita delako.

Audientzia berria ikertzen

Audientziaren ikerketa esparruari dagokionean, Philippe Meers Antwerpen Unibertsitateko (Belgika) irakasleak azaldu zuenez, oraindik egiteko asko dago. Meersek dioenez, gai honen inguruan asko teorizatu bada ere, gutxi begiratu zaio lurralde bakoitzaren mugetatik kanpoko errealitateari. “Egia da metodologia ezberdinak praktikan jarri direla, baina perspektiba eurozentrista hutsetik”. Ez da ahaztu behar ikuslea testuinguru soziokultural zehatz bati dagokiola, eta ondorioz, horrek markatzen dituela haren espektatibak eta ideologia zinema kontsumitzerako orduan. Hala, elementu hori kontuan hartuz, ikerketa norberaren “erosotasun eremutik” kanpo ateratzeko eskaera egin zuen: “azterketa konparatiboak behar dira, hau da, kontinentearteko ikerkuntza”.

Alabaina, ikus-entzunezkoen kontsumoan berezko eta atzerritar digital ikuslearen arteko bereizketak audientzia kontzeptuaren gaineko eztabaida piztu du. Alegia, ez ote da egungo audientzia entzutera ohituak gauden definizio hori baino zerbait sakonagoa? Egungo ikuslea espektatibadun pertsona soil hori baino gehiago da. Orain arte ikuslea ziurtzat hartu ohi da, baina Martin Barker Aberyswyth (Gales) Unibertsitateko irakasle emerituak azaldu zuenez, audientzia zinemaren parte aktiboa izatera pasa da: pick (aukeratu), play (elkarri eragin), produce (eduki propioa sortu). Alegia, ikusle ekintzaren ikusezintasuna agerian geratuz.

Ikus-entzunezkoen bonbardaketa bizi dugun honetan, egungo filmek ikuslea bilatu eta harrapatu behar dute inoiz baino gehiago. Horri aurrea hartzerik badago askoz hobe. Horregatik, garbi dago zinemaren eragina neurtzen duten ikerketek hor egon behar dutela; komunitate txikietan geratzen den errealitateari arreta bereziki eskainiz (haien ekarpena balio handikoa baita giza ezagutza aberasteko bidean). Beharbada, dagoeneko audientzia proiektuaren sortze prozesuaren parte ez ote den galdetzerik ere badago. Horrek, ordea, azken emaitzan eragin zuzena izango luke. Eta galdera honakoa da orduan: mehatxu edota aukera baten aurrean gaude?

 

Miren Manias

Bartzelonako euskal zinemaren jaialdia: Zinemaldia.cat

Hutsune bat bete nahian, Bartzelonako Euskal Etxeak euskal zinemaren jaialdia antolatu nahi du otsailaren 13tik 22ra bitartean. Eta horretarako, crowfunding kanpaina sortu dute TotSuma plataforma bidez. Helburua da duela zortzi urtetik antolatzen duten mostrak aurrerapauso bat eman dezan eta Bartzelonako zinema areto komertzialetara salto egitea; izan ere, hiriburuak ez du euskal zinema jaialdirik oraindik. Horrek, ordea, kostu handia du. Baina Bartzelonako Euskal Etxeak kataluniako ikusleei euskal zinema erakustearen aldeko apustua egin nahi du bere IX. edizioan.

znmldAurtengo edizioaren kartela Igotz Ziarretak egin du; Eusko Jaurlaritzak aurtengo Fitur azokara eramandako irudiaren egilea

Dagoeneko aurreratu dute karteldegiaren zati bat: ‘Asier ETA biok‘ (2014), ‘El método Arrieta‘ (2013) eta ‘Sin título, 200×133‘ (2013) dokumentalen proiekzioa. Sail ofizialeko lehiaketaz gain, eztabaida saioak, mintegiak eta aurkezpenak ere jasoko ditu zinemaldiak. Azkenik, euskal eta katalan sortzaileen arteko topagune ere izango da.

Euskal zinemaren banaketaz Iparraldean

Badira aste batzuk Zinegin festibala amaitu zela, baina bertan euskal zinema Iparraldean erakusteko zailtasunei buruz eztabaidatzeko aukera izan genuela eta, gertutik ezagututako ikuspegia ekarri nahi izan dugu hona.

Euskal zinemak badu ikusle potentziala Iparraldean, hori berretsi baitu Hazparneko festibalaren bigarren edizioak izandako harrera onak. Areago, ikusleak filmak ikusteko gosez, haien eskaera gero eta handiagoa da. Baina Frantziar estatuko pantaila ezberdinetan gure zinema hedatzeko hainbat oztopo daude gaur egun. Alde batetik, horretarako egiturarik ez dago (alegia, zirkuitu ofizialik), eta bestetik, Frantziak bere zinema babesteko duen sistemak kanpoan uzten du euskalduna. Ondorioz, emanaldi bakan batzuk eta modu oso sakabanatuan egiten dira bakarrik; eta horrek ez du ahalbidetzen filmak modu egokian ustiatzea (egileentzat, ekoizleentzat eta zinema aretoen jabeentzat), ezta Iparraldeko audientziaren nahia asetzea ere.

ZineginHaritz Barne aretoa (Hazparne) bete egin zen Gure Sor Lekua filmaren emanaldian, Zinegin festibalaren baitan

Frantziako zinema babesteko sistema eratua dago Ameriketako Estatu Batuetako filmen inbasio erraldoia ekiditeko. Etxeko zinema sustatzeko estatuaren fondoa Frantziako Kultur Ministerioaren menpe den Centre National de la Cinématographie  (CNC) egitura publikoak kudeatu eta banatzen du. Fondo horren helburua da Frantziako zinema ekoizpena eta ikus-entzunezko industria babestea, hala, finantziazio iturri nagusi bi ditu: telebista kateen ekarpena -zinema prime-time tartean programatzeagatik ezartzen zaien tasatik datorrena-, eta zinema sarrera bakoitzean filma erakusteagatik aplikatzen den tasatik batutakoa –Europar Batasunekoak ez diren filmen kasuan-. Horrek esan nahi du, AEBko filmen audientziaren bitartez Frantziako zinema sustatzeko fondoa elikatzen dela.  Beraz, norbere zinema autofinantzatzeko bide ere bada. Eta egia esateko, ondo legoke horrelako politika Euskal Herrian ere izatea gure ekoizpena babestu aldera. Baina Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak dioenez, errealitatean “AEBko ekoizpenek toki gehiena okupatzen dute Frantziako zinegeletan, eta ondotik datoz Frantziakoak, legislazioak ondo babesturik”. Beraz, toki gutxi dago gainontzeko ekoizpenentzat. Bestetik, pantailak ez dira sarbide irekiak; baimenak behar dira. CNCk ematen duen matrikula zenbaki bat, hain zuzen. Berez, ez da eskuraezina, baina tramitazioak luze jotzen du.

Horregatik, hainbat eragile bilkuraz bilkura ari dira Ipar Euskal Herriko zinemetan euskal zinemaren hedapenari konponbidea emateko. Gaia ez berria eta guztiak bat datoz: “zerbait egin behar da“, azaltze dute. Baina ez da erraza asmatzen. Jarraitutasuna bermatzeko, hori bai, modu egonkor batean beharko du izan. Orain arteko bilkurek Ipar eta Hego Euskal Herriko ekoizleak harremanetan jartzeko balio izan dute, bereziki. Horrez gainera, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Pirinio Atlantikoen Kontseilu Nagusia eta Ecla Akitania -Akitanian zinemaz arduratzen den erakundea- bezalako eragile publikoen partaidetza ere egon da. Guztiek borondate ona agertu badute ere, zailtasunak agerikoak dira: ardurak zehaztea, finantziazioa lortzea, egituraren izaera definitzea, egutegia antolatzea, etab. Koordinazio falta dago. Baina poliki-poliki helburuak fintzen ari dira.

Zentzu horretan, euskal zinema eta Iparraldeko audientzia “erreprimitua” kontaktuan jartzeko bide da Zinegin. Pauso garrantzitsua dudarik gabe. Horrez gainera, euskal zinemarendako Iparraldean merkatua badagoela agerian utzi du ekimenak. Orain zer? Nondik hasi?

 

Miren Manias

Euskal zinemaren etorkizun hurbilaz

Asko dira oraindik euskal zinema industriarik ez dugula sinisten dutenak. Zerbait existitzen bada, “mini industria” bezala definitzen du esaterako Jon Garaño ‘Loreak errepidean’ euskarazko film luzearen zuzendarietako batek. Haren ustez, euskal zinema Euskal Herrian ekoiztutakoa da; berdin dio, aldiz, zuzendaria euskalduna ez bada eta filma Hego Euskal Herritik kanpo errodatzen bada. Beraien pelikula errodatzen amaitzeko egun batzuk besterik ez zaizkie falta, eta aurreikuspenak betez gero, aurten estreinatuko dute. Carlos Juarez EPE-APV euskal ekoizleen elkarteko presidentearen esanetan, berriz, euskal industriaren maila baxua da eta, ondorioz, ezin daiteke euskal zinemataz hitz egin. Bestetik, Joxe Portela IBAIA euskal ekoizleen bigarren elkarteko zuzendariak dio, zinemak eta kulturak aurrekontu publikoen zatirik txikiena hartzen dutela beti. Guztira, 72 euskal ekoiztetxeren ardura hartzen dute bi elkarteek, eta badirudi enpresa gehiei direla maila baxua duen industriarentzako. Bada, horietatik hamabik bakarrik dute zinema pantailetara helduko den proiektu bat garatzeko ahalmen ekonomikoa. Euskal zinema izan ala ez izan, arazo ekonomikoak argudiatzen dituzte gehienek.

Eusko Jaurlaritzak aste honetan argitaratu du ikus-entzunezkoen sorrera, garapena eta produkzioa sustatzeko diru-laguntzak 2013. urterako: 1.496.000 euro –nahiz eta kopurua zerbait handitu daitekeen gero-. Iazko zenbateko bera da, baina dagoeneko ezin zaio kopuru horri gehitu Espainiako Ministerioak hizkuntza ofizialkidetan egindako ikus-entzunezkoak sustatzeko zuen diru poltsa (milioi bat euro euskarazko ekoizpenentzako), izan ere, laguntza hori kentzea erabaki zuen iaz. Hala, euskal zinemak 2012an izandako aurrekontuaren erdia izango du aurten. Egoera horri gehitu behar zaio 2007an Jaurlaritzak ikus-entzunezko produkzioa sustatzeko finantziazio Dekretua bertan behera utzi izana aurten. Gauzak hala, ETBren laguntza erabakigarria izango da euskal zinemarentzako.

Gure pelikulen audientziak ere ez du apenas laguntzen. Datuak urtetik urtera okerragoak dira; jada, “militantziak” ere ez duela balio dio Portelak. ‘80 egunean’ (2010) euskarazko pelikulak, adibidez, Frantzian Espainian baino datu hobeak lortu ditu. Film luzeak 22.087 ikusle bakarrik batu ditu Espainian, eta haren orain arteko diru-bilketa 1.227.208,40 eurokoa da. Euskal film baten aurrekontu medioa 1,5 milioi eurokoa bada, normala da Garañok dioen bezala 2 milioi euroko pelikula bat egiteko kanpora joan behar izatea. Horregatik, asko dira Bartzelonara eta Madrilera aukera gehiagoren bila joan diren euskal zinemagileak (Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu, Pablo Berger, Julio Medem, Imanol Uribe, etab.). Baina hor ere antzeman dute ikus-entzunezko produkzioaren beherakada nabarmena; bereziki publizitate eta bideo korporatiboen ekoizpenean –zinemagile askorentzat bizirauteko lan osagarria zena-. Hala ere, badira gure lurraldea utzi behar izan duten zinemagileekin dramarik egin nahi ez dutenak. Ikuspegi baikorragoa dutenak, alegia.

Donostiako Zinemaldiako zuzendariaren hitzetan, esaterako, gure industriaren tamaina txikia bada ere, egonkorra da. Jose Luis Rebordinosen ustez, urtean pelikula bat edo bi egiten duten ekoiztetxeak daude; “beste batzuk, ordea, denbora gehiago eman dezakete, baina gutxika katalogo interesgarria osatzen da”. Dena den, aurten Zinemiran -Zinemadiaren baitan euskal zinemari eskainitako espazioan- jartzeko pelikulen bilaketa konplikatuagoa izango dela aitortzen du Rebordinosek, produkzio kopurua txikiagoa baita. Horregatik, bere iritziz, subentzioek ez dute proiektuaren zutabe nagusia izan behar, inbertsioetarako zerga pizgarriak sustatu behar direla uste du, eta horretan EITBren funtzioa “klabea” da. “Kanpora irten behar dugu, eta bide horretan lortu kanpoko ekoizleengan gure proiektuekiko interesa piztea”.

zinemira

Zinema egiteko eta kontsumitzeko eredu berriei ere egin behar zaie erreferentzia. Interneten etorrerak erabat aldatu baititu zinemaren etekin bideak. Edukiak erreproduzitzeko formatu eta plataforma berriek, aldiz, zinema kontsumitzeko modu berriak zabaldu dituzte. Ondorioz, zinema areto askoren itxiera bultzatu dute: Gasteizek ez dauka jatorrizko bertsioan zinema emateko aretorik, Floridak esaterako asteko azken saioak kendu ditu, Bilboko Multis aretoak bezalaxe; Donostiak bakarrik mantentzen du zinema independentearen kartelera bakarra. “Zientzia-fikziozko pelikula bat egin nahi duen euskal zinemagile batek oso zaila dauka gurean egin nahi badu”, dio Carlos Juarez ekoizleak. Ez horretan bakarrik, “gurean hezi nahi badu ere gaizki dauka”. Ez dago Hego Euskal Herrian erreferentziazko euskal zinema eskolarik. Ez teknikoak, ezta aktoreak trabatzeko ere. Soilik, EHUko eta Mondragon Unibertsitateko Huheziko ikus-entzunezko komunikazioko graduak daude (atzo inauguratu zuten azken horren fakultate berria). Horrez gainera, bizi dugun krisi ekonomikoak hainbat proiekturen etetea bultzatu du: Zinealdea. Oiartzungo poligonoan zinema laborategi, aldagela, entsegu gelak eta hainbat bulego hartzeko proiektua geldirik dago orain bi urtetatik.

Rodaje de la pelicula"Las Manos de mi madre"/Getaria/13-08-2012/LUSA

Euskal zinemak kostata eutsiko dio datozen urteotan 2000ko hamarkadan hasitako bide zidorrari, non 2005etik 2010era bitartean, gutxienez, urtero errodatu zen fikziozko euskarazko film luze bat (2008an izan ezik) –lau edo bost pelikula egin zireneko urte onak ere izan ziren tartean-. Hala, guztira, nekez egingo dira hamar lan 2013an –hori bai, fikziozko lanen, dokumentalen eta animaziozko lanen artean-. Zorte piska batekin, euskarazko bi film luze egingo dira: ‘Loreak errepidean’ eta ‘Amaren Eskuak’.

Iturria: El cine vasco se funde a negro – Bloga

Miren Manias