Gaur Chez Les Basques… Huber Knapp eta Amets Arzallus

Jean Luc Godard-en erretratugilea izan zen Huber Knapp zinegile frantziarra. Baina ez harena bakarrik. Euskal Herrian egin zituen bi dokumentaletan, besteak beste, Jean Elizalde Zerbitzari apez euskaltzaina eta Etxahun Irurikoa erretratatu zituen.

Zer ikusi zuen Pariseko zinegile batek Gerezietako apez zaharrarengan, filma oso bat dedikatzeko? Zer ziren harentzat Zuberoako artzainak?

Gaur arratsaldean, 18:30etan hasita, Bilboko Bizkaia Aretoan, Knappen bi filmak LE CURÉ BASQUE DE GRECIETTE eta EN SOULE ikusgai izango ditugu, eta, AMETS ARZALLUS. Euskal Herriko bertsolari txapeldunak, atzerritarren begiradari buruz gogoetatuko du, baina baita begirada hori euskaldunak hautemateko moduaz. Berak badu esperientzia “filmatua” izatean…

Knapp-en begirada, alta, ez da “begirada folkloriko tipikoa”. Umorez eta bihurrikeriaz gainezka dago haren soa.

http://www.ina.fr/video/CFP86657706

ZER: LE CURÉ BASQUE DE GRECIETTE eta EN SOULE filmak + AMETS ARZALLUSen hitzaldia
NON: UPV/EHUren Bizkaia Aretoan (Abandoibarra)
NOIZ: Gaur, 18:30etan.

‘Loreak’: hurrengo inflexio puntua ote?

Iragan Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren edizioan lehiatzen ikusi dugu lehen aldiz euskara hutsean egindako film luze bat: Joxe Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak (2014) hain zuzen. Horren garrantzia ikusita, Aupa Etxebeste! (2005) filmarekin gertatu bezala, badaude arrazoiak gertaera hori euskal zinemaren ibilbidean bigarren inflexio puntua izango den ala ez galdetzeko.

Bolo-bolo aritu dira hedabideak gure zinemaren osasunaz azkenaldian. Ez haatik. Presentzia indartsua eta maila altuko lanak izan dira aurtengo Zinemaldian. Loreak ala loraldia? Ez dira loreak besterik, baina ez da loraldirik, ez da egonkortzerik ere. Zinemaldiak errealitatearen zati bat islatzen du, ez besterik. 2000ko hamarraldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak eta ETBk martxan jarritako neurri eta adostutako hitzarmenen emaitza islatzen du; euskal zinema babesteko (bereziki euskaraz) agertutako borondate eta konpromiso instituzionalak ahalbidetutakoa.

Aupa Etxebeste! (2005) filmean kokatuko nuke ondoren etorritako loraldiaren inflexio puntua. 13 urte luze pasa genituen euskarazko ekoizpenik gabe eta film luze horrek harrera oso ona izan zuen: 71.000 lagun inguruk ikusi zuten filma zinema aretoetan. Tamalez, ez da errepikatu zifra hori. Horregatik, gutxienez, orain arte egindakoari eustea da erronkarik nagusiena. Eta bide hoberik ematen bazaio,  seguruenez, ez da hainbeste denbora pasako euskarazko beste film bat Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatzen ikusteko.

 

Zergatik (euskaraz) egin

Antxon Ezeiza (Donostia, 1935-2011) euskal zinemagintzak zer izan behar zuen gehien teorizatu zuen zinemagilea izan zen; Euskal Zinematografia Nazionala euskal estetika duena eta askapenezkoa izateko euskarazkoa bakarrik izango dela aldarrikatu zuen. Areago, hori eraikitzeko beste modurik ez dela izango. Eta egin ere egin zuen Ikuska sailarekin: Euskal Herriko errealitatea islatzen zuten euskarazko hogei dokumentaleko sorta.

Izaera eta errealitate ezberdinek berezko estetika dute. Begirada propioa. Ondorioz, gauzak kontatzeko berezko era. Euskal gizarteak berea dauka; eta horretarako erabiltzen du bere jatorrizko hizkuntza: euskara. Zinema, berriz, gizarte, kultura eta identitate balioen isla da. Beraz, euskal zinema Euskal Herrian sortua eta bertako baliabideekin egindakoa da. Egileek aukeratutako narrazio hizkuntza, ordea, modu naturalean etortzen den gauza da (arrazoi komertzialak tarteko ez badira behintzat). Alegia, filmaren estetikak eta etikak agintzen duena.

Horri erantsi behar zaio euskarazko filmak guk egiten ez baditugu ez dituela inork egingo. Eta zergatik egin? Errealitatea sinplifikatzea litzateke hala egiten ez badugu. Hizkuntzak ezabatzea bezala. Euskara existitzen da eta gu hizkuntza horren parte gara. Hizkuntza hori duen herri (errealitate) bat. Gaztelera ere badugu, noski, baina jatorrizkoa euskara da. Ez da ahaztu behar zinema ondarea uzteko modu bat dela.

Aldi berean baina, eztabaida hori atzean utzi eta harago joateko garaia ez ote den galdetzen diot nire buruari. Gurean ideiak ez dira falta, askotariko gaiak landu dituzten animaziozko eta fikziozko euskarazko dokumental, film labur zein film luzeen adibideak hor daude. Horregatik, hasi behar dugu hitz egiten Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren zinemaz; Telmo Esnal eta Asier Altunaren zinemaz; etab. Non euskara egonkortzen hasi berria den.

 

Errentagarritasunaz apunte batzuk

Film bat jendea zinemara joaten denean da ekonomikoki errentagarria, jakina denez, baina bada kulturalki ere. Kulturak behar duen babesa balioztatzean dago giltza. Eta Euskal Herrian, tamalez, lan handia dago egiteko esparru horretan. Lan pedagogikoa; izan ere, errealitateak dio ez garela zinema aretoetara joaten euskarazko filmak ikustera.

Gutxieneko euskarazko zinema eskaintza jarraitua bermatu beharko litzateke gure aretoetan –nahiz eta frantsesez, ingelesez, txineraz… errodatuta egon- eta banaketan agintzen duen merkatu diktadurari aurre egin, aurreiritziak apurtu eta publiko egonkorra sortu ahal izateko etxean.

Horrekin batera, euskal zinemagileek proiektua ipini behar dute gauza guztien gainetik. Audientzia bati zuzentzen zaion neurrian, filma babestu behar dute ezinbestean. Kohesio funtzioa duten balio eta esangura garrantzitsuak hedatzen baititu zinemak. Bide horretan euskal zinema ez da despistatu behar.

Filmen xede taldea handitzea ere ez da bide txarra. Kanpoan, esaterako, oso ondo funtzionatzen dute gure produktuek: 80 egunean jaialdi askotan ibili ondotik sari ugari ekarri zituen etxera; Espainiako estatuan baino kopia gehiagorekin banatu zen Frantzian. Hori bai, filma hemen baino mimo handiagoz tratatu zuten hango banatzaileek.

Zinema erakusleiho garrantzitsu horietara bueltatuz, Donostiakoa nazioartekoa izanik, ziur naiz hor lehiatzen egotea egileentzako motibazio iturri ere badela. Beraz, azkenik, administrazioak ez lituzke gure loreok zimeltzen utzi behar: loreak baino gehiago dira.

Miren Manias.

Euskarazko zinemaz

ETB1eko Tribuaren berbak saioaren azken atalean euskara eta zinema izan zituzten hizpide atzo, hilak 19. Oso atal borobila iruditu zitzaidan; sektoreko hainbat eragileren iritzi ezberdinak jasotzeaz gain, dinamikoa, entretenigarria eta didaktikoa izan zen. Gaiaren gaineko ekarpen polita egiteko aukera izan genuen. Horri lotuta, gure blogera ekarri nahi izan dugu gaia.

Euskarazko lehen filma

Josu Martinezen aurkikuntzari esker jakin dugu euskarazko lehen filma Gure Sor Lekua dela (1956). Diasporan bizi ziren euskaldunei zuzendutako film hau Andre Madré jeneral hazpandarrak egin zuen 1956. urtean, eta orain arte galdutzat ematen bazen ere, Martinezek Pariseko etxe partikular batean aurkitu berri du. Oso egoera onean gainera, koloretan dago eta ordu eta erdi irauten du. Egia esateko paradoxa bat da gure euskarazko lehen filma soinurik gabe agertu izana. Eta bai, pena da ezin euskararik entzutea. Baina momentuz, izan ere, bere ikerketak aurrera jarraitzen du.

Historia pixka bat

Euskal zinemaren ibilbidea garbia da. Hiru aldi nagusitan banatzen da: 60ko eta 70eko hamarkadak, 80ko eta 90eko hamarkadak, eta azkenik, 2000tik aurrera etorritako loraldi berria. Komeni da, hala ere, aipatzea 1933an lehen aldiz euskara entzun zitekeen Alma Vasca izeneko filmaren erakusketa egin zela; orduko prentsak zioen bezala euskal ohiturak eta euskarazko elkarrizketak jasotzen zituena. Horrez gainera, Teodoro Hernandorenaren -EAJko militante ohia- Euzkadi izeneko film propagandistikoa ezin aipatu barik utzik, non Euskal Herriko Aberri Egunaren irudiak ikus zitezkeen.

Gure Sor Lekuaren ondotik, frankismo garaian jada, 60ko eta 70eko hamarkadetan saiakera sendoagoa etorri zen. Lehenengo Gotzon Elortzaren dokumental sortarekin: Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (1961) eta Elburua Gernika (1962). Horiek euskal izaeraz egindako lehen dokumentalak bezala ezagutzen dira. Ondoren etorri zen Ama lur (1968), Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen eskutik; balio etnografiko handiko lana. Eta, azkenik, Antton Ezeizak ekoiztutako Ikuska (1978-1985) euskarazko film dokumentalak; guztiek ere Euskal Herriko gaiak jorratzen zuten.

1981, Eusko Jaurlaritzak euskal zinema babesteko diru-laguntza lerroak ezarri zituen lehen aldiz, eta horrekin batera, euskal ekoizpenek gora egin zuten: 1981 eta 1991 urte bitartean 43 euskal film luze ekoitzi ziren. 90eko hamarkada hasieran, berriz, orduko politika aldatu eta 1991. urtean Euskalmedia elkarte publikoa sortu zuen Jaurlaritzak, koprodukzio-inbertsioetara igaroz. Hori 1996. urtera arte. Tarte horretan administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko tirabirak izan ziren nagusi, Jaurlaritzaren erabaki asko ez ziren ondo ulertu sektorean eta laster ikusi zen gainera, bertako produkzioaren urritzearekin batera, euskal zinema husten eta desegituratzen. Euskarazko lan gutxi daude tarte horretan: Ke arteko egunak (1989) eta Off-eko maitasuna (1992) dira esanguratsuenak. Beraz, hamarkada hori euskal zinematografiaren garai ilunena bezala ezagutzen da.

Azken urteetako ibilbidea aztertuz gero, bereziki 2000ko hamarkada, euskarazko zinema produkzioak nabarmen gora egin duela ikusi daiteke: 2005-2013 urte bitartean, gutxienez, urtero estreinatu da euskarazko film luze bat (2008an izan ezik). Zehazki, zinema aretoetan estreinatutako euskara hutsean egindako fikziozko film luzeak dira 16 (2005-2013). Duda barik, administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko elkarrizketak berreskuratu direlako, hainbat ekimen martxan jarri direlako eta euskal zinema bultzatzeko konpromiso bat egon delako. Euskarazko produkzioari bultzada berezia emanez gainera.

Baina euskarazko zinemak zintzilik duen ikasgaia bere publikoa zinema aretoetara eramatea da.

Film luzea
        Urtea                 Ikusleak   Errekaudazioa
Aupa Etxebeste!

2005

71.972

341.504,80€

Kutsidazu bidea, Ixabel

2006

45.539

212.724,39€

Eutsi!

2007

26.463

136.766,05€

Ander

2009

602

2.684,80€

Sukalde kontuak

2009

4.996

27.183,70€

Zorion perfektua

2009

6.282

33.682,74€

80 egunean

2010

22.177

122.415,70€

Izarren argia

2010

25.228

133.876,66€

Zigortzaileak

2010

4.513

18.532,95€

Urteberri on, Amona!

2011

31.745

177.531,97€

Bi anai

2011

3.477

19.057,44€

Arriya

2011

11.704

59.324,82€

Bypass

2012

38.900

184.242,32€

Dragoi ehiztaria

2012

22.57

94.860,17€

Amaren eskuak

2013

3.909

21.922,44€

Iturria: ICAA

Asko eta denetik ekoitzi, edo gutxi eta ona?

Nire ustez produktu konkretuak funtzionatzen dute. Film batek harrena ona izango du hemen eta Iraken istorio unibertsal ona badu. Ondo kontatua badago. Berdin da euskaraz izatea edo ez. Zentzu horretan hemen ideiak ez dira falta, gai ezberdinak landu dituzten animaziozko eta fikziozko euskarazko dokumental, film labur zein film luzeen adibideak hor daude. Zinemaren azken helburua ikuslea entretenitzea izan beharko luke. Eta horretan euskarazko zinema ezin da despistatu.

Bestalde, filma jendea zinemara joaten denean da errentagarria, ekonomikoki noski, baina baita kulturalki ere. Kulturak behar duen babesa baloratzean dago giltza. Horrek, ordea, pedagogia lana eskatzen du, alegia, publikoa euskarazko filmetara ohitu beharra dago. Nola? Ba gutxieneko euskarazko zinema eskaintza jarraitua bermatu beharko litzateke gure aretoetan. Tamalez, banaketan diruaren eta merkatuaren diktadurak agintzen du.

Horren ondotik, ikusleei pazientzia eskatuko nieke. Eta azalduko naiz. Hamahiru urte luze pasatu genituen euskarazko zinema ekoizpenik gabe Aupa Etxebeste! (2005) estreinatu zen arte, horregatik, gosez zegoen audientziak ondo erantzun zuen orduan. Ondotik, Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) eta Eutsi! (2007) filmek ere nahiko emaitza ona jaso zuten. Baina ordutik ez da berriro errepikatu Aupa Etxebeste!-k lortutakoa. Beharbada, ondoren etorritako euskarazko film guztiek ez dutelako audientziaren espektatibak bete. Zentzu horretan, publikoak pazientzia errazegi galdu ez ote duen galdetzen naiz. Baina zinema industria batean produktu onak eta txarrak daude.

Soluzioa ez da erraza, baina garai onak bizi ez ditugun arren, aurrekontu handiagoekin lan egiten hastea ez legoke gaizki egongo; kanpora eraman daitezkeen istorio oneko produktuak egiteko.

Miren Manias

Zinegin Festibalaren II. Edizioa Hazparnen

Abenduaren 19tik 22ra, Euskal Zinemaren festibala berriro ospatuko da Hazparnen. Bigarrengo edizioa izango da hau eta Eihartzea kultur etxea eta Ttattolak antolatu dute. Euskaraz egindako lanak eskaintzea du xede jaialdiak, Amaren eskuak, Urte berri on, amona! eta Emak bakia izango dira, besteak beste, proiektatuko diren filmak. Egitarauan ikus daitezke egun bakoitzean proiektatuko diren filmak eta Prentsa dossierrean film bakoitzaren laburpen bat ere.

ImageFestibalean eskainiko diren filmak hegoaldekoak dira, Iparraldean euskarazko film hauek ikuskatzea zaila gertatzen baita. Beraz, festibal honen bitartez, Euskal kulturarentzat hain garrantzitsuak suertatu diren ekoizpen hauek Iparraldean proiektatzeko aukera luzatzen da. Aurtengo edizioaren trailerrean ikus daiteke zinemaldian eskainiko diren obren ideia bat.

Onzinema, etxetik atera gabe euskarazko filmak ikusgai

Euskal kulturaren edukien aldeko apustu berriak ari dira agertzen poliki-poliki. Dakigunez, erabakigarriak direnak gure lurraldean lanpostu eta enpresa berriak sortzeko. Kasu honetan, Irusoin eta Barton Films ekoizpen-etxeek elkarlanean sortutako Onzinema.com plataformaz ari gara. Filmak Interneten online streaming bidez ikusteko sistema. Etxetik atera gabe, filmak bereizmen handiko kalitatez ikusi eta entzun ahal izateko sortutako plataforma. Erabilera erraza du: erabiltzaileak izena eman besterik ez du eta behin pauso hori bete duenean, ikusi nahi duen filma, dokumentala edo telesaila aukeratu beharko du. Azkenik, aukeratu duen produktuaz gozatzea baino ez zaio geratuko, dagoen lekuan dagoela.

Hiru jarduera nagusi ditu: euskarazko bikoizketa, postprodukzio zerbitzu integrala edozein formatu eta euskarri digitalean eta filmen ekoizpena. Hauxe da hiritarrentzat irekita egongo dena. Honetaz gain, plataforma honek beste hainbat eragileri zuzendutako zerbitzua eskaintzeko aukera ere badauka: besteak beste, ikus-entzunezkoen eduki-ekoizleei, era guztietako zinemaldiei eta hainbat erakunde publikori (filmategiak, Etxepare, Kimuak…). Martxan jartzeko beharrezkoa den finantzazioa lortzen dutenean abiatuko dute zerbitzu hau.

Eginkizunaren inguruko zehaztasun gehiago eskaintzen dituen Ikasbil aldizkari digitalean agertu den lez: Onzinema.com plataformaz gain, baditu Irusoinek beste hainbat proiektu martxan. Datorren urtean, esaterako, Loreak errepidean filma estreinatuko dute, eta etorkizun laburrean hiritarren parte-hartze zuzena izango duen proiektua dute buruan: “Munduan zabaldutako mugimendua da, sozialki interesa duten gaien inguruan herritarren artean ekoiztutako proiektu batzuk gauzatzea da asmoa”.

‘Loreak Errepidean’ Leioako fakultatean errodatzen

Euskal Herriko Unibertsitatean ibili dira Loreak Errepidean errodatzen, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta Telmo Esnal zuzendari laguntzaile lez. Irusoin eta Moriarti etxeen artean ekoiztutako film berriari buruz ari naiz. Bat baino gehiago izan gara gerturatu garen kuriosoak eta hantxe zeuden, Leioako medikuntzako fakultatean, filmaren zati hunkigarri bat grabatzen. Hunkigarria esaten dut, ezin delako honen inguruko pistarik eman, ziurrenik filma ikusi arte errebelatuko ez diren gauzak errodatzen ibili direlako. Gaur grabazioaren bosgarren astea dela kontatu digu Xabi Berzosak eta jada pare bat aste gelditzen direla filmaren errodajea amaitutzat jotzeko.

Image

Bi zuzendari hauen aurrekariak ez dira batere makalak. Dokumentalaren –Lucio– eta film laburraren –Sintonia eta On the line- munduaren ibilbide arrakastatsuaren ostean,  80 egunean    filmarekin Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok fikziozko luzemetraiara egin zuten salto. 80 egunean filmak oihartzun esanguratsua lortu zuen, kritika positiboak eta etorkizuneko lanetarako itxaropenak. Erreferente bezala bikainak dira, 80 egunean euskaraz ekoiztutako filmik arrakastatsuena izan baita: 30 festibaletan saritua, 5 kontinenteetan zehar 100 festibal internazionaletan aukeratua, A kategoriako 4 festibaletarako aukeratua, Espainiako aretoetan 22.000 ikusle baino gehiago eta Frantzia, Holanda, Belgika, Errusia, Alemania, Eskandinavia, Italia, Austria, Suitza,  Eslovenia eta Polonian banatu da.

“Loreak errepidean” filmarekin euskarazko proiektu berri bat sortzen dabiltza, ziurrenik euskarazko zinemari identitate zeinu bat utziz, Euskadin zein internazionalki sendotzen lagunduko duena. Ahanztura eta oroitzapenaren arteko borroka ikusi ahalko dugu. Izan ere, ahanztura behartzea posible al da? Eta oroitzapena? Eta memoriak bere bidea jarraitzen badu? Kontu hauetan murgiltzea proposatuko digun filma dugu hauxe. Beraz, gai hauen inguruan aritzeko estreinaldira itxaron beharko dugu…

Image

Kamio eta Espiau euskal nazionalismoaren inguruan

Saio benetan interesgarria izan zen Nazionalismo Masterrak antolatutakoa. Gorka Espiau eta Joseba Kamio izan ziren hizlari eta Nation Branding kontzeptuaren inguruan ibili ziren. Kontzeptu erakargarria marketinaren, publizitatearen, audientzien eta dena delakoaren ikuspuntutik.

Kamio hasi zen izotzaldia urtzen, modernitatearen frakasoaren inguruan mintzatuz. Honek zioen lez, eskaintza berriak ikusten ditugu, bere nortasunetik ateratzen direnak. Niraultza kontzeptua ere aipatu zuen, nortasunaren iraultza. Eta marka hitza esan orduko, hauxe esan zuen “markak buruan posizionatzen dira, ez merkatuan”.

Xede taldeari esan behar zaiola nor zaren, zer egiten duzun eta zergatik den garrantzitsua eskaintzen duzun hori. Hau nabarmendu zuen Kamiok, izan ere produktua saldu nahi duen horrek ez du nahi izaten bere hainbat ‘potentzial’ bezeroari aipatu barik utzi. Eta eginbeharreko kontua da, nahi edo ez nahi, indargune bat aukeratu behar da eta besteei uko egin. Honetaz gain, nazio batek arrakasta izateko jarrera bat izan behar duela azaldu zuen. Eta jarrera horrek ezberdina izan behar duela, esanguratsua, benetakoa, diskriminantea, sendoa, argia… hau guztia behar du izan arrakasta lortu nahi badu.

Espiau gero, berrikuntza sozialaren inguruan mintzatu zen, bolo-bolo dabilen errealitate bat. Honetan lanean dabiltzan hainbat proposamen aurkeztu zituen eta Euskal Herriaren kasuaren berezitasunaz ere hitz egin zuen. Laburbilduz, berrikuntza soziala eskaera sozial larriei modu berritzailean erantzuteko gaitasuna ematen duten praktika, produktu eta zerbitzu berrien multzoa litzateke. Mundu guztian zehar aurkitzen diren kasu bereziak erakutsi zituen, errealitate berriak mahai gainean jarriz.

Postarekin amaitzeko hitzaldiaren osteko tertulian atera zen ideia bat airean utziko dut. Orekarik ez duen herrialde nahiz pertsona batek beti egingo ditu ahalegin gehiago aurkitzen den egoera horretatik ateratzeko. Egoera eroso batean bizi den bat ordea, bere horretara ohituko da, erosotasunera. Euskal Herriak zapalkuntza bortitz bati buelta ematea lortu zuen eta geuri tokatu zaigu loraldi horretaz gozatzea. Baina loraldiak ez dira eternoak, loreak usteldu ere egiten dira. Egoera hobeago batera iritsi izanak ez du zertan esan nahi hortxe amaitu direnik ahaleginak. Gainera loraldi batean gaudenik ezin du inork esan, bestela komentatu dezala hemen azpian. Ziurgabetasunean bizitzeak izan beharko ditu bere abantailak.

“Documentaire et nation” jardunaldiak Parisen (Apirilaren 12an)

"Documentaire et nation" jardunaldiak Parisen (Apirilaren 12an)

Heldu den ostegunean, apirilaren 13an, “Documentaire et nation” jardunaldiak igaroko dira Paris III Nouvelle Sorbone unibertsitatean, Catalunyako, Galizako eta Euskal Herriko zinemagintza gaitzat hartuta.

Bertan, Margarita Ledo Andion zinegile galizarra, Isona Passola kataluniarra eta Josu Martinez izango dira hizlari.

Goizean, norbere esperientzian oinarritutako ponentzia bat aurkeztuko du bakoitzak, eta arratsaldean, bi mahainguru burutuko dira, hiru herrialdeetan “Dokumentala eta nazioak” telebistan eta zineman ze leku dute aztertzeko.

Ikertzen lagundu iezaguzu

Euskal zinemaren promozioaren ikerketa bat egiten ari gara eta oso garrantzitsua da guretzat Aupa Etxebeste filma ikusi baduzu ondorengo galderak erantzuteko tarte bat hartu dezazun. Erantzunak isilpeko informazioa izango dira eta soilik ikerketa honetarako erabiliko dira. Beraz, asko eskertuko genuke zuen parte hartzea. Inkesta betetzeak 10 minutu inguru eskatzen ditu.

aupa-etxebeste-4

INKESTA: http://www.encuestafacil.com/RespWeb/Cuestionarios.aspx?EID=1464795&MT=X#Inicio

Eskerrik asko

Film baten lehenengo izenburu euskalduna

Aurten, Nafarroan ospatzen den eta zine dokumentala eskaintzen duen Punto de Vista zinemaldian izan nintzen. Bertan Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita filma ikusten nuen bitartean ni ere Man Ray-taz liluraturik geratzea lortu zuen honek. Man Ray amerikarrak 1926an Emak bakhia izeneko film labur bat egin zuen, eta izenburu euskalduna jarri zion bere filmari. Man Rayk, artista surrealista eta dadaista, filmatzeko modu arruntetatik at sortzen zituen bere obrak eta horretan aitzindaria izan zen. Oscar Alegriak ederki asko azaltzen du haren “arauz kanpoko” joera hori, kamera airera nola botatzen zuen baita grabatzen zituen hainbat irudi haizeak bultzatutako kamara batek errodatutakoak izaten zirela ere.

Kontua da amerikar honek bere obrari izen euskalduna jarri ziola, Emak bakhia! Euskaldunok esaten dugun bezela, Emaiek bakea! Garai honetan oraindik euskarazko zinerik ez zegoen, hauxe izan zelarik euskarazko deitura izan zuen lehenengo filma. Oskar Alegriaren dokumentalak bilaketa baten istorioa kontatzen du, Man Ray-ren filman agertzen den Emak Bakia deituriko etxearen bilaketa. Alegriaren bilaketaren erreferente haizea eta zoria izango dira, besteak beste. Hortik hasiko du bilaketa eta bitartean amerikar zinegile honen kontuak azaltzeari ekingo dio.

Man Ray-k bere filma izendatzeko adierazpen hoberik ezin zuen aurkitu, horixe zen behar zuena. Emak bakia! filmatzeko zuen izaera bitxiarekin guztiz bat zetorrena, nik hauxe esaten irudikatzen dut: “Emaiek bakea! Nik nahi diaten bezala egingo dut zinema!”. Halaxe egin zuen behintzat, ezohiko teknikak erabiltzeagatik eta izenburu euskalduna jartzeagatik aitzindaria baitugu Man Ray. Betiko txantiloietik at egin zuen bere gustukoa, zinema.

Modu batera edo bestera, Man Rayk zinemaren bitartez bi kultura oso ezberdinek kolpe batekin lotzea lortu zuen. Bera, amerikarra, gu, euskaldunak. Baina filmaren bitartez sortzen duen kontakizuna ulertzeko gai bagara, bai gu eta baita amerikarrak ere. Zinemaren arteak kulturen arteko distantziak laburtzen laguntzen duenaren adibide argia dugu hauxe. Zinema beraz, ezinbestekoa erreminta bat da kultura baten biziraupenerako, eta azpimarratuz, gure kulturaren eta honen hizkuntzaren biziraupenerako. Zinemaren bitartez bertoko baloreak transmititzeko eta mantentzeko gai gara, beraz gurea den bezalako eremu txikian honi uko egiten badiogu, txikiarenak egin du.

Hau esanda, zinemak ez al luke gure kulturaren osagai ezinbesteko bat izan beharko? Ez al du honek babestua egotea merezi? Ez al genuke hau sustatu beharko? Bitarteko gutxirekin bizirautea lortu duen esparru honek indartu beharra dauka, euskarari oraindik eman ez zaion tokia eskaini ahal izateko.

Emak Bakia Baita filmean Ruper Ordorikak esaten dituen hitz gutxi batzuk uzten ditut post honekin amaitzeko:

Ruper

“…baina mundutik gauzak horrela daude, urtean zenbat hizkuntza galtzen diren ikustearekin nahikoa da.”