(Donostiako 60. Zinemalditik itzuli ostean idatzitako testua, Gaur8 gehigarrian argitaratua 2012ko urriaren 5ean)
Amaitu da Zinemaldia, atera naiz burbuilatik, itzuli naiz bizitza arruntera. Eta benetan, zeinen arrunta den bizitza filmetatik kanpo. Utz nazazue, beraz, soilik lerro hauen bitartez bada ere, burbuilara itzultzen. Donostia ederrera, Kursaaleko gauetara, Antiguo Berrirako pelegrinazioetara.

Berezia izan da aurtengo Zinemaldia niretzako. Berezia izan zen orain dela hamahiru urte Gazteriaren Sariaren epaimahaian ibili nintzenean, eta are bereziagoa izan da aurtengoa Serbitzu sarian epaimahaikide ibili naizelako. Estatus honi esker, gertutik ikusi dut Dustin Hoffman emozioak azpiratuta, negar-zotinka, eta are gertuagotik Ewan McGregor etsipen disimulatuaz argazkilarien aurrean posatzen.
Baina Hollywoodeko izarrak, festak eta akreditatuentzako doakoak ziren garagardoak anekdota hutsak –anekdota ederrak– baino ez dira. Benetako gertaerak zine-aretoetan eman dira. Luzaroan gogoratuko ditudan horiek.
Serbitzu saria (bai, esez) Euskal Herrian ekoitzitako film onenari ematen zaio, eta film hori edozein sailetakoa izan daiteke. Zinemira sailetik Zabaltegira egiten genuen salto, beraz, eta handik, askotan korrika, Zuzendari Berrien sailera. Aitortu behar dut itxaropen mugatuarekin hasi nuela euskal zinean barrena egin beharreko tour partikular hau. Zine txikia, amateurra, industriarik gabekoa, diglosikoa, nahi eta ezinaren erakusgarria… eta gainera krisi bikoitz batean murgilduta dagoena (zinea beti baitago krisian, eta orain, gainera, krisi globalaren testuinguruan). Horra hor klixe ilunenak marrazten zuen egoera.

Eta o!, sorpresa. Ahoa bete hortz utzi nau Zinemaldian ikusitakoak. Ez dakit doako garagardoek nigan sortzen duten euforiapean ari ote naizen idazten oraindik, baina utz nazazue euforia hau zuekin partekatzen, mesedez.
Kalitatezko zinea ikusi dugu. Euskal produkzioek kalitatea dute. Berriz esango dut: pelikula onak. Ezaugarri komun bat aipatu beharko banu, esango nuke ez dagoela ezaugarri komunik: denetarikoa da euskal zinea. Produkzio umilak eta anbizio handikoak. Euskara, ingelesa, errusiera, gaztelania eta hainbat hizkuntza darabilena.
Annapurnatik Southamptonera garamatzana, eta Kazakhstanetik Baztango bailarara. Bilbo bonbardatutik Isozaki dorreen Bilbora. Dokumentalak, dokumental (erdi) faltsuak, komedia erromantikoak, animaziozko filmak, drama siberiarrak, film historikoak…
Eta hau guztia hamar filmen lagin txiki batean. Beste hainbeste kanpoan gelditu direla jakinda. (Barrura begiratzeko leihoak, adibidez, Aquariumeko pase berezi batean ikusteko aukera izan genuen, Zinemaldiaren zurrunbiloaren erdian).
Euskararen presentzia ere azpimarratzeko modukoa da Euskal Herrian egiten den zinearen lagina izan nahi duen sorta honetan. Gogora dezagun 12 urtez euskara pantaila handitik baztertuta egon dela, 2005en “Aupa, Etxebeste!” estreinatu zen arte. Ez dakit konturatzen garen hutsune horren dramaz, eta ez dakit konturatzen ote garen euskarazko produkzioen susperraldi apal baina egonkor honen garrantzi itzelaz.

Bypass
Serbitzu Sariaren hautagaiek aukeratu duten euskara ere anitza da, soinu eta musika desberdinekoa. Zuloakek darabilen euskara zikina (alua eta zakila baino hitz gogorragoak behar ditugula gogorarazten diguna), Bypasseko pertsonaiek darabilten euskara urbano eta standarra (zenbat kalte egin dion amodioak sexuari!), XVII. mendeko Baztango euskara primeran errekreatuta Baztan filmean (Antxo, hator hune! Bai, jaune!).
Aipatutako hiru film hauek hil honetan bertan izango dira ikusgai zine-aretoetan. Burbuilan sartu nahi duzuenontzat. Euskal zinea zertan den jakin nahi duzuenontzat. Euskal zinea existitzen den edo ez den zalantzan zaudetenontzat. Euskal zinea gure imajinazioaren mugetatik harago doala beldurrik gabe deskubritu nahi dutenentzat.