Axun eta Maite uhartean: nekazal eta hiri identitateak aurrez aurre euskal zineman

Iazko azaroan Katixa Agirre eta Beñat Doxandabaratz 80 egunean filmari buruz aritu ziren Irrati-telebista autonomiko, tokiko eta komunitarioen atzerakada. Gertuko komunikazioa mehatxupean izeneko kongresuan. Hona hemen ponentziaren pasarte bat.

lg_80 EGUNEAN_2

Filmak arreta berezia jartzen du erakusteko lesbianen marginalizazioa eta sufrimendua ez dela belaunaldi zaharren arazo hutsa. Belaunaldi berriek ere antzeko arazoei aurre egin behar izan diete. Axunek Maite lesbiana dela deskubritzen duenean, Estatu Batuetan bizi den alaba Josuneri deitzen dio “moda” horri buruz galdetzeko. Gaia nola mahai gaineratu ez dakiela, alabaren laguna omen den Arantxa kaletik ikusi duela asmatzen du. Arantxa lesbiana da, eta Axunek kuriositatez galdetzen dio alabari: “Modan dago orain hori, ez?”. Gaizki hartzen du alabak amaren ateraldia, eta errieta egiten dio Arantxak kontu horrekin “asko sufritu zuela” erantzunez. Alabak ez du ulertzen amaren kuriositatea benetakoa dela, eta ez txutxu-mutxu nahi hutsa, alegia, berarentzat berriak diren bizimodu horiek arreta deitzen diotela. Alabak, pipertuta, Axuni ulertarazten dio homosexualitatea ez dela garai modernoetako “moda”, eta bai ordea gaurko gizartean ere sufrimendua ekar dezakeen orientazioa, askatasunez bizi nahi izanez gero, bereziki emakumeentzat.

Generoari lotutako sufrimendua ere azpimarratuta dago 80 egunean. Josunek berak ere asko sufritu duela ematen zaigu aditzera. Dibortziatu ostean, Estatu Batuetara egin du alde eta bertan, bizitza alienatua eta bakartia darama. Inoiz ez dugu beste norbaitekin ikusten, sofan botata ematen du eguna, gaizki jaten. Senar ohiarekiko benetako herra sentitzen du, ez baitu ezer jakin nahi berari buruz, istripu baten ondorioz hilzorian badago ere. Senarrari buruz gutxi dakigu, baina Josunerengan horren oroitzapen txarra uzteaz gain, badakigu beste emakume bat sufriarazten ari zela istripua izan zuen momentuan: film hasieran negarrez ikusten dugu emakumea kopilotuaren eserlekuan. Hura istripuan hil eta gero haren familiak ez du ezer jakin nahi koman geratu den gizonaz.

Josuneren amak, ordea, familia balio tradizionalak jarraituz, suhi ohia bisitatzen du ospitalean egunero. Dagoeneko ez da bere familiakoa, baina Axunek lotura ohien ardura sentitzen du. Paradoxikoki, familia tradizionalaren arauen jarraipen estu honi esker ezagutuko du Maite – haren nebak eta suhi ohiak gela konpartitzen dutelako– eta ireki egingo da sexu eta harremanak bizitzeko modu berrietara.

Gehiago irakurri nahi baduzu, ponentzia osoa hemen ikus dezakezu.

Advertisements