Iragan Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren edizioan lehiatzen ikusi dugu lehen aldiz euskara hutsean egindako film luze bat: Joxe Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak (2014) hain zuzen. Horren garrantzia ikusita, Aupa Etxebeste! (2005) filmarekin gertatu bezala, badaude arrazoiak gertaera hori euskal zinemaren ibilbidean bigarren inflexio puntua izango den ala ez galdetzeko.
Bolo-bolo aritu dira hedabideak gure zinemaren osasunaz azkenaldian. Ez haatik. Presentzia indartsua eta maila altuko lanak izan dira aurtengo Zinemaldian. Loreak ala loraldia? Ez dira loreak besterik, baina ez da loraldirik, ez da egonkortzerik ere. Zinemaldiak errealitatearen zati bat islatzen du, ez besterik. 2000ko hamarraldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak eta ETBk martxan jarritako neurri eta adostutako hitzarmenen emaitza islatzen du; euskal zinema babesteko (bereziki euskaraz) agertutako borondate eta konpromiso instituzionalak ahalbidetutakoa.
Aupa Etxebeste! (2005) filmean kokatuko nuke ondoren etorritako loraldiaren inflexio puntua. 13 urte luze pasa genituen euskarazko ekoizpenik gabe eta film luze horrek harrera oso ona izan zuen: 71.000 lagun inguruk ikusi zuten filma zinema aretoetan. Tamalez, ez da errepikatu zifra hori. Horregatik, gutxienez, orain arte egindakoari eustea da erronkarik nagusiena. Eta bide hoberik ematen bazaio, seguruenez, ez da hainbeste denbora pasako euskarazko beste film bat Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatzen ikusteko.
Zergatik (euskaraz) egin
Antxon Ezeiza (Donostia, 1935-2011) euskal zinemagintzak zer izan behar zuen gehien teorizatu zuen zinemagilea izan zen; Euskal Zinematografia Nazionala euskal estetika duena eta askapenezkoa izateko euskarazkoa bakarrik izango dela aldarrikatu zuen. Areago, hori eraikitzeko beste modurik ez dela izango. Eta egin ere egin zuen Ikuska sailarekin: Euskal Herriko errealitatea islatzen zuten euskarazko hogei dokumentaleko sorta.
Izaera eta errealitate ezberdinek berezko estetika dute. Begirada propioa. Ondorioz, gauzak kontatzeko berezko era. Euskal gizarteak berea dauka; eta horretarako erabiltzen du bere jatorrizko hizkuntza: euskara. Zinema, berriz, gizarte, kultura eta identitate balioen isla da. Beraz, euskal zinema Euskal Herrian sortua eta bertako baliabideekin egindakoa da. Egileek aukeratutako narrazio hizkuntza, ordea, modu naturalean etortzen den gauza da (arrazoi komertzialak tarteko ez badira behintzat). Alegia, filmaren estetikak eta etikak agintzen duena.
Horri erantsi behar zaio euskarazko filmak guk egiten ez baditugu ez dituela inork egingo. Eta zergatik egin? Errealitatea sinplifikatzea litzateke hala egiten ez badugu. Hizkuntzak ezabatzea bezala. Euskara existitzen da eta gu hizkuntza horren parte gara. Hizkuntza hori duen herri (errealitate) bat. Gaztelera ere badugu, noski, baina jatorrizkoa euskara da. Ez da ahaztu behar zinema ondarea uzteko modu bat dela.
Aldi berean baina, eztabaida hori atzean utzi eta harago joateko garaia ez ote den galdetzen diot nire buruari. Gurean ideiak ez dira falta, askotariko gaiak landu dituzten animaziozko eta fikziozko euskarazko dokumental, film labur zein film luzeen adibideak hor daude. Horregatik, hasi behar dugu hitz egiten Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren zinemaz; Telmo Esnal eta Asier Altunaren zinemaz; etab. Non euskara egonkortzen hasi berria den.
Errentagarritasunaz apunte batzuk
Film bat jendea zinemara joaten denean da ekonomikoki errentagarria, jakina denez, baina bada kulturalki ere. Kulturak behar duen babesa balioztatzean dago giltza. Eta Euskal Herrian, tamalez, lan handia dago egiteko esparru horretan. Lan pedagogikoa; izan ere, errealitateak dio ez garela zinema aretoetara joaten euskarazko filmak ikustera.
Gutxieneko euskarazko zinema eskaintza jarraitua bermatu beharko litzateke gure aretoetan –nahiz eta frantsesez, ingelesez, txineraz… errodatuta egon- eta banaketan agintzen duen merkatu diktadurari aurre egin, aurreiritziak apurtu eta publiko egonkorra sortu ahal izateko etxean.
Horrekin batera, euskal zinemagileek proiektua ipini behar dute gauza guztien gainetik. Audientzia bati zuzentzen zaion neurrian, filma babestu behar dute ezinbestean. Kohesio funtzioa duten balio eta esangura garrantzitsuak hedatzen baititu zinemak. Bide horretan euskal zinema ez da despistatu behar.
Filmen xede taldea handitzea ere ez da bide txarra. Kanpoan, esaterako, oso ondo funtzionatzen dute gure produktuek: 80 egunean jaialdi askotan ibili ondotik sari ugari ekarri zituen etxera; Espainiako estatuan baino kopia gehiagorekin banatu zen Frantzian. Hori bai, filma hemen baino mimo handiagoz tratatu zuten hango banatzaileek.
Zinema erakusleiho garrantzitsu horietara bueltatuz, Donostiakoa nazioartekoa izanik, ziur naiz hor lehiatzen egotea egileentzako motibazio iturri ere badela. Beraz, azkenik, administrazioak ez lituzke gure loreok zimeltzen utzi behar: loreak baino gehiago dira.
Miren Manias.