ETB1eko Tribuaren berbak saioaren azken atalean euskara eta zinema izan zituzten hizpide atzo, hilak 19. Oso atal borobila iruditu zitzaidan; sektoreko hainbat eragileren iritzi ezberdinak jasotzeaz gain, dinamikoa, entretenigarria eta didaktikoa izan zen. Gaiaren gaineko ekarpen polita egiteko aukera izan genuen. Horri lotuta, gure blogera ekarri nahi izan dugu gaia.
Euskarazko lehen filma
Josu Martinezen aurkikuntzari esker jakin dugu euskarazko lehen filma Gure Sor Lekua dela (1956). Diasporan bizi ziren euskaldunei zuzendutako film hau Andre Madré jeneral hazpandarrak egin zuen 1956. urtean, eta orain arte galdutzat ematen bazen ere, Martinezek Pariseko etxe partikular batean aurkitu berri du. Oso egoera onean gainera, koloretan dago eta ordu eta erdi irauten du. Egia esateko paradoxa bat da gure euskarazko lehen filma soinurik gabe agertu izana. Eta bai, pena da ezin euskararik entzutea. Baina momentuz, izan ere, bere ikerketak aurrera jarraitzen du.
Historia pixka bat
Euskal zinemaren ibilbidea garbia da. Hiru aldi nagusitan banatzen da: 60ko eta 70eko hamarkadak, 80ko eta 90eko hamarkadak, eta azkenik, 2000tik aurrera etorritako loraldi berria. Komeni da, hala ere, aipatzea 1933an lehen aldiz euskara entzun zitekeen Alma Vasca izeneko filmaren erakusketa egin zela; orduko prentsak zioen bezala euskal ohiturak eta euskarazko elkarrizketak jasotzen zituena. Horrez gainera, Teodoro Hernandorenaren -EAJko militante ohia- Euzkadi izeneko film propagandistikoa ezin aipatu barik utzik, non Euskal Herriko Aberri Egunaren irudiak ikus zitezkeen.
Gure Sor Lekuaren ondotik, frankismo garaian jada, 60ko eta 70eko hamarkadetan saiakera sendoagoa etorri zen. Lehenengo Gotzon Elortzaren dokumental sortarekin: Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (1961) eta Elburua Gernika (1962). Horiek euskal izaeraz egindako lehen dokumentalak bezala ezagutzen dira. Ondoren etorri zen Ama lur (1968), Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen eskutik; balio etnografiko handiko lana. Eta, azkenik, Antton Ezeizak ekoiztutako Ikuska (1978-1985) euskarazko film dokumentalak; guztiek ere Euskal Herriko gaiak jorratzen zuten.
1981, Eusko Jaurlaritzak euskal zinema babesteko diru-laguntza lerroak ezarri zituen lehen aldiz, eta horrekin batera, euskal ekoizpenek gora egin zuten: 1981 eta 1991 urte bitartean 43 euskal film luze ekoitzi ziren. 90eko hamarkada hasieran, berriz, orduko politika aldatu eta 1991. urtean Euskalmedia elkarte publikoa sortu zuen Jaurlaritzak, koprodukzio-inbertsioetara igaroz. Hori 1996. urtera arte. Tarte horretan administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko tirabirak izan ziren nagusi, Jaurlaritzaren erabaki asko ez ziren ondo ulertu sektorean eta laster ikusi zen gainera, bertako produkzioaren urritzearekin batera, euskal zinema husten eta desegituratzen. Euskarazko lan gutxi daude tarte horretan: Ke arteko egunak (1989) eta Off-eko maitasuna (1992) dira esanguratsuenak. Beraz, hamarkada hori euskal zinematografiaren garai ilunena bezala ezagutzen da.
Azken urteetako ibilbidea aztertuz gero, bereziki 2000ko hamarkada, euskarazko zinema produkzioak nabarmen gora egin duela ikusi daiteke: 2005-2013 urte bitartean, gutxienez, urtero estreinatu da euskarazko film luze bat (2008an izan ezik). Zehazki, zinema aretoetan estreinatutako euskara hutsean egindako fikziozko film luzeak dira 16 (2005-2013). Duda barik, administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko elkarrizketak berreskuratu direlako, hainbat ekimen martxan jarri direlako eta euskal zinema bultzatzeko konpromiso bat egon delako. Euskarazko produkzioari bultzada berezia emanez gainera.
Baina euskarazko zinemak zintzilik duen ikasgaia bere publikoa zinema aretoetara eramatea da.
Film luzea |
Urtea | Ikusleak | Errekaudazioa |
Aupa Etxebeste! |
2005 |
71.972 |
341.504,80€ |
Kutsidazu bidea, Ixabel |
2006 |
45.539 |
212.724,39€ |
Eutsi! |
2007 |
26.463 |
136.766,05€ |
Ander |
2009 |
602 |
2.684,80€ |
Sukalde kontuak |
2009 |
4.996 |
27.183,70€ |
Zorion perfektua |
2009 |
6.282 |
33.682,74€ |
80 egunean |
2010 |
22.177 |
122.415,70€ |
Izarren argia |
2010 |
25.228 |
133.876,66€ |
Zigortzaileak |
2010 |
4.513 |
18.532,95€ |
Urteberri on, Amona! |
2011 |
31.745 |
177.531,97€ |
Bi anai |
2011 |
3.477 |
19.057,44€ |
Arriya |
2011 |
11.704 |
59.324,82€ |
Bypass |
2012 |
38.900 |
184.242,32€ |
Dragoi ehiztaria |
2012 |
22.57 |
94.860,17€ |
Amaren eskuak |
2013 |
3.909 |
21.922,44€ |
Iturria: ICAA
Asko eta denetik ekoitzi, edo gutxi eta ona?
Nire ustez produktu konkretuak funtzionatzen dute. Film batek harrena ona izango du hemen eta Iraken istorio unibertsal ona badu. Ondo kontatua badago. Berdin da euskaraz izatea edo ez. Zentzu horretan hemen ideiak ez dira falta, gai ezberdinak landu dituzten animaziozko eta fikziozko euskarazko dokumental, film labur zein film luzeen adibideak hor daude. Zinemaren azken helburua ikuslea entretenitzea izan beharko luke. Eta horretan euskarazko zinema ezin da despistatu.
Bestalde, filma jendea zinemara joaten denean da errentagarria, ekonomikoki noski, baina baita kulturalki ere. Kulturak behar duen babesa baloratzean dago giltza. Horrek, ordea, pedagogia lana eskatzen du, alegia, publikoa euskarazko filmetara ohitu beharra dago. Nola? Ba gutxieneko euskarazko zinema eskaintza jarraitua bermatu beharko litzateke gure aretoetan. Tamalez, banaketan diruaren eta merkatuaren diktadurak agintzen du.
Horren ondotik, ikusleei pazientzia eskatuko nieke. Eta azalduko naiz. Hamahiru urte luze pasatu genituen euskarazko zinema ekoizpenik gabe Aupa Etxebeste! (2005) estreinatu zen arte, horregatik, gosez zegoen audientziak ondo erantzun zuen orduan. Ondotik, Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) eta Eutsi! (2007) filmek ere nahiko emaitza ona jaso zuten. Baina ordutik ez da berriro errepikatu Aupa Etxebeste!-k lortutakoa. Beharbada, ondoren etorritako euskarazko film guztiek ez dutelako audientziaren espektatibak bete. Zentzu horretan, publikoak pazientzia errazegi galdu ez ote duen galdetzen naiz. Baina zinema industria batean produktu onak eta txarrak daude.
Soluzioa ez da erraza, baina garai onak bizi ez ditugun arren, aurrekontu handiagoekin lan egiten hastea ez legoke gaizki egongo; kanpora eraman daitezkeen istorio oneko produktuak egiteko.
Miren Manias