Hil eta bizi: dolua zinemaren bitartez

Pasa den astean ‘Hil eta bizi: hor dolua’ izeneko tailerra jarri zen martxan, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Kulturbasque programazioaren barruan. Heriotza eta dolua zinemaren bitartez jorratzean oinarritzen da tailerra. Pasa den osteguna Monsieur Lazhar pelikularekin zabaldu zen ekitaldia. Hurrengo bi ostegunetan, euskal pelikulen txanda izango da.

Apirilak 3: Amaren eskuak (aurkezpena, Mireia Gabilondo):  Jatorrizko bertsioan euskaraz.

Apirilak 10: Aulki hutsak (aurkezpena, Iñaki Peña):  Jatorrizko bertsioan, euskaraz nagusiki, euskarazko azpidatziekin.

Image

Iñaki Peña medikuak Osakidetzako Zumarragako ospitalean lan egiten du eta etxerik etxe dabil, besteak beste, gaixo larriak dituztenekin eta euren senitartekoekin heriotza eta doluaren gaia jorratzen. UPV/EHUren diru-laguntzari esker eta hainbat kideren zabaltasunari esker Aulki hutsak izeneko ikusentzunezkoa landu du. Testigantzez beteriko dokumental honetan hunkigarriak diren sentimenduak azalerazten dituzte pertsonek hiltzeaz eta bizitzeaz. Prest egon dira euren hurbilekoen heriotza gertatu denean doluaren prozesua egiteko eta horrela bizitza beste zentzuaz ikusteko.

NON: Bilbon, Bizkaia Aretoan (UPV/EHUren Paraninfoan), arratsaldeko seietan, Martxoak 27, Apirilak 3, Apirilak 10.

Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi hona mesedez: bak.kulturbasque@ehu.es

 

Zinegin Festibalaren II. Edizioa Hazparnen

Abenduaren 19tik 22ra, Euskal Zinemaren festibala berriro ospatuko da Hazparnen. Bigarrengo edizioa izango da hau eta Eihartzea kultur etxea eta Ttattolak antolatu dute. Euskaraz egindako lanak eskaintzea du xede jaialdiak, Amaren eskuak, Urte berri on, amona! eta Emak bakia izango dira, besteak beste, proiektatuko diren filmak. Egitarauan ikus daitezke egun bakoitzean proiektatuko diren filmak eta Prentsa dossierrean film bakoitzaren laburpen bat ere.

ImageFestibalean eskainiko diren filmak hegoaldekoak dira, Iparraldean euskarazko film hauek ikuskatzea zaila gertatzen baita. Beraz, festibal honen bitartez, Euskal kulturarentzat hain garrantzitsuak suertatu diren ekoizpen hauek Iparraldean proiektatzeko aukera luzatzen da. Aurtengo edizioaren trailerrean ikus daiteke zinemaldian eskainiko diren obren ideia bat.