Zinegin Festibalaren II. Edizioa Hazparnen

Abenduaren 19tik 22ra, Euskal Zinemaren festibala berriro ospatuko da Hazparnen. Bigarrengo edizioa izango da hau eta Eihartzea kultur etxea eta Ttattolak antolatu dute. Euskaraz egindako lanak eskaintzea du xede jaialdiak, Amaren eskuak, Urte berri on, amona! eta Emak bakia izango dira, besteak beste, proiektatuko diren filmak. Egitarauan ikus daitezke egun bakoitzean proiektatuko diren filmak eta Prentsa dossierrean film bakoitzaren laburpen bat ere.

ImageFestibalean eskainiko diren filmak hegoaldekoak dira, Iparraldean euskarazko film hauek ikuskatzea zaila gertatzen baita. Beraz, festibal honen bitartez, Euskal kulturarentzat hain garrantzitsuak suertatu diren ekoizpen hauek Iparraldean proiektatzeko aukera luzatzen da. Aurtengo edizioaren trailerrean ikus daiteke zinemaldian eskainiko diren obren ideia bat.

Advertisements

Onzinema, etxetik atera gabe euskarazko filmak ikusgai

Euskal kulturaren edukien aldeko apustu berriak ari dira agertzen poliki-poliki. Dakigunez, erabakigarriak direnak gure lurraldean lanpostu eta enpresa berriak sortzeko. Kasu honetan, Irusoin eta Barton Films ekoizpen-etxeek elkarlanean sortutako Onzinema.com plataformaz ari gara. Filmak Interneten online streaming bidez ikusteko sistema. Etxetik atera gabe, filmak bereizmen handiko kalitatez ikusi eta entzun ahal izateko sortutako plataforma. Erabilera erraza du: erabiltzaileak izena eman besterik ez du eta behin pauso hori bete duenean, ikusi nahi duen filma, dokumentala edo telesaila aukeratu beharko du. Azkenik, aukeratu duen produktuaz gozatzea baino ez zaio geratuko, dagoen lekuan dagoela.

Hiru jarduera nagusi ditu: euskarazko bikoizketa, postprodukzio zerbitzu integrala edozein formatu eta euskarri digitalean eta filmen ekoizpena. Hauxe da hiritarrentzat irekita egongo dena. Honetaz gain, plataforma honek beste hainbat eragileri zuzendutako zerbitzua eskaintzeko aukera ere badauka: besteak beste, ikus-entzunezkoen eduki-ekoizleei, era guztietako zinemaldiei eta hainbat erakunde publikori (filmategiak, Etxepare, Kimuak…). Martxan jartzeko beharrezkoa den finantzazioa lortzen dutenean abiatuko dute zerbitzu hau.

Eginkizunaren inguruko zehaztasun gehiago eskaintzen dituen Ikasbil aldizkari digitalean agertu den lez: Onzinema.com plataformaz gain, baditu Irusoinek beste hainbat proiektu martxan. Datorren urtean, esaterako, Loreak errepidean filma estreinatuko dute, eta etorkizun laburrean hiritarren parte-hartze zuzena izango duen proiektua dute buruan: “Munduan zabaldutako mugimendua da, sozialki interesa duten gaien inguruan herritarren artean ekoiztutako proiektu batzuk gauzatzea da asmoa”.

Euskal zinemaren etorkizun hurbilaz

Asko dira oraindik euskal zinema industriarik ez dugula sinisten dutenak. Zerbait existitzen bada, “mini industria” bezala definitzen du esaterako Jon Garaño ‘Loreak errepidean’ euskarazko film luzearen zuzendarietako batek. Haren ustez, euskal zinema Euskal Herrian ekoiztutakoa da; berdin dio, aldiz, zuzendaria euskalduna ez bada eta filma Hego Euskal Herritik kanpo errodatzen bada. Beraien pelikula errodatzen amaitzeko egun batzuk besterik ez zaizkie falta, eta aurreikuspenak betez gero, aurten estreinatuko dute. Carlos Juarez EPE-APV euskal ekoizleen elkarteko presidentearen esanetan, berriz, euskal industriaren maila baxua da eta, ondorioz, ezin daiteke euskal zinemataz hitz egin. Bestetik, Joxe Portela IBAIA euskal ekoizleen bigarren elkarteko zuzendariak dio, zinemak eta kulturak aurrekontu publikoen zatirik txikiena hartzen dutela beti. Guztira, 72 euskal ekoiztetxeren ardura hartzen dute bi elkarteek, eta badirudi enpresa gehiei direla maila baxua duen industriarentzako. Bada, horietatik hamabik bakarrik dute zinema pantailetara helduko den proiektu bat garatzeko ahalmen ekonomikoa. Euskal zinema izan ala ez izan, arazo ekonomikoak argudiatzen dituzte gehienek.

Eusko Jaurlaritzak aste honetan argitaratu du ikus-entzunezkoen sorrera, garapena eta produkzioa sustatzeko diru-laguntzak 2013. urterako: 1.496.000 euro –nahiz eta kopurua zerbait handitu daitekeen gero-. Iazko zenbateko bera da, baina dagoeneko ezin zaio kopuru horri gehitu Espainiako Ministerioak hizkuntza ofizialkidetan egindako ikus-entzunezkoak sustatzeko zuen diru poltsa (milioi bat euro euskarazko ekoizpenentzako), izan ere, laguntza hori kentzea erabaki zuen iaz. Hala, euskal zinemak 2012an izandako aurrekontuaren erdia izango du aurten. Egoera horri gehitu behar zaio 2007an Jaurlaritzak ikus-entzunezko produkzioa sustatzeko finantziazio Dekretua bertan behera utzi izana aurten. Gauzak hala, ETBren laguntza erabakigarria izango da euskal zinemarentzako.

Gure pelikulen audientziak ere ez du apenas laguntzen. Datuak urtetik urtera okerragoak dira; jada, “militantziak” ere ez duela balio dio Portelak. ‘80 egunean’ (2010) euskarazko pelikulak, adibidez, Frantzian Espainian baino datu hobeak lortu ditu. Film luzeak 22.087 ikusle bakarrik batu ditu Espainian, eta haren orain arteko diru-bilketa 1.227.208,40 eurokoa da. Euskal film baten aurrekontu medioa 1,5 milioi eurokoa bada, normala da Garañok dioen bezala 2 milioi euroko pelikula bat egiteko kanpora joan behar izatea. Horregatik, asko dira Bartzelonara eta Madrilera aukera gehiagoren bila joan diren euskal zinemagileak (Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu, Pablo Berger, Julio Medem, Imanol Uribe, etab.). Baina hor ere antzeman dute ikus-entzunezko produkzioaren beherakada nabarmena; bereziki publizitate eta bideo korporatiboen ekoizpenean –zinemagile askorentzat bizirauteko lan osagarria zena-. Hala ere, badira gure lurraldea utzi behar izan duten zinemagileekin dramarik egin nahi ez dutenak. Ikuspegi baikorragoa dutenak, alegia.

Donostiako Zinemaldiako zuzendariaren hitzetan, esaterako, gure industriaren tamaina txikia bada ere, egonkorra da. Jose Luis Rebordinosen ustez, urtean pelikula bat edo bi egiten duten ekoiztetxeak daude; “beste batzuk, ordea, denbora gehiago eman dezakete, baina gutxika katalogo interesgarria osatzen da”. Dena den, aurten Zinemiran -Zinemadiaren baitan euskal zinemari eskainitako espazioan- jartzeko pelikulen bilaketa konplikatuagoa izango dela aitortzen du Rebordinosek, produkzio kopurua txikiagoa baita. Horregatik, bere iritziz, subentzioek ez dute proiektuaren zutabe nagusia izan behar, inbertsioetarako zerga pizgarriak sustatu behar direla uste du, eta horretan EITBren funtzioa “klabea” da. “Kanpora irten behar dugu, eta bide horretan lortu kanpoko ekoizleengan gure proiektuekiko interesa piztea”.

zinemira

Zinema egiteko eta kontsumitzeko eredu berriei ere egin behar zaie erreferentzia. Interneten etorrerak erabat aldatu baititu zinemaren etekin bideak. Edukiak erreproduzitzeko formatu eta plataforma berriek, aldiz, zinema kontsumitzeko modu berriak zabaldu dituzte. Ondorioz, zinema areto askoren itxiera bultzatu dute: Gasteizek ez dauka jatorrizko bertsioan zinema emateko aretorik, Floridak esaterako asteko azken saioak kendu ditu, Bilboko Multis aretoak bezalaxe; Donostiak bakarrik mantentzen du zinema independentearen kartelera bakarra. “Zientzia-fikziozko pelikula bat egin nahi duen euskal zinemagile batek oso zaila dauka gurean egin nahi badu”, dio Carlos Juarez ekoizleak. Ez horretan bakarrik, “gurean hezi nahi badu ere gaizki dauka”. Ez dago Hego Euskal Herrian erreferentziazko euskal zinema eskolarik. Ez teknikoak, ezta aktoreak trabatzeko ere. Soilik, EHUko eta Mondragon Unibertsitateko Huheziko ikus-entzunezko komunikazioko graduak daude (atzo inauguratu zuten azken horren fakultate berria). Horrez gainera, bizi dugun krisi ekonomikoak hainbat proiekturen etetea bultzatu du: Zinealdea. Oiartzungo poligonoan zinema laborategi, aldagela, entsegu gelak eta hainbat bulego hartzeko proiektua geldirik dago orain bi urtetatik.

Rodaje de la pelicula"Las Manos de mi madre"/Getaria/13-08-2012/LUSA

Euskal zinemak kostata eutsiko dio datozen urteotan 2000ko hamarkadan hasitako bide zidorrari, non 2005etik 2010era bitartean, gutxienez, urtero errodatu zen fikziozko euskarazko film luze bat (2008an izan ezik) –lau edo bost pelikula egin zireneko urte onak ere izan ziren tartean-. Hala, guztira, nekez egingo dira hamar lan 2013an –hori bai, fikziozko lanen, dokumentalen eta animaziozko lanen artean-. Zorte piska batekin, euskarazko bi film luze egingo dira: ‘Loreak errepidean’ eta ‘Amaren Eskuak’.

Iturria: El cine vasco se funde a negro – Bloga

Miren Manias

‘Loreak Errepidean’ Leioako fakultatean errodatzen

Euskal Herriko Unibertsitatean ibili dira Loreak Errepidean errodatzen, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta Telmo Esnal zuzendari laguntzaile lez. Irusoin eta Moriarti etxeen artean ekoiztutako film berriari buruz ari naiz. Bat baino gehiago izan gara gerturatu garen kuriosoak eta hantxe zeuden, Leioako medikuntzako fakultatean, filmaren zati hunkigarri bat grabatzen. Hunkigarria esaten dut, ezin delako honen inguruko pistarik eman, ziurrenik filma ikusi arte errebelatuko ez diren gauzak errodatzen ibili direlako. Gaur grabazioaren bosgarren astea dela kontatu digu Xabi Berzosak eta jada pare bat aste gelditzen direla filmaren errodajea amaitutzat jotzeko.

Image

Bi zuzendari hauen aurrekariak ez dira batere makalak. Dokumentalaren –Lucio– eta film laburraren –Sintonia eta On the line- munduaren ibilbide arrakastatsuaren ostean,  80 egunean    filmarekin Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok fikziozko luzemetraiara egin zuten salto. 80 egunean filmak oihartzun esanguratsua lortu zuen, kritika positiboak eta etorkizuneko lanetarako itxaropenak. Erreferente bezala bikainak dira, 80 egunean euskaraz ekoiztutako filmik arrakastatsuena izan baita: 30 festibaletan saritua, 5 kontinenteetan zehar 100 festibal internazionaletan aukeratua, A kategoriako 4 festibaletarako aukeratua, Espainiako aretoetan 22.000 ikusle baino gehiago eta Frantzia, Holanda, Belgika, Errusia, Alemania, Eskandinavia, Italia, Austria, Suitza,  Eslovenia eta Polonian banatu da.

“Loreak errepidean” filmarekin euskarazko proiektu berri bat sortzen dabiltza, ziurrenik euskarazko zinemari identitate zeinu bat utziz, Euskadin zein internazionalki sendotzen lagunduko duena. Ahanztura eta oroitzapenaren arteko borroka ikusi ahalko dugu. Izan ere, ahanztura behartzea posible al da? Eta oroitzapena? Eta memoriak bere bidea jarraitzen badu? Kontu hauetan murgiltzea proposatuko digun filma dugu hauxe. Beraz, gai hauen inguruan aritzeko estreinaldira itxaron beharko dugu…

Image

Kamio eta Espiau euskal nazionalismoaren inguruan

Saio benetan interesgarria izan zen Nazionalismo Masterrak antolatutakoa. Gorka Espiau eta Joseba Kamio izan ziren hizlari eta Nation Branding kontzeptuaren inguruan ibili ziren. Kontzeptu erakargarria marketinaren, publizitatearen, audientzien eta dena delakoaren ikuspuntutik.

Kamio hasi zen izotzaldia urtzen, modernitatearen frakasoaren inguruan mintzatuz. Honek zioen lez, eskaintza berriak ikusten ditugu, bere nortasunetik ateratzen direnak. Niraultza kontzeptua ere aipatu zuen, nortasunaren iraultza. Eta marka hitza esan orduko, hauxe esan zuen “markak buruan posizionatzen dira, ez merkatuan”.

Xede taldeari esan behar zaiola nor zaren, zer egiten duzun eta zergatik den garrantzitsua eskaintzen duzun hori. Hau nabarmendu zuen Kamiok, izan ere produktua saldu nahi duen horrek ez du nahi izaten bere hainbat ‘potentzial’ bezeroari aipatu barik utzi. Eta eginbeharreko kontua da, nahi edo ez nahi, indargune bat aukeratu behar da eta besteei uko egin. Honetaz gain, nazio batek arrakasta izateko jarrera bat izan behar duela azaldu zuen. Eta jarrera horrek ezberdina izan behar duela, esanguratsua, benetakoa, diskriminantea, sendoa, argia… hau guztia behar du izan arrakasta lortu nahi badu.

Espiau gero, berrikuntza sozialaren inguruan mintzatu zen, bolo-bolo dabilen errealitate bat. Honetan lanean dabiltzan hainbat proposamen aurkeztu zituen eta Euskal Herriaren kasuaren berezitasunaz ere hitz egin zuen. Laburbilduz, berrikuntza soziala eskaera sozial larriei modu berritzailean erantzuteko gaitasuna ematen duten praktika, produktu eta zerbitzu berrien multzoa litzateke. Mundu guztian zehar aurkitzen diren kasu bereziak erakutsi zituen, errealitate berriak mahai gainean jarriz.

Postarekin amaitzeko hitzaldiaren osteko tertulian atera zen ideia bat airean utziko dut. Orekarik ez duen herrialde nahiz pertsona batek beti egingo ditu ahalegin gehiago aurkitzen den egoera horretatik ateratzeko. Egoera eroso batean bizi den bat ordea, bere horretara ohituko da, erosotasunera. Euskal Herriak zapalkuntza bortitz bati buelta ematea lortu zuen eta geuri tokatu zaigu loraldi horretaz gozatzea. Baina loraldiak ez dira eternoak, loreak usteldu ere egiten dira. Egoera hobeago batera iritsi izanak ez du zertan esan nahi hortxe amaitu direnik ahaleginak. Gainera loraldi batean gaudenik ezin du inork esan, bestela komentatu dezala hemen azpian. Ziurgabetasunean bizitzeak izan beharko ditu bere abantailak.

Imanol Rayok eta Koldo Almandozek esan zutena

almandozRayo

Atzo euskal zinemari dedikatutako eguna izan zen EHUko  Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean, zart kulturaren ekimenez. Goizez, film emanaldia izan genuen (Bi Anai aurrena, eta Almandozen hainbat film labur gero) eta arratsaldean eztabaida eta hausnarketarako abagunea izan zen.

Berria egunkariak  horrela kontatu du atzo hitz egin zena:

Industriarik ez duela, areto handietan estreinaldirik ezin duela egin, eta urtez urte ikusleak ere urrituz doazela: euskal zinemagintza putzu bat dela. Hori da, finean, Koldo Almandoz zinemagilearen iritzia (Donostia, 1973). Kritiko mintzo da, baina ez da negarrez ari. Kontrara. «Euskarazko zinemak daukan abantailarik handienetariko bat da beti putzuan egon dela. Lehen putzuan zegoen. Orain putzuan dago, eta epe ertainean ez da putzutik aterako. Egin behar dena da busti, eta zapaburuen modura ibili». Merkatuaz libre. Nork bere obsesioei adi. Sortzaile. Zinemara itzuli du Ramon Saizarbitoriak literaturaz egindako gogoeta. «Gauzak egin behar dira. Eta egin behar dira gustuagatik. Zinema borroka bat da».

Iñigo Astizek sinatzen duen berri osoa irakur daiteke hemen.

Imanol Rayo eta Koldo Almandoz Euskal Herriko Unibertsitatean

Datorren astelehena, euskal zinemari dedikatutako eguna izango da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Koldo Almandoz eta Imanol Rayo gurera etorriko dira beren azken lanak aurkeztera, eta beraiekin solasaldi batean parte hartzeko aukera ere egongo da, Iñaki Lazkano irakaslearen laguntzaz.

rayo almandoz

Hona hemen jardunaldiaren egitarau osoa:

10:00-10:05.- Aurkezpena
10:05-10:20.- Imanol Rayoren aurkezpena
10:20-12:15.- Bi anai fimaren proiekzioa
12:15-12:30.- Atsedenaldia
12:30-12:45.- Koldo Almandozen aurkezpena
12:45-13:30- Koldo Almandozen film laburren proiekzioa
13:30-15:30.- Bazkalordua
15:30- 17:30.- Koldo Almandoz eta Imanol Rayoren solasaldia
Informazaio gehiago Zart Kulturan.

Euskal letrak pantailan

ehun_metro

Euskal literatur lanetan oinarritutako filmei buruzko artikulu bat idatzi behar nuela esan nion lagun bati eta honek “hori azkar batean amaituko duzu, ezta?” umoretsu batekin erantzun zidan. Baina segituan memoriari astindu bat eman, eta zerrenda nahiko luzea zela konturatu ginen. Ea errepaso osoa egiteko adina espazio daukadan.

1985. urtera egin behar dugu atzera lehenik eta behin: urte horretan EITBk bere gain hartu zuen garaiko hiru euskal nobela pantailara eramateko ardura. Anjel Lertxundik berak burutu zuen Hamaseigarrenean Aidanez (1983) bere nobelaren adaptazio

zinematografikoa. Ramón Saizarbitoriaren Ehun Metro (1976) eleberri laburra iruditan jartzeko, berriz, Alfonso Ungría kokatu zen kamera atzean. Eta Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox (1979) intimoaren bertsio zinematografikoa Xabier Elorriagak sinatuta dator.

zergatik_elorriaga

Hamarkada hartako beste liburu inportante batek, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988), gehixeago itxaron beharko zuen zine-aretoetara ailegatzeko. Montxo Armendariz zuzendari nafarrak egingo du ahalegina 2004. urtean, eta gazteleraz, bere bertsioari Obaba izena jarriz. Euskal letretako beste lan saritu batek, Unai Elorriagaren SPrako Tranbia (2001) nobelak, antzeko patua izango du: gazteleraz egindako adaptazioa, kasu honetan izenburu berri batekin, Un poco de chocolate (Aitzol Aramaio, 2008). Iñaki Zabaletaren 110. Streeteko Geltokia ere, aldaketa askorekin, gazteleraz heldu zen pantailara, Menos que cero (Ernesto Tellería, 1996) izenburu berriarekin.

chocolate

Azken urte hauetan, euskarazko zineak loratze txiki bat bizi izan du, eta berriz jo da literaturarengan, zinerako iturri agortezina izaki. Egile kontsakratuak itzuli dira, esate baterako: hor daukagu Atxagaren beste nobela bat, Bi Anai (1985), pantailara helduz Imanol Rayo zuzendari gazteari esker (2011). Edota Anjel Lertxundiren Zorion perfektua (2002), Jabi Elortegik errodatuko zuena 2009an.

igartiburu-zorion-perfektua-300xxx80

Baina euskal letrek best-sellerrik eman badute, hori Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratutako Kutsidazu bidea, Ixabel da. Eta hau ere ikus-entzunezkora pasa da, jakina. Euskaltegietako eleberririk kutunena pantaila txikira –telezail gisa– zein handira –film luze gisa – eraman izan da, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondori esker, 2006an.

Eta pantaila txikia ere sartu dugunez errepaso honetan, aipa dezadan halaber Atxagaren Zeru horiek (1995) nobela, zeinek telefilmaren forma hartu zuen Aizpea Goenagaren ardurapean, 2005ean.

Zeru_horiek_2

Eta euskal literaturak pantailara salto gehiago egin behar dituela badakigu. Aurki, esate baterako, Karmele Jaioren Amaren eskuak (2006) eleberri arrakastatsua ailegatuko baita zine-aretoetara. Mireia Gabilondok hartu du berriz ere literatura zine bihurtzeko lana.

Edozein kasutan, euskal literaturaz gozatzeko, badakizu: irakurri edo ikusi, zure esku dago.

Katixa Agirrek Elkar aldizkarirako idatzia, 2013ko udaberriko alean.

“Documentaire et nation” jardunaldiak Parisen (Apirilaren 12an)

"Documentaire et nation" jardunaldiak Parisen (Apirilaren 12an)

Heldu den ostegunean, apirilaren 13an, “Documentaire et nation” jardunaldiak igaroko dira Paris III Nouvelle Sorbone unibertsitatean, Catalunyako, Galizako eta Euskal Herriko zinemagintza gaitzat hartuta.

Bertan, Margarita Ledo Andion zinegile galizarra, Isona Passola kataluniarra eta Josu Martinez izango dira hizlari.

Goizean, norbere esperientzian oinarritutako ponentzia bat aurkeztuko du bakoitzak, eta arratsaldean, bi mahainguru burutuko dira, hiru herrialdeetan “Dokumentala eta nazioak” telebistan eta zineman ze leku dute aztertzeko.