Euskal zinemaren banaketaz Iparraldean

Badira aste batzuk Zinegin festibala amaitu zela, baina bertan euskal zinema Iparraldean erakusteko zailtasunei buruz eztabaidatzeko aukera izan genuela eta, gertutik ezagututako ikuspegia ekarri nahi izan dugu hona.

Euskal zinemak badu ikusle potentziala Iparraldean, hori berretsi baitu Hazparneko festibalaren bigarren edizioak izandako harrera onak. Areago, ikusleak filmak ikusteko gosez, haien eskaera gero eta handiagoa da. Baina Frantziar estatuko pantaila ezberdinetan gure zinema hedatzeko hainbat oztopo daude gaur egun. Alde batetik, horretarako egiturarik ez dago (alegia, zirkuitu ofizialik), eta bestetik, Frantziak bere zinema babesteko duen sistemak kanpoan uzten du euskalduna. Ondorioz, emanaldi bakan batzuk eta modu oso sakabanatuan egiten dira bakarrik; eta horrek ez du ahalbidetzen filmak modu egokian ustiatzea (egileentzat, ekoizleentzat eta zinema aretoen jabeentzat), ezta Iparraldeko audientziaren nahia asetzea ere.

ZineginHaritz Barne aretoa (Hazparne) bete egin zen Gure Sor Lekua filmaren emanaldian, Zinegin festibalaren baitan

Frantziako zinema babesteko sistema eratua dago Ameriketako Estatu Batuetako filmen inbasio erraldoia ekiditeko. Etxeko zinema sustatzeko estatuaren fondoa Frantziako Kultur Ministerioaren menpe den Centre National de la Cinématographie  (CNC) egitura publikoak kudeatu eta banatzen du. Fondo horren helburua da Frantziako zinema ekoizpena eta ikus-entzunezko industria babestea, hala, finantziazio iturri nagusi bi ditu: telebista kateen ekarpena -zinema prime-time tartean programatzeagatik ezartzen zaien tasatik datorrena-, eta zinema sarrera bakoitzean filma erakusteagatik aplikatzen den tasatik batutakoa –Europar Batasunekoak ez diren filmen kasuan-. Horrek esan nahi du, AEBko filmen audientziaren bitartez Frantziako zinema sustatzeko fondoa elikatzen dela.  Beraz, norbere zinema autofinantzatzeko bide ere bada. Eta egia esateko, ondo legoke horrelako politika Euskal Herrian ere izatea gure ekoizpena babestu aldera. Baina Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak dioenez, errealitatean “AEBko ekoizpenek toki gehiena okupatzen dute Frantziako zinegeletan, eta ondotik datoz Frantziakoak, legislazioak ondo babesturik”. Beraz, toki gutxi dago gainontzeko ekoizpenentzat. Bestetik, pantailak ez dira sarbide irekiak; baimenak behar dira. CNCk ematen duen matrikula zenbaki bat, hain zuzen. Berez, ez da eskuraezina, baina tramitazioak luze jotzen du.

Horregatik, hainbat eragile bilkuraz bilkura ari dira Ipar Euskal Herriko zinemetan euskal zinemaren hedapenari konponbidea emateko. Gaia ez berria eta guztiak bat datoz: “zerbait egin behar da“, azaltze dute. Baina ez da erraza asmatzen. Jarraitutasuna bermatzeko, hori bai, modu egonkor batean beharko du izan. Orain arteko bilkurek Ipar eta Hego Euskal Herriko ekoizleak harremanetan jartzeko balio izan dute, bereziki. Horrez gainera, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Pirinio Atlantikoen Kontseilu Nagusia eta Ecla Akitania -Akitanian zinemaz arduratzen den erakundea- bezalako eragile publikoen partaidetza ere egon da. Guztiek borondate ona agertu badute ere, zailtasunak agerikoak dira: ardurak zehaztea, finantziazioa lortzea, egituraren izaera definitzea, egutegia antolatzea, etab. Koordinazio falta dago. Baina poliki-poliki helburuak fintzen ari dira.

Zentzu horretan, euskal zinema eta Iparraldeko audientzia “erreprimitua” kontaktuan jartzeko bide da Zinegin. Pauso garrantzitsua dudarik gabe. Horrez gainera, euskal zinemarendako Iparraldean merkatua badagoela agerian utzi du ekimenak. Orain zer? Nondik hasi?

 

Miren Manias

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s