Bertsoa eta Zinema (eta X). Azken urteak. (Josu Martinez)

Trantsizioko lehen urte emankorretan piztutako itxaropen asko, beste hainbat arlotan bezala, laster zapuztu ziren euskal zinemagintzan, eta urte gutxiren buruan lehorte handia iritsi zen. Hala, kontua ez da bakarrik bertsolaririk ez zela gehiago agertu pantaila handian, baizik eta Ezeizak 1989an Ke arteko egunak aurkeztu zuenetik, euskara bera apenas entzun genuela 2005ean Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste estreinatu zen arte.

Euskal Zinemaren krisiaren arrazoiak bilatzea beste baterako utziko dut. Alta, bertsolarien zeluloidetiko desagerpenean, dudarik gabe, zerikusi handia izan zuen ETBren sorrerak eta bereziki, 1990an Hitzetik Hortzera saioaren agerpenak. Bertsolaritzaren boom-aren garaia zen eta testuinguru hartan, pantaila handian sekula ukan ez zuen espazioa, pantaila txikian aurkitu zuen bertsoak. Joxerra Garziaren programak lortu zuen, azkenean, bertsoari ikus-entzunezko medioetan lekua egitea, kritika eta publikoaren arrakastak ematen duen zilegitasunaz. Aldi berean, Hitzetik hortzerak bertsolariak kamaren presentziara ohitzea lortu zuen, ordura arte, asko uzkur baitziren.

Telebistaren eta bertsoaren arteko maitasun istorio honek beste atal garrantzitsu bat ere izan zuen 90. hamarkadan: lehen aipatutako film aitzindariaren haritik, Juanba Berasategik 1995etik aurrera zuzendutako marrazki bizidunen hiru serie arrakastatsuak: Fernando Amezketarra (1994-95), Lazkao Txiki (1998-99) eta Txirrita (1999-2000).

Image

Hiru bertsolari handion bizitza eta pasadizoak klabe umoretsuan kontatzen zituzten marrazki bizidunek, haien bihotz oneko bizizale profilari zukua atereaz. Oraingoan ere, luxuzko kolaborazioak izan zituen Berasategik, esaterako, Fernando Amezketarra serieko pertsonaien ahotsak bertsolariek jarri zituzten (Sebastian Lizaso Fernando izan zen, Peñagarikano alguazila, Egaña epailea eta Azpillaga apaiza). Txirrita-ren kredituetako kantua, berriz, Xabier Letek eta Antton Valverdek kantatu zuten. Bestalde, gidoi guztiez, Koldo Izagirre arduratu zen beste behin ere.

Image

Zeluloidezko begiradak” (Elkar, 2010) libururako Mikel Garcia kazetariak egindako elkarrizketan, Berasategik kariñoz oroitzen ditu telesail haiek, nahiz eta pena agertu teknika aldetik “kaxkarrak” zirelako. Proiektuak aurrekontu handiagoa behar zuen, bideratutako diruarekin gehiago ezin zen egin, baina aldi berean pentsatzen nuen Euskal Herriak behar zuela Lazkao Txiki bat. ETBra joan nintzen, kapitulu pilotuarekin, eta orduan Amatiño zegoen, eta esan zidan: “Ondo dago, baina kendu, kendu”. “Kendu? Kendu ez! Telesailak familiak biltzen zituen, aitona-amonak eta bilobak, eta erantzukizuna daukazu produktu duina eskaintzeko. Horregatik pentsatzen dut, diru pixka bat gehixeago! Nire publikoak merezi duelako irudi zainduagoa, eta gero bizitza osorako, betiko geratuko delako. Aipatutako liburuan agertzen denez, Lazkao Txiki telesaioak futbolak baino audientzia hobeak ematen omen zizkion telebista autonomikoari, baina bat-batean, kostu txikia eta arrakasta handia zuen produktua bazter uztea erabaki zuten agintariek. Nik uste arrakastari beldur izan ziola ETBk, dio liburuan Berasategik.

Dena zapuztu zenean, Bilintxi buruzko telesail bat egitea zen haren hurrengo proiektua.

Loraldiaren fruituen zain

2005ean Aupa Etxebeste estreinatu zenetik, euskal zinemak loraldia bizi duela diote zenbaitek. Agian gehiegi esatea da hori, baina gauzak bere neurrian hartuta, egia da dokumentalez gain, azken urteotan ia urtero aurkeztu direla fikziozko euskarazko film bat edo bi, eta horrek, gure historia petralari erreparatuta, inoizko uzta sasoirik onenean kokatzen gaitu.

Uztaldi honetan, aurtengo Donostiako Zinemaldian Altunak Bertsolari dokumentala aurkeztu duen arte, ez da gaiari zuzenean heldu dion lanik egon, baina hala ere, gaur egun ikusleak bertsoa zinemagintzan inoizko naturalen ikusten duelakoan nago, eta aldi berean, zinemagileak inoizko naturalen erabiltzen duela baliabide zinematografiko legez. Hala, azkenaldiko dokumental askok errekurtso narratibo gisa erabili dute bertsoa; La Pelota Vascan (Julio Medem, 2001), adibidez, Xabier Euzkitzeren interbentzioetako bat, zortziko txikian emana da. Txikiri eta Otaegiri buruzko Haizea eta Sustraiak (2008) filmean berriz, Jon Maiaren bertsoek osatzen dute narrazioaren hitzaurrea eta epilogoa. Fikzioan ere, Kutsidazu bidea Ixabel (Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues, 2007) komedian, gag arrakastatsua izan zen, Ixabel inpresionatzeko, Juan Martin euskaldun berria zutitu eta pilotaria herri osoaren aurrean bertsoz desafiatzen duen eszena: Ikusleek egoera gertuko sentitu zuten seinale.

Telebistaren bidez bertsoak pantailan zegokion lekua irabazi zuenetik, bertsoa eta zinemaren arteko harremana normaldu egin da eta ziur naiz aurrerantzean euskal imaginarioan eta euskal komunitatean hain indartsua den arteak, euskal zineman gero eta presentzia handiagoa izango duela.

Hurrengo alea, agian, Mireia Gabilondo eta Patxo Telleriak buruan daukaten fikziozko proiektua. 1967ko finaleko txistuen unean denbora izoztuz, flash back-en bidez Xalbadorren bizitza kontatzea. Ikusiko dugu.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s