Ikuska saila garatzen zen bitartean, bertan parte hartu zuten hainbat zinegilek beren proiektu propioak aurrera eramaten segitzen zuten. Antton Ezeiza eta Koldo Izagirrerekin batera dokumental sailaren talde finkoko kide zen Juanba Berasategi, adibidez, (Pasai Donibane, 1951) gerora hain emankorra suertatu den bere karrerako lehen pausoak ematen hasia zen animazioaren arloan ordurako. Hala, 1981ean, historian lehen aldiz bertsolari bat fikzio bateko protagonista bihurtzen zuen film laburra mustu zuen: Fernando Amezketarra.
35 minimetrotan grabatua, film apala izan arren, hamar minutuko istoriotxo honek luxuzko lan taldea izan zuen; Gidoia Koldo Izagirre eta Ramon Etxezarretak sinatzen dute eta soinu banda, gaur egun hainbeste sari bildu dituen Alberto Iglesiasek.
Fernando eta Amezketako erretorearen txerriaren pasadizoa da trama nagusia, eta marrazki umil baina zinez ederrekin, filmak nabari du nolabaiteko barne begirada bat; oraingoan, ez da dudarik, filmaren egileak bertsolarien mundu berekoak dira. Ondo ulertzen dute Fernandoren umorea.