Bertsoa eta Zinema VII. Xalbador gaztain kormutxa. (Josu Martinez)

Francoren heriotzak aro berri bat ekarri zuen Hego Euskal Herrira, eta dena posible zela uste zen sasoi hartan, nolabaiteko pizkundea eman zen hainbat arlotan. Trantsizioko urte haietan, zinemagintzan, euskal zinema eraikitzeko eztabaidak mahai gainean jarri, eta fortuna hobe edo eskasagoarekin, diruarekin edo dirurik gabe, hainbat film burutzen hasi ziren han eta hemen. Bertsolaritzak ere izan zuen susperraldirik eta sarritan, eferbeszentzia politiko haren lehen lerroan kokatu ziren bertsolariak, beti bezala herriarengandik gertu. Bestalde, 1967tik txapelketarik gabe egon ondotik, 1980koa Xabier Amurizak irabazi izanak iraultza ekarri zuen bertsolaritza ulertzeko moduan.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa, zinema eta bertsolaritzaren arteko harremanean aro berri bat hastea urte haietan. Oraindik geldoa izango zen garapena, baina gutxika gutxika, bertsoaren ikuspegi folkloriko edo esentzialetatik harago agertzen hasi ziren bertsolariak pantaila handian.

Horren adibide dira, amateur mailan egiten hasi ziren bertsolarien erreportaje biografikoak. Jadanik, bertsolaria ez zen gehiago euskal paisaiaren zati mudakaitz bat, belarraren edo zuhaitzaren pareko; bertsolariak ere pertsonak ziren, eta hala, erreferente kultural ziren heinean, horien bizitzak bazuen interesa ikusleentzat.

Xalbador 6

Sasoi hartako erreportaje biografikoetan interesgarriena, agian, 1981ean Juanmi Gutierrezek (Errenteria, 1945) zuzendutako “Xalbador, gaztain komutxa dugu; Urepeleko artzainaren bizitza eta heriotza gaitzat hartzen dituena. Sasoi hartan, Gutierrezek Herri Irratian egiten zuen lan, eta 1980an Urepelen Xalbadorri egin zitzaion omenaldiaren berri ematera joan ziren lankideek han bizi izan zutena kontatu ziotenean, erabat txundituta gelditu zen. Hortik aurrera, Gutierrez bere omenaldi egunean hil zen bertsolari haren bizitza inbestigatzen hasi zen eta urtebete geroago, “Xalbador, gaztain kormutxa” dokumentalak argia ikusi zuen.

Super-8 formatuan eta soinu oso eskasarekin, medio izugarri urrirekin burutua izan arren (bukaerako kredituak, esaterako, folio xuritan eskuz idatzita agertzen dira) oso lan txukuna eta duina da; bistan da egileak badakiela nola egiten den erreportaje bat. Larruquertek edo Caro Barojak bezala, Gutierrezek ere jende kultua erabiltzen du bertso-mundurako sarrera egiteko; oraingoan, Juan Mari Lekuona izanen da (apaiza, nola ez), sakristiatik aitzin-solas antzeko bat eginen duena, hitz batzuk esan eta bertso bat kantatuz. Gero ere, Joxe Mari Aranalde eta Emile Larreren interbentzio txiki batzuk ikusiko ditugu, baina film osoan pisu nagusia, Xalbadorren gertukoek eramaten dute: haren familiak eta lagun bertsolariek. Egileak honela azaldu du hautu hori: “Xalbador hila zen eta ez genuen haren irudi bakar bat ere; ez kantuan, ez artzain lanetan ez eta etxean; audio grabazio batzuk baino ez genituen, eta argazki zaharren bat. Horregatik, harengana eta haren mundu poetikora hurbiltzeko modurik egokiena gertukoei erreparatzea izango zela pentsatu nuen; eta lehen-lehenik emazte Leoniri, bertsolaria zen seme Mixeli, eta alaba Henrietteri.”

Xalbador 3

Familiaren eszenak benetan goxo eta intimoak dira. Denak sukaldean eserita, Leonik, batari eta besteari kafea zerbitzatzen dien bitartean, Xalbador nola ezagutu zuen kontatzen du. Mixel semea ondoan duela, ingenuitate handiarekin azaltzen du ezkondu eta berehala hasi zela Xalbador kanpora ateratzen bertsotan egiteko. “Baina ni ez nintzen sekula haserretu senarra etxetik joaten zelako, e?”. Mixel semeak, kafea edaten duen bitartean, hala eransten du: “Ttiki-ttikitatik ikusi dugu guk aita kanpora joaten bertsotara hainbat egunetarako”.

Juanmi Gutierrezentzat ere berezia izan zen Xalbadorren familiarekiko harremana: “Batez ere Leonik inpresionatu ninduen; oso pertsona inteligentea eta maitakorra iruditu zitzaidan. Oso eskuzabala izan zen, kanpotik zetorren ezezagun bati, niri, bere bizitzako oroitzapen pertsonalak kontatuz. Bestalde, nigan, euskaldun itxi eta deskonfiatuaren estereotipoa hautsi zuten. Egin genien bigarren bisitan, Mixelek irratiko Julian Beloki eta biok aitaren artzain bordaraino eraman gintuen, gure kamara, mikro eta gainerako tramankulu guztiekin, eta han haren bertso batzuk kantatzen hasi zen guretzako.”

Xalbador 1

Xalbadorri buruz berbetan hainbat bertsolari ageri dira filmean. Soinua hartzeko sistema inperfektuarengatik izatea baliteeken arren, aipagarria da, Uztapide, Lasarte eta Mattin, mahai soil batean eserita ageri direla hizketan, dekorazio handirik gabe. Atentzioa ematen du honek, izan ere, ordu arte bertsolariak beti agertu zaizkigu eszenaratze zaindu batean, dela natura erdian, dela supazter goxoan…. Oraingoan, balirudike bertsolarien hitzek berez badutela aski garrantzi planoa betetzeko.

lazkao

Xalbadorren heriotza Lazkao Txikik kontatzen du, garai bateko ipuin kontalarien senarekin, errelato luze, natural eta ederra eginez. Berezia da, orduan, Gutierrezek egiten duen irudi muntatzea. Xalbadorren heriotzaren momentura iristen garelarik, hainbat bertsolari negarrez ikusten ditugu, malkoei eutsi nahi eta ezinean, euren sentimentuak ezkutatu nahian bezala. Lehenik Azpillaga eta Lazkano; ondoren Uztapide, bera bakarrik, txapeldunaren bakardade handiaren sentsazioa emanez; Mattin ere ikusten dugu malkotan eta baita apaiz bat ere, azken hori, beste guziak baino nabarmenago.

Xalbador 5

Filmak nahiko zabaltasun ona izan zuen, zirkuito komertzialetatik kanpo erakutsi zela kontuan hartzen badugu. Hurrengo urteko Urepeleko omenaldian estreinatu zen, eta ondoren, hainbat kultur etxe eta elkartetan. “Orduan ez zen ez euskal telebistarik ez honelako filmetan interesa zuen festibalik”, adierazi du Gutierrezek. “Emanaldiak egiten zirenean, geuk eramaten genuen guztia; proiektorea, soinu-ekipoa…. Gonbidatzen gintuztenek lokala eta maindire zuria jartzen zuten, ez besterik.” Egin zituzten emanaldi guztietan mahainguru batek segitu zuen filmaren proiekzioa. “Jendeak oso ondo hartu zuen filma eta gogo handiz komentatzen zuen gero. Kontuan izan behar da artean euskarazko produktuak oso urriak zirela, eta horregatik ikusleek militantzia puntu batekin jasotzen zituzten. Azken finean, euskal kulturak, pertsegitua ez bazen, erabat minorizatua segitzen zuen”.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s