Francok sano regionalismo deitzen zuen irudi folkloriko horri kasu eginez, espainiar zinemagileek ere grabatu gintuzten noizbait euskaldunok. Baina Pio Caro Barojaren begirada kanpokoa bazen, Rafael Gil bezalako zinemagile frankistena beste galaxia batekoa da. Euskal Herria cromagnon zintzo, fededun, tradizional eta kutsatugabeen gotorleku gisa agertzen da, adibidez, Sara Montiel protagonista duen La reina del Chantecler gogoangarrian. Bertan, Madrileko kupletista inmorala Oiartzunera oporretan joan eta pilotari tolesgabe batekin maiteminduko da. Filma topiko esajeratuz hain betea egonik, euskal ikuslea barrez lehertuko da zenbait momentutan.
Estilo bereko beste zinta bat da La nueva vida de Pedrito Andía (1965), Joselito haur kantariaren luzimendurako egina. Rafael Sanchez Mazas-en nobela batean oinarritutako zeluloidezko patata honetan, nerabezaroan sartzen ari den Pedrito Euskal Herrira itzultzen da oporretan eta bera baino nagusiago den Isabeltxu konkistatu nahi du.
Erromeria batean, Pedritok, aurreskulariz jantzita doalarik gurdi baten gainean, bertso batzuk kantatzen dizkio Isabeltxuri, atzetik orkestra oso batek lagunduta. Hona hemen lehen biak. (Transkripzioa, Joselitok ahoskatzen duenaren araberakoa egin dut; interpretazioak bazter utziz)
Cuando llegue el otoño te diré
lo que quiere mi tamboril
Sin que nadie me logre ver salta-
-ré las tapia de tu jardín.
Al pie del olmo rústico
voy a cortar una flor.
Al pie del olmo rústico
quiero entregarte mi amor.
***
Audabaria datorenean
neu jakingo de cer egin
Artaxurale rapalean
aporoa re tala gin.
Al pie del olmo rústico
dijo la moza al galan
Al pie del olmo rústico
lara, la, ra, ra, ra…
Bertso ahaztezin horien ostean, Pedrito Andiak Afrikako edozein triburen Euriaren Dantza lirudikeen aurreskua dantzatzen dio Isabeltxuri.