Bertsoa eta Zinema III. Pio Caro Barojaren begirada. (Josu Martinez)

Figura bitxia da Pio Caro Barojarena (Madril, 1928). Bera izan zen hainbat hamarkadatan zehar bertsolariak gehien filmatu zituen zinemagilea, eta hala ere, haren begirada beti suertatu zen kanpotik eta goitik so egiten duen intelektualarena, kasik Nanuk Eskimala filmatzen ari balitz bezala. Eta azalekoa, anaia Julio Caro Barojaren sakontasunetik urrun zegoena. Lirudike postal turistikoak egitearekin konformatzen zela.

Osaba Pio Baroja hiltzean, Pio Caro Baroja Mexikotik itzuli zen eta 1964tik aurrera zinemagintza etnografikoari lotu zitzaion, anaia Julioren babesarekin. El carnaval de Lanz bezalako film ederrak burutu ondotik, 1966an El País Vasco izeneko 20 minutuko filma estreinatu zuen. Bertan, lehen aldiz grabatu zituen bertsolariak, eta Euskal Herriaren irudi topiko bilakatu zituen.

Autorea bezain kontradiktorioa da filma. 1966 urtea den arren, Lesakako Erreka Dantzarekin hasten da El País Vasco, eta berehala, off ahotsak Orreagako bataila kontatzen digu, epikotasuna azpimarratuz. Alta, horren ondotik, bandera espainiarrak ateratzen dira zeinahi tokitan, bai Ondarroako portuko itsasontzietan nola Kontxako traineretan edo herri bateko balkoietan.

Manuel Lasarte eta Uztapide ere halaxe ikusten ditugu, piper-poto handi batek estalitako balkoian kantari. Alta, ikusi egingo ditugu bakarrik. Entzun ez. Izan ere, etnografoari ez zaizkio bertsoak interesatzen eta postal turistiko bat gehiago gisa erakusten ditu bertsolariak, traineren, alardeen, baserrien eta dantzen artean. Gizon horiek poetas populares direla dioen off ahotsaren azalpenarekin aski da.

 Pais Vasco 1

Hiru urte geroago, 1967an, Pio Carok berriro ekarriko ditu bertsolariak pantailara. Oraingoan, gainera, film monografiko batekin. TVE-rentzat errodatutako Fiesta. Poetas Populares Vascos izeneko 20 minutuko dokumentala.

Bertsolaritzari buruzko lehen filma da Fiesta delakoa. Haren balio historikoa kalkulaezina da, geroago ikusiko dugun bezala, 1967ko Euskal Herriko Finala hartzen baitu ardatz, Xalbadorri txistu jo ziotenekoa.

Forma aldetik El País Vascoren antzekoa da Fiesta: teknikoki txukun egindako erreportaje klasikoa, NODOaren estilokoa, ponpa handiz narratua baina batere pretentsio artistikorik gabea.

Filmaren lehen partean, 1967ko finaleko epaile batzuk agertzen dira. Formalitatez jantzita, gizon kultuak direla nabarmentzen da, eta bakoitzak bertsolarien lanetik zer baloratzen duen azaltzen du. Ondoren, liburuz betetako bulego batean, kazetari batek Basarri elkarrizketatzen du, bertsolaritzaren patriarka gisa aurkeztuz, kasik zibilizatutako salbaje ona balitz bezala.

basarri

Basarriren interbentzioak enmarkatzeko modukoak dira. Serio-demonio, Cervantesek baino gaztelania dotoreagoan erantzuten die kazetariaren galderei; hainbeste ze, bistakoa da aldez aurretik ikasi dituela, edo planoan ikusten ez den lekuren batean irakurtzen ari dela. Okerrena da antzezten ari dela nabaritzen dela.

Bi sekuentzia horiekin, badirudi Caro Barojarentzat bertsolaritzak ez daukala nahiko maila kulturalik, azkenean baserritarren xelebrekeria bat izaten segitzen duela eta horregatik, jende letratuen intermediazioaren beharra duela ikusleak, dela Basarri edo direla epaileak.

Hala ere, zinemagilearen sentsibilitate falta nabarmenena ondoren dator, 1967ko Euskal Herriko finaleko irudiak agertzean. Parte-hartzaile guztiak aurkeztu ondotik, buruz-burukora Uztapide eta Xalbador pasatzen diren momentua ikusten dugu. Orduan, jendea Xalbadorri txistuka hastean, lehen planoan Urepeleko artzaina agertzen zaigu, bere bertsorik ezagunena kantatzen: “Anai arrebak, ez otoi pentsa…”.

xalbador lehen planoa

Irudi zirraragarria da, Xalbadorren aurpegiak erakusten duen ezinegona, nola eusten dion haserreari, nola irensten duen listua…. Alta, Caro Barojak ez du ulertzen zer ari den ikusten; ez da ohartzen seguru aski bizitzan ez duela horrelako beste momentu historiko bat grabatzeko aukerarik izanen, eta beraz, txistuak gehiegi luzatzen direnean, planoz aldatzen du, Xalbadorren azken puntuari itxaron gabe. Hala, ikusleak betiko galdu du “Txistuak jo dituzute baina / maite zaituztet oraindik” zoragarri hura berriro bizitzeko aukera.

Hamabi urte beranduago, 1979an, atzera filmatu zituen bertsolariak Pio Barojaren ilobak, Donostiako Kutxak bere mendeurrena ospatzeko enkargatu zion Gipuzkoa film luzean. Proiektu handia izan zen, hiru urteko grabaketa lanak eskatu zituena eta teknika aldetik oso txukun burutua. Bertako hainbat eszenaren edertasun plastikoa ukaezina da. Alta, Pio Caro-ren kanpo begirada folklorikoa nagusitzen da beste behin ere. Harentzat, Gipuzkoa belardiak, harriak, pottokak, ikazkinak, artzainak, arraunlariak, Oteiza, aizkolariak, trikitia eta bertsolariak dira, ez besterik.

Bertsolarien interbentzioak kostunbristak dira erabat. Uztapide, adibidez, soroan lanean ari dela ikusten dugu, off-ean honela kantatzen duelarik, “Gure garaiko zaharrak joan ziran / baina gaztiak badatoz”. Basarri eta Gorrotxategi, berriz, sagardotegi batean agertuko zaizkigu kantuan, adineko bertsozale kuadrilla batez inguratuta.

gipuzkoa 3

Gisa guziz, seguru aski, film honetan kezkagarriena etnografoa omen den egileak erakusten duen zehaztasun eta zorroztasun falta da. Hala, adibidez, gaia Gipuzkoa izan arren, Xiberoko xirula, bortüko kantua edota Arratiako dultzaina entzuten dira gipuzkoar artzainen irudien gainean. Bestalde, ordurako desagertuak ziren hainbat ohitura, filmerako antzeztu zituzten, oraindik bizirik baleude bezala.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s