Bertsoa eta Zinema II. Gotzon Elortza aitzindari. (Josu Martinez)

1936ko gerraren ondotik jausi zen berunezko isiltasunak hainbat urte iraun zuen. Euskal usaina zuen zernahi pertsegitua zelarik, ez da harritzekoa bertsolariak agertzen diren Historiako lehen filma Parisen mustu izana. Gotzon Elortzaren Aberria film-laburraz ari naiz. Hirurogeigarren hamarkadaren hasieran Elortzak artesanalki osatu zituen lau dokumentaletako bat. Mende erdi iraun duen ahanzturaren ostean, Historiako lehen euskarazko film horiek aurten Donostiako Zinemaldian ikusgai izan dira.

Elortzak (Bilbo, 1924) kontatu duenez, Parisen bizi zela Le Monde egunkarian hizkuntza minorizatuei buruzko artikuluak agertu ohi ziren azken orrialdeetan, eta euskara egoera hartan zela-eta, interes handiz irensten zituen berak. Behin zera irakurri zuen; Ikus-entzunen munduan sartzen ez den zeinahi hizkuntza minorizatu, hizkuntza hila izango da epe motxean. Inpresionatuta gelditu eta argazkingintza nozio batzuk bazeuzkanez, beste inork egin ezean, euskal zinema berak egingo zuela deliberatu zuen.

Urtero, bakantzetan, 16 milimetroko kamera hartu eta Hego Euskal Herrira bisitak egiten hasi ziren emaztea eta biak, erdi ezkutuan. Lau eguneko bidaiak egiten zituzten: Bat Paristik etortzen pasatzen zuten, bi filmatzen, eta azkenekoa Parisera itzultzeko baliatzen zuten. Behin beren etxera zirenean, etxeko sukaldean egiten zituzten muntatzeak, off-eko ahotsa, disko-jogailu batekin musika sartzen zioten……

enbeitakantuan

Helburu nagusia harkk action psichologique deitzen duena zen. Euskaldun talde bat zine areto batean sartu, eta hango iluntasunetik bat-batean hasten den filma euskaraz izatea. Elortzak dioenez, ikusleek inpresio handia sentitzen zuten, shock bat, eta batzuk ezin sinetsirik gelditzen ziren zinema gaztelaniaz ez, beste hizkuntza batean mintzatzen sentitzean.

Aberria izeneko dokumentala da osatu zituen lauetan abertzaleena. Erria gisa estrenatu behar izan zen Hegoaldean, bistako arrazoiengatik, eta erdi ezkutuan. Bertan, Euskal Herria garbiki definitzen da aberri gisa, eta berorren errepresentaziorik garrantzitsuena baserria da. Arbolatik fruitua hartzen duen haurra, mendia, euskarari atxikitzen zaizkion aiton-amonak…. ondorengo hamarkadetako filmetan ere euskaltasuna islatzeko behin eta berriz erabiliko diren elementuak agertzen ditu Elortzak.

enbeitia haurra

Baina zehatzago, Elortzak hiru ezaugarri aukeratzen ditu aberria zer den esplikatzeko. Hala dio, dokumentalaren hasieran, off ahotsaren bitartez:

Aberria zer dan inok ezin deike esan, ze bakotxak daroa bere aberria bihotz barrenian. Niretzako aberria hasten da aittite ta amamaren ondoan, neure lehenengo hitzekin, geure hizkuntzan. Euskaraz. Txistuaren hotsa mendibarretan, aurreskulariaren oinkadak geure zelaietan eta bertsolariaren goi argia baserriko zuhaitzartetan.”

Euskara, Dantza eta Bertsoa izango dira, beraz, Euskal Herriaren errepresentazioa film honetan. Eta hala, hiru kapitulu bailiran, banan-banan ikusten ditugu, baserri-irudi ederrekin nahastuta. Victor Olaeta dantzari ezagunak mendian dantzatutako aurreskuaren ostean heltzen da bertsoaren txanda.

Lehenik Balendin Enbeita ikusten dugu lanean, idi batekin baserritik ateratzen. Alboan darama, laguntzaile, bere semea. Jon Enbeita da, oraindik praka motxetan. Ondoren Jon Lopategi gaztetxoa ikusiko dugu, hau ere lanean, belar biltzen, eta momentu batetik aurrera, bi bertsolariak batuko dira, idi-gurdiari tiraka, Enbeita haurra atzetik dutela. Kamararen aurrean jarrita, bakoitzak bertso bina botako ditu. Lehen biak hauexek:

Lopategi

Nire begiak ernari dagoz

hara ta hona begira,

oraintxe doaz ibarretara

oraintxe barriz mendira.

Haize gozua egun hontako

eguzkiaren dizdira

zeruan dagozan grazi guztiak

jatorkuz Euskal Herrira.

lopategi kantuan

Enbeita

Euskal Herriak beragaz ditu

hamaikatxo mendi edar

Gorbeia, Aizkorri eta Ernio

Urbasa eta Aralar

Aurreko zaharrak honeek zainduten

ibili ziran su ta gar,

guk bere bardin maite badoguz

zaintzen egin daigun indar.

Ageri denez, filmean nagusi den Euskal Herriarekiko ideiari segitzen diote bertsolariek; mendiak aipatzen dituzte, natura… Eta bitartean, kamarak baserri eta haranetako irudiak erakusten dizkigu. Hurrengo bertsoan, berriz, Lopategik horrela bukatuko du;Euskara bada euskaldunentzat /jaunak amatzat emona / euskotar ona ez da izango / euskaraz ez dakiana.”

Filma, baserrira itzultzen diren aiton-amonekin amaitzen da. Esan dugu lehen, euskara maiz errepresentatu izan dela ama edo amama bezala. Baserria berriz, (Etxea) Euskal Herriaren metafora ezagunenetakoa dugu. Elortzaren filmaren azken puntua, beraz, Euskal Herrian euskaraz bezala uler liteke?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s