2005etik atzeraka begiratzea nahiko zaila da euskarazko zinemari dagokionez. Aupa Etxebeste izan zen 12 urteko hutsunearen ondoren euskaraz egin zen lehenengo filma. Nolabaiteko oihartzuna lortu zuen 71.972 ikuslerekin, 341.504,88€-ko errekaudazioarekin eta jasotako sariekin. Mugarri bati sarrera eman zion, honen sorreratik aurrera euskal produkzioak erregularki ematen hasi baitziren. Hala ere, ikusle kopuruari erreparatuz gero, hauxe izan da orain arte arrakastatsuena. Ondoren egindako produkzioetan kontsumoak ez baitu gora egin.
Zinema proiektu batek komunikatzeko gaitasunak edukitzea ezinbestekoa da eta azken hamarkadako euskal zinearen komunikazioaren balantze bat egitea beharrezkoa da. Hau da, euskal zinea zein ezaugarrien arabera iritsi den jendearengana, zein izan diren hau promozionatzeko erabili diren baliabideak eta hauetariko bakoitzean bidali den mezua zer nolakoa izan den. Honen komunikaziora jo nahi da. Izan ere, esparru hau ez da akademikoki aztertu eta ikus-entzunezko sektore honen biziraupenerako beharrezkoa da promozio eta komunikazio prozesu eraginkor baten erreferentzia izatea.
Aupa Etxebeste aztertuko dugu. Batetik, promozio prozesuan martxan jarritako baliabideen edukien analisia egingo da: filma aztertu, web orrialdea, zinemaldiak, festibalak, sare sozialak, zirkuitu komertzialetik kanpo egindakoak… Iturri hemerografikoak ere erabiliko dira. Bestetik, zenbait euskal produkzioen promozioa aurrera eraman duten arduradunei elkarrizketa sakonak egingo zaizkie, errealitatearen ezaguera sakon eta zehatzena lortu ahal izateko.
Euskarazko filmen promozio prozesua nolakoa izan den aztertu nahi da, marketin estrategietatik hasi eta diskurtso komunikatibora iritsi arte. Ikerketa honek daukan aspekturik interesgarriena, gizartean eta zehazkiago zine-industrian izan dezakeen inpaktua da. Hau da, euskal filmak promozionatzeko orduan zerk funtzionatu duen, zerk ez argitzen saiatuko da, etorkizunerako bideragarriak izango diren promozio prozesuak planteatuko direlarik.
IRUÑEAN, EUSKAL ZINEMA ORAINDIK LOZORROTIK IRATZARRI GABE
(Uste dut gaiarekin loturik dagoela, eta hemen botako dut)
Hemerotekan ezin izan dut egiaztatu, baina, oker ez banago, Iruñean estreinatu dira “Aupa Etxebeste”, “Eguberri on, amona”, “Gartxot” eta haurrentzako filmak, baina ez, ordea, “Dragoi ehiztaria”, “Bypass”, eta euskarara bikoiztutako “Chef”. Bai, bai, barkatu!! Estreinatu dira… erdaraz. (Oker banago zuzendu, baina nik euskaraz ikusi nahi nituen eta Iruñeko karteleran ez nituen topatu). “Pura vida – the bridge” filmak (Iñaki Ochoa de Olza mendizaleari buruzkoa) izugarrizko arrakasta izan zuen, baina erdarazko azpitituluekin bakarrik estreinatu zen, eta iragarkia ikusita bazirudien euskarazko azpitituluak ere eginda zeudela.
Zergatik da hori horrela? Arrazoi batzuk bururatzen zaizkit, zinemaren mundua batere ezagutu gabe:
– Banatzaileek Iruñean banatzeko interesik ez izatea, kopia gutxi izateagatik edo…
– Edo, seguraski egiaz gertatu dena: Iruñeko zinema aretoek, aurreko esperientziak ikusita, pentsatu dute euskarazko emanaldietara ez dela inor joanen eta, dirurik ez galtzeko, erabaki dute euskarazko bertsiorik ez jartzea.
Hori hala izan bada, zergatik joan da jende gutxi aurreko euskarazko filmak ikustera? Beharbada honengatik:
– Euskara batere normalizatua ez egoteagatik –bai, badakit ez dudala penizilina aurkitu–.
– Promozio faltagatik: gure amak “Chef” ikusi du, erdaraz, eta ez zekien euskarara bikoiztu zenik ere. Bestalde, zinema aretoetako euskarazko estreinaldiak ez dira iragartzen ez Iruñerriko AEK-k bidaltzen duen euskarazko ekitaldien agendan, ez Karrikiri euskara elkarteak prestatzen duen agendan… Eta horrek, seguraski, eraginen du Euskalerria irratiak ere oihartzunik ez egitea…
– Aurretik euskaraz estreinatutako film batzuk oso komertzialak ez izateagatik? “Gartxot” harribitxia iruditu zait, baina ez da batere komertziala. Zinema aretoek, hori ikusita, beharbada esanen zuten: “Bypass euskaraz eman? Berriz ere inor etor ez dadin?”.
– Zinema aretoen eta guraso batzuen eskema okerrak. Euskarazko filma = haurrentzako filma. Eta, jakina, euskarazko marrazki bizidunetako filma = dudarik gabe haurrentzako filma. Jar dezagun “Gartxot”, adibidez, 17:30eko emanaldian. Uste dut zenbaitetan horrela jokatu izan dela.
Horren aurrean zer egin?
Beharbada egin liteke euskarazko filmak astebetez bakarrik eduki, promozio handiagoarekin: sistematikoki aipatu euskarazko ekitaldien agendetan, Euskalerria irratian, beharbada baita ikastetxeetan ere… Horrela ohitura hartuko genuke. Dagokienek promozioa egiteko, eta ikusleek ikusteko.
Bestela, “filmin.es” eta horrelako plataformetan ikustearekin konformatu beharko dugu, eta horrek bestelako promozio eta ohitura batzuk eskatzen ditu. (Bidenabar, filmin.es webgunean egin daiteke hizkuntzaren araberako bilaketarik?)
Eta bestela, ez du inporta! Itxoin pixka bat, eta laster emanen dute, merke edo dohainik, euskara elkarte batean, kultur etxe batean edo ETBn berean!