Euskal zinea: teoriatik praktikara… azkenean ere

Eztabaida pasa den mendeko 60ko hamarkadan piztu zen, eta trantsizioarekin batera areagotu. Nola bultzatu euskal zinemagintza? Zer behar zuen film batek euskal etiketa eskuratzeko? Nola erabili zinea euskal nazioa eraikitzeko?

Iritzi korronte batek oso argi zuen: «Euskal zinema euskaraz da… edo ez da» aldarrikatzen zuen adibidez Antton Ezeiza zenak behin eta berriz.

Baina eztabaida goiztiar horrek nekez gainditzen zuen esparru teorikoa: jardunaldi, zine-klub, aldizkari eta zinemaldietan ematen zen energia handiz, baina ez zuen pantailetara salto ematen, salbuespenak salbuespen.

ikuska-17

Salbuespen horien artean goiztiarrena Gotzon Elorza dugu, zinemagile paristartua, 50eko hamarkadaren amaieratik euskarazko dokumental laburrak egiteari ekin ziona. Edo Antton Ezeiza bera, berak sustatuko Ikuska sailarekin –Euskal Herriko errealitatea erakusteko dokumental laburren saila– euskarazko zinemagintzaren oinarriak ezarri nahi izan zituena, Javier Agirresarobe, Montxo Armendariz, Pedro Olea edo Imanol Uribe zinemagileen eskola ere bihurtu zena. Bi aitzindari hauen helburua argia zen: euskara zineman sarraraztea, euskal zinema nazional baten oinarriak ezarriz.

Errealitateak, ordea, bere baldintzak inposatu zituen, eta Euskal Herrian zine komertzial eta arrakastatsua egiten hasi zen heinean –La fuga de Segovia, La muerte de Mikel, Tasio… – euskara baztertuta geratuz joan zen gazteleraren mesedetan.

muertemikel

Euskara iraupen ertaineko filmetarako geratzen zen, zine-areto komertzialetara ailegatu gabe: ETBk egindako hiru literatur-adaptazioak –Hamaseigarrenean Aidanez, Zergatik, panpox eta Ehun Metro– eta J.L. Bakedanoren Oraingoz Izen Gabe, esate baterako.

Euskararen aldeko bestelako saiakerak ere egongo dira 80 eta 90eko hamarkaden artean, amateurismo eta publikoaren harrera hotzaren artean borrokatuko direnak: Erreporteroak (Iñaki Aizpuru, 1983), Kareletik (Anjel Lertxundi, 1987), Offeko maitasunak (Koldo Izagirre, 1992)… Eta baita ahalegin esanguratsuagoak ere: Ke arteko egunak (Antton Ezeiza, 1990) eta Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1993) kasu, zoritxarrez salbuespen moduan bizi direnak Euskal Herrian egindako zinematografiaren historian.

urte_ilunak

Eta hain zuzen ere urte ilunak etorri ziren Lazkanoren pelikularen ostean euskarazko zinemagintzara. Ilunak, edo hutsak. 2005. urtera arte ez baitzen euskara itzuli pantaila handira.

Baina itzuli denean, indarrarekin egin du. Alde batetik, euskal zinea zer den eztabaida amaiezinetik libre –euskal zinea da literalki, euskaraz egiten baita– eta baita trantsizio garaiko derrigorrezko karga ideologikoaz harago ere.

Urte-berri-on-Amona

2002an UEUko ikastaro batean aurkeztutako Urrats bat euskal zinemaren alde aldakarrikapenaren bitartez Eneko Olasagasti, Asier Altuna eta Koldo Almandoz zinemagileek euskarazko zinea sustatzeko laguntza eskatzen zioten administrazioari. Eneko Olasagastik horrela azaltzen zuen beharrizan hau Euskaldunon Egunkarian, uda horretan bertan:

Nola hitz egin  ez denaz (…), gure historia  eta ikuspuntuak irudiz eta euskaraz kontatzeari uko egiten badiogu, etorkizun iluna izatera kondenatuta gaude, erabat beltza ez esateagatik.

Hamar urte beranduago, gure historia eta ikuspuntuak irudiz eta euskaraz kontatzeko ahaleginak bere fruituak eman ditu. Euskal zinemak adierazle hutsa izateari utzi dio. Praktika egon badago, hor daude emaitzak, zine-aretoetan, DVDtan eta interneten aurkitu ditzakegu euskal pelikulak. Zilegi da beraz euskal zinemaren inguruan teorizatzea, eztabaidatzea eta blogeatzea. Eta eztabaidak ez dezala, iraganean bezala, praktika oztopatu.

Erreferentziak:

de Pablo, Santiago (2012). The Basque Nation On-Screen: Cinema, Nationalism, and Political Violence. Reno: CBS University of Nevada.

Rodríguez, Fito (2004) “Euskal Zinema: ikusezina izatetik ikusgarria izaterako bidean”. Jakin, iraila-urria 2004. 144 zenbakia, 11-40.

Roldán Larreta, Carlos (1996). “Euskara y cine: una relación conflictiva”. Fontes Linguae Vasconum, nº 71, 163-176.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s